Ekonomistak 2023 Saria lortu zuen Gureak taldeak | Argazkia: Ekonomistak

EKONOMIA

Lan absentismoa eta etxebizitzen erronka landuko dira Ekonomistak Pro foroan, besteak beste

Xabier Sagredo Ormazak irabazi du Ekonomistak 2024 saria, eta urriaren 15ean, ekitaldian bertan, jasoko du saria

Ekonomistak Pro 2024 foroa antolatu dute Ekonomisten Euskal Elkargoak eta EHUk, eta datorren urriaren 15ean egingo da. Hainbat arloetako gaiak eztabaidatuko dira, esaterako, lanaren, zergen, finantzen eta marketinaren arlokoak. Sail guztietako aditu eta profesionalek hartuko dute parte, bai hitzaldi formatuan baita mahai-inguru formatuan ere.

Antolatzaileek bi saio espezifiko azpimarratu dituzte. Bata, goizeko saioko lan absentismoari buruzko mahai-ingurua, Confebaskeko, CNT sindikatuko eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionaleko ordezkariekin; bigarrena, arratsaldean egingo den "Erronkak eta aukerak etxebizitza eskuragarrien alokairuan" izeneko jardunaldia, Mikel Echavarren Pablos Espainiako eta Portugalgo Collierseko eta CEOko presidentearen eta Christian Schantil Vienako etxebizitza publikoko enpresako Nazioarteko Harremanen buruaren eskutik.

Ekonomistak Saria 2024 banatuko dela ere gogorarazi dute. Urtero esleitzen duten saria, aurten Xabier Sagredo Ormaza BBK Fundazioko Lehendakari Exekutiboari emango zaio. Elkargoak adierazi du saridun hautatu dutela "Kutxabanken gizarte ongizateari eta lurralde-sustraitzeari egindako ekarpena aitortzeko, Garapen Iraunkorreko Helburuekin bat datorren lehiakortasun iraunkorreko eredu bat bultzatuz".