Ilustrazio kontzeptuala, klase ertaina arriskuan irudikatzen duena. DALL·Erekin sorturiko irudia | EnpresaBIDEA

EKONOMIA

Klase ertaina arriskuan?

Klase ertain kontzeptuak klase sozialari egiten dio erreferentzia. Haien maila sozioekonomikoa klase baxu eta klase altukoen artean duen populazioa litzateke

Klase ertainaren kontzeptuak bilakaera handia izan du XVIII. mendetik gaur egunera arte. Herrialdeen garapen ekonomiarekin batera kontzeptua aldatuz joan da. Erdi Aroan eta Aro Modernoan klase ertaina nobleziatik eta herri xeheatik kanpo geratzen zen taldeari egiten zion erreferentzia. Alabaina, kontzeptuaren sortzea XVIII. mendean eman zela esan daiteke.

Garai hartan klase ertaina ageriagoa egin zen klase sozialen banaketa nabarmenagoaren ondorioz. Banaketa hori eman zen autoritateak, dirua eta lanak hartu zuten garrantziarekin batera. Erlijioak, hezkuntzak eta kulturak ere talde sozialen desberdinketa sakonagoa ekarri zuen, eta klase ertaina nabarmenduz hasi zen. Hasiera batean, klase ertaineko kideak lur-jabe burges zaharrak ziren, aberats eta noblezia baxukoak; industrian edo merkataritzan gailentzen hasi ziren, izaten ari ziren arrakastagatik.

Iraultza liberalei esker eman zen hasiera bateko klase ertainaren agerpena. Horri esker, Ingalaterran kasu, monarkia ahuldu eta aristokraziak burgesiaren aldeko jarrera aldatu egin zuen, zeinak Parlamentuan sartu eta boterea egiten hasi ziren. Parlamentutik erreforma ekonomiko eta sozialak bultzatzen hasi ziren burgesak lur-sailen eskuragarritasuna lortzeko. Aldi berean merkataritzaren garapen nabarmena ematen ari zen. Horrek merkataritzako langileez, lur-jabe txiki, arkitekto edo idazleez osatutako talde sozial gero eta handiago baten agerpena ekarri zuen.

Klase sozial berria XVIII. mendean garatuz joan zen herrialdeen industrializazioarekin, klase ertainaren sorrerarekin guztiz lotuta dagoen prozesuarekin batera. Aldaketa sozioekonomikoek Industria Iraultza erraztu zuten. Klase ertain berriak talde kultura bereganatu zuen esfortzu pertsonal, lana eta apaltasunarekin batera.

Egun zer da klase ertaina?

Egun klase ertaina kontzeptuak erreferentzia egiten dio balio partekatuak, egonkortasun finantzario handi samarra eta bizi-kalitate ona duen populazioari, ekonomikoki aurreratuagoak diren herrialdeetan izaten direnak bereziki. Bizimodu eroso bat bizitzeko gai den gizataldea da klase ertaina, etxebizitza eskuragarritasuna, aisialdia gozatzeko eta osasun zerbitzua izateko aukera duena. Gainera, gaitasuna du hezkuntza-maila jakin bat eta gizalegezko jubilazioa izateko, eta ustekabeko gastu ekonomikoei aurre egiteko.

Datu objektiboetara joz, klase ertaina kontsumo ohitura edo errenta mailarekin defini daiteke. Esaterako, OCDEk egiten dituen ikerketetan klase ertaina identifikatzeko errenta maila erabili ohi du. Kontsumo ohiturak edo diru-sarrerak klasearen sailkapena egiteko erabiltzen dituzten ikerketak ere badira; horiek atalase-mailak erabiltzen dituzte ondoren herrialdeen arteko konparaketak egiteko. Adibidez, kontsumo ohiturei dagokionez, eguneko 11 eta 110 dolar bitarteko gastua egiten duten pertsonak klase ertaintzat jotzen dira ekonomia emergenteetan. Ekonomia aurreratuagoetan, aldiz, 11 dolar azpiko atalase-maila klase baxuko taldean sartzen da.

Ekonomia emergenteetan eguneko 11-110 dolarreko gastua egiten duten pertsonak klase ertaintzat jotzen dira. Ekonomia aurreratuagoetan, aldiz, 11 dolar azpiko atalase-maila klase baxuko taldean sartzen da

Errenta mailari dagokionez, 30-60 pertzentilean dauden familiak jotzen dira klase ertaintzat. Metodologia horrekin, beraz, gizartearen herena kontsideratzen da klase ertaina. Alabaina, ezin da horren bilakaera nolakoa den aztertu, beti kontsideratuko baita gizartearen ehuneko berdina klase ertainekoa. OCDEk, ordea, muga hori gainditu zuen: errenta medianaren %75 eta %200 artean duten errentak kontsideratzen dira klase ertain.

