2023ko azaroan erregaien prezioak behera egin zuen | Argazkia: iStock

EKONOMIA

KPIa sei hamarren hazi da azaroan eta %2,4an kokatu da

2025eko pentsioak %2,8 handituko dira, 2023ko abendutik 2024ko azarora %2,8koa izan baita KPIaren batezbestekoa

INEk argitaratuko azken datuen arabera, inflazioak gora egin du berriro ere azaroan. Irailean %2tik jaitsi ostean (%1,5ean kokatu zen), urrian %1,8ra igo zen eta azken hilabetean EBrentzat erreferentzia den langa gainditu du, %2,4ean kokatu delarik urte arte tasa. Hots, bizitza orain urtebete baino %2,4 garestiagoa da gaur. Argindarraren eta erregaien garestitzeak eragin du prezioen gorakada, iazko azaroan hauen prezioak merkatu egin baitziren.

Azaroko datua jakinda, azken urteko batez besteko KPIa %2,8koa da, zeina 2025eko pentsioen igoeren erreferentzia den. Igoera horrek, gutxi gorabehera, urtean 600 euro gehiago emango dizkie batez besteko erretiro pentsioa duten pertsonei, eta sistemaren batez besteko pentsioak 500 euro inguru igoko dira urtean. Azken urteko batez besteko inflazio hori iaz baino puntu bat txikiagoa da, eta 2022koa baino ia hiru aldiz txikiagoa.

Azpiko inflazioak erosketa saskian hegazkortasun handiena duten produktu eta zerbitzuak ez ditu kontuan hartzen, hau da, energia eta elikagai freskoak, eta jaisten jarraitu du azaroanw, %2,4raino urte arteko kalkuluan, eta apur bat hazi da (%0,1) hileko tasan.