Argazkia: Europa Press

EKONOMIA

LAB, Steilas, ELA eta CCOOk 12 greba egun deitu dituzte hezkuntza publikoan

Lan kargak arintzea, erretiro adina aurreratzea, erosahalmena berreskuratzea eta lan osasuna eta euskara bermatzea eskatu dute lau sindikatuek

LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek 12 greba egun erregistratu dituzte. Urtarrilean eta otsailean egingo dituzte lanuzteak unibertsitatez kanpoko Hezkuntza Publikoan eta Euskal Autonomia Erkidegoko garbiketa eta sukaldeko langileen artean.

Hezkuntza arloko langileen lan baldintzak hobetzea eta baldintza horiek EAEn erabakitzea du helburu greba deialdiak, eta Jaurlaritzaren Hezkuntza sailari eskatu diote lan hitzarmenak berritzea eta diru publiko gehiago bideratzea hezkuntza publikora.

Halaber, lan kargak arintzea, erretiro adina aurreratzea, erosahalmena berreskuratzea eta lan osasuna eta euskara bermatzea ere eskatu dute lau sindikatuek. Hezkuntza sail berria izan arren, lan baldintzek okerrera egiten jarraitzen dutela ere adierazi dute, eta irakasleen hitzarmen kolektiboak 2010etik ez direla berritu gogoratu dute, besteak beste.

Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko irakasleek urtarrilaren 22 eta 23an eta otsailaren 26 eta 27an egingo dute greba, Haurreskolak Partzuergoko langileek, urtarrilak 28 eta 29 eta otsailak 12 eta 13 eta garbiketa eta sukaldeko langileek urtarrilaren 30 eta 31n eta otsailaren 19 eta 20an.