Lanaldia 37,5 ordura murrizteko negoziazioei berrekin die Espainiako Gobernuak
Urtea amaitzerako akordioa lortzea espero du Diazen ministerioak, eta patronalaren betorik ez duela onartuko ohartarazi du
Asteko lanaldia 40 ordutik 37,5era murrizteko negoziazioei ekin diete berriro Espainiako Gobernuak, patronalak eta sindikatuek. Lan eta Ekonomia Sozialerako Ministerioak uztailerako ebatzi nahi zuen gaia, baina negoziazioak luzatu dira, eta gaur hitzartu dira berriro ere. CCOO eta UGT sindikatuak ados daude proposatutako jardunaldi murrizketarekin, baina CEOEk ez du begi onez ikusten. Gobernuak urte amaierarako akordioa erdiestea espero du eta ohartarazi du ez duela patronalaren betorik onartuko.
Gaurko bileran Yolanda Diazen ministerioak, lan astea murriztea sustatzeko asmoz, enpresa txiki eta ertainei kontratazioetan hobariak eskainiko dizkiela azaldu du. Bilera ostean, agerraldia egin du Joaquin Perez Rey Estatuko Laneko estatu idazkariak, eta proposamen berriari ekarpenak egiteko aukera eman die gizarte eragileei.
Sindikatuek eta patronalek gaurko bileran erantzun behar zuten uztailean Lan Ministerioak egindako azken eskaintzari. Ministerioaren helburua zen lanaldiĀ murrizketa bi epetan egitea: 38,5 ordura aurten, eta 37,5era 2025ean. "Lanaldia murriztuta, langileen produktibitatea eta ongizatea hobetzeaz gain, enplegua sortuko dugu", azaldu du Perez Reyek.