Patronalak absentismoaren inguruan duen diskurtsoa "ez erosteko" ere eskatu du LABek | Argazkia: Irekia

EKONOMIA

Lan istripu eta heriotzak murrizteko politikak egitea eskatu dio LABek Jaurlaritzari

Enpleguaren kalitatea hobetzea eta gutxieneko soldata 1.600 eurotan ezartzea eskatu dio sindikatuak Mikel Torres lehendakariordeari

Mikel Torres Jaurlaritzako lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak sindikatuekin eta gizarte eragileekin hitzartuko bilera errondari ekin dio. LABekin egin du lehen bilera gaur goizean, eta sindikatuaren eskaerak entzun ditu.

Torresekin batera, Elena Perez Barredo, Alfonso Gurpegui eta Iñaki Ruiz sailburuordeak izan dira, eta LABen ordezkari bezala, Garbiñe Aranburu koordinatzaile nagusia eta Oihana Lopetegi Ekintza Sindikaleko arduraduna. Sindikatua elkarrizketarako prest dela azaldu dute bi ordezkariek, baina borroka sindikala alde batera utzi gabe.

Besteak beste, enpleguaren kalitatea hobetzea, soldata duinak ezartzea, gutxieneko soldata 1.600 eurotara igotzea eta lanaldia murriztea eskatu du LABek. Era berean, lan istripu eta heriotzak murrizteko politikak egitea eskatu diote Jaurlaritzari. Izan ere, euren hitzetan, “onartezina” da lanean hiltzen den langile kopurua.

LABeko arduradunek egoera "prekarioenean" dauden langileen baldintzak hobetu behar direla nabarmendu dute, etxeko langileak aipatuz, "beren lan baldintzak arautzen dituen hitzarmenik ere ez dutelako". Halaber, patronalak absentismoaren inguruan duen diskurtsoa "ez erosteko" ere eskatu diote sailburuari.

Bilera ostean azaldu dutenez, "laneko arrazakeria, eta horrekin lotuta gertatzen diren abusuak nahiz langile migratzaileen babesgabetasun egoerak” ere izan dituzte hizpide bileran.