Langabe kopuruak apur bat gora egin du Nafarroan eta behera EAEn
Urrian baino 95 langabe gehiago daude Nafarroan eta 603 gutxiago EAEn. Afiliatu kopuruak gora egin du eta denera 1.335.054 afiliatu daude Hego Euskal Herrian
Nafarroan, urrian baino 95 langabe gehiago zenbatu dira azaroan, Euskal Autonomia Erkidegoan, aldiz, 603 langabe gutxiago zenbatu dira. Espainiako Gobernuko Lan eta Ekonomia Sozialeko Ministerioak eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako azken datuak dira, eta horien arabera, 138.077 pertsona daude lanik gabe Hego Euskal Herrian gaur egun.
Nafarroan bosgarren hilabetez segidan egin du gora langabe kopuruak. Halaber, 2023ko azaroarekin alderatuta, EAEn jaitsi egin da langabezia (258 langabe gutxiago daude) eta Nafarroan zertxobait igo (23 langabe gehiago daude).
Lurraldeka, Arabak izan du daturik onena, %1,02 egin baitu behera