EAEko gutxieneko soldata igotzeko eskatu dio LABek Confebaski
Hamalau pagatako 1.600 euroko soldata funtsezkoa dela dio sindikatuak, eta hori hala izateko patronalak duen ardura azpimarratu du
LABek dei egin dio Confebaski EAEko gutxieneko soldata igotzeko lan egitera. Sindikatuak azpimarratu du patronalaren ardura dela EAEko langileen soldata hobetzeko akordioa egitea. Eusko Jaurlaritzaren ardura ere nabarmendu du, haien ustetan “Jaurlaritzari dagokiolako patronalari honelako akordio baten alde egin dezan eskatzea”, eta “epe ertainean, gutxieneko soldataren eskumena bereganatzeko lan egitea”.
LABek 1.600 euro gordin eta hamalau pagako soldata ezinbestekoa dela azaldu du. Sindikatuak eman dituen datuen arabera, gutxienez 210.000 langile daude EAEn zifra hori baino gutxiago kobratzen ari direnak, eta zehaztu dute langile horietako hamarretik sei emakumeak direla. Gehitu dute akordio hori beteko balitz emakumeen %28aren eta gazteen %42aren soldata igoko litzatekeela, eta hortaz, soldata igoeraz gain “soldata arrakalak murrizteari bide emango lioke”.
Azpimarratu dute akordioa posible dela juridikoki, eta enpresek ere badutela ahalmena langile prekarizatuen soldata igotzeko, “aberastasun nahikoa badagoelako”. Sindikatuak adierazi du akordioa aurrera eramateko langileak mobilizatuko dituela, bestelako indar sindikalei bat egiteko eskatuko diela, baita negoziazio markoak bilatzen jarraituko duela ere.