Hego Euskal Herriko biztanleen zenbatek osatzen dute klase ertaina?

Autonomia erkidego bakoitzean atalase-maila ezberdinak daude, lurralde bakoitzeko batez besteko diru-sarrera desberdinak direla eta. Izan ere, autonomia erkidego bakoitzean errenta tarte ezberdinak egotearen zergatia lurralde bakoitzean klase ertain izateko beharrezko errenta desberdinak dira.

EAEn, 2019 urtean, klase ertaineko populazioaren diru sarrera 14.400 eta 38.400 euro tartekoa izan zen, 23.100 euroko batez bestekoarekin; Nafarroan, berriz, 14.600 eta 39.000 euro tartekoa, 22.000 euroko batez bestekoarekin. Espainiar estatua bere osotasunean hartuz, 11.200 eta 29.900 euro tartekoa izan zen, 18.100 euroko batez bestekoarekin. Horrek honakoa suposatzen du: 2019 urtean EAEn gizartearen %60 klase ertaina zen, Nafarroan %71,6 eta Espainiar estatuan %59,3. Nafarroakoa espainia barneko tasa altuena izan zen.

2019 urtean EAEn gizartearen %60 klase ertaina zen eta Nafarroan %71,6

Hezkuntza-maila oso ezberdinak nabari daitezke klase mailaren arabera. Klase ertaineko etxebizitzetako familiburuen %32k goi-mailako ikasketak ditu. Ehuneko horrek klase baxukoen ehunekoa bikoizten du. Klase altukoen ehunekoa, berriz, %68koa da. Beraz, hori horrela, esan daiteke formakuntza are altuagoa izan orduan eta ekonomikoki egoera hobeagoa izango dela. Giza kapitala handiagoa izan, orduan eta hazkunde ekonomiko handiagoa. Honexegatik, klase ertainak hezkuntzan inbertitzeko joera handia ikus daiteke.

Klase ertainaren pertzepzioaren eragina

Kontzeptuaren inguruan, baina, interpretazioak askotarikoak izaten dira, besteak beste halako termino bat definitzeko diren zailtasunengatik. Agian horregatik klase ertain izatearen inguruan dagoen pertzepzioan akatsak gertatu ohi dira. OCDEren arabera ekonomikoki garatuago dauden herrialdeetan klase ertaintzat jotzen dute euren burua, orokorrean, benetan klase ertain direnak baino pertsona gehiagok. CISek egiten dituen inkesten jasotzen denez, Espainia mailan, inkestatu gehienak klase ertaintzat jotzen dute euren burua kalkuluen arabera: 2021 urteko emaitzen arabera, inkestatuen %48,1 klase ertain bezala definitu zen, %18 klase ertain-baxua, %8,9 langile klasea, %8,8 klase baxu-pobrea eta %8,3 klase altu edota ertain-altua.

OCDEren arabera ekonomikoki garatuago dauden herrialdeetan klase ertaintzat jotzen dute euren burua, orokorrean, benetan klase ertain direnak baino pertsona gehiago

Badirudi norberaren inguruko pertzeptzio-alborapen bat dagoela, klase ertaina goratzen duena. Klase ertaina izatea integrazio maila altuak ematen dizkio norbanakoari eta klase baxukoagoa izateak berriz, mugak jartzen ditu. Klase baxuko bezala identifikatzea gutxiespen sentimendua ekar dezake.

Etorkizunera begira, baina, langileak soldata eta lan espektatiba txarragoak izango dituzte. Horrek bizi-baldintzen kaxkartzea ekarriko du. Klase ertaina matendu egingo da, baina bizi baldintza txarragoekin. Hori da 2008ko krisiak ekarri zuena: klase ertaina aurrekoak baino okerrago biziko da. Alabaina, beste egoera bat eman daiteke. Soldata guztiak jaitsiko balira, batezbesteko soldata jaitsi egingo litzateke eta klase ertaina bere horretan geratuko litzake edo handiago egingo litzake. Hala, ordea, klase ertain hori okerrago biziko litzateke.

Klase ertain handiagoa duten herrialdeak konfiantza, interes politiko, harreman sozial maila handiagoak eta krimen kopuru baxuagoak izaten dituzte

Gizarte mailan, bestalde, esan behar da klase ertain handiagoa duten herrialdeak konfiantza, interes politiko, harreman sozial maila handiagoak eta krimen kopuru baxuagoak izaten dituztela. Egun, ordea, klase ertain handiagoak ez du gogobetetze pertsonalean eraginik. Klase ertainekoa izatea ez da pozik bizitzearen bermea. Hainbat autorek klase ertainekoen ezinegonaren handitzea azpimarratzen dute egungo ziurgabetasun handien aurrean.