CCOO Euskadiren manifestazio bat | Argazkia: CCOO Euskadi

EKONOMIA

Langile bat hil da Alaves-Baskoniaren egoitza eraikitzeko lanetan

Osalanek ikerketa abiarazi du istripua argitzeko helburuarekin

Langile bat hil da Gasteizen lan istripua izan ondoren. Alaves-Baskoniaren egoitza eraikitzeko lanetan ari zen behargina, lurra berdintzen, hondeamakinak harrapatu duenean. Taldeak kanpo enpresa kontratatu zuen indusketa prozesua eta lurra mugitzeko lanak egiteko. CCOOk adierazi duenez, hildakoak Excavaciones Mendiolarentzat egiten zuen lan.

Alaves-Baskoniak adierazi duenez, istripua “kanpoaldean gertatu da, toki guztiz ireki batean”. Bide batez, dolumina adierazi diote 51 urte zituen gizonaren familia, lagun eta lankideei. Ikerketa abiarazi dute “intzidentzia nola gertatu den argitzeko”. Osalanek hartu du ikerketa hori egiteko ardura.

Iaz, LAB sindikatuaren arabera, 63 pertsona hil ziren lan istripu baten ondorioz. Gasteizkoa izan da 2025. urteko lehen kasua.