Argazkia: iStock

EKONOMIA

Laborariek EBko egoitzaren aurrean egin dituzte protestak

Bruselako erdigunean sartu dira ia 1.000 traktore, eta istiluak izan dira poliziarekin. EBko nekazaritza ministroek bilera egin dute, laborarien haserrea baretzeko asmoz

Bruselan bildu dira Europako Batasuneko Nekazaritza ministroak gaur goizean. Nekazarien haserreak baretzeko asmoz, hainbat neurri malgutzea aztertzen ari dira. Bilera hori probestuz, 1.000 traktore inguru sartu dira hiriko erdigunera eta trafikoa trabatu dute.

Otsailaren 1ean antzeko mobilizazio bat egin zuten laborariek. Orain ere aldarri berekin izan dira Bruselan. Zama burokratikoak arintzeko eskatzen dute. Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) laguntza jaso ahal izateko, Europako Batasuneko laborariek ingurumena babesteko hainbat arau bete behar dituzte. Arau horiek, ordea, karga burokratiko handiak dakartza laborarientzat.

Nekazariek gurpilak eta beste zenbait material erre dituzte, eta istiluak izan dira poliziarekin. Rue de la roi hiribidea erabat blokeatu dute, eta arrautzak eta laranjak bota dituzte Europako Kontseiluaren egoitzare aurka.

Europako Batzordeak egindako hainbat proposamen izan dituzte mahai gainean EBko Nekazaritza ministroek. Nekazarien gaineko kontrolak txikitzea aztertuko dute, besteak beste, baita dokumentazio gutxiago bete behar izateko aukerak ikertu ere.