Langile talde bat, bulego baten lanean | Argazkia: Europa Press

EKONOMIA

Urte artean %2 hazi da landun kopurua EAEn

4.500 landun gehiago daude eta 3.400 langabe gutxiago

EAEn hirugarren hiruhilekoan 4.500 landun gehiago daude (orotara, 997.100) bigarren hiruhilekoan baino, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak eskainitako datuen arabera. Langabeak 3.400 gutxiago dira (orotara, 76.700). Datu horiek 1985. urteaz geroztik onenak izan dira. Hala, langabezia-tasa EAEn %7,1ekoa da hirugarren hiruhilekoan, bigarren hiruhilekoan baino %0,4 txikiagoa.

Lurraldeka, eta hirugarren hiruhilekoa bigarrenarekin alderatuta, Bizkaian eta Gipuzkoan langile gehiago daude, 3.900 eta 2.500, hurrenez hurren. Araban, ordea, landun kopuruak behera egin du, 2.000 pertsona gutxiagorekin.

Orokorrean, hazkunderako joera izan dute sektoreka langile kopuruek:  zerbitzuetan lan egiten duten pertsonak %0,4 gehiago izan dira, eraikuntzakoak %2,4 eta industriakoak %0,4. Lehen sektoreko landun kopurua, ostera, txikiagoa izan da bigarren hiruhilekoan baino (%7,4).

Urte arteko datuak erreparatuta, 2023ko hirugarren hiruhilekoaren aldean landunen kopurua %2 hazi da, 19.300 pertsona gehiago, alegia. Horietatik 14.300 langile zerbitzuen sektorean hasi dira lanean, 5.800 industrian eta 200 lehen sektorean; eraikuntzako landunen kopurua, kontrara, 1.000 pertsonatan txikitu da. Langabezia-tasa, iazko aldi berean, %7,7koa zen. Egun %7,1ekoa da, eta horrek esan nahi du 4.500 langabe gutxiago daudela EAEn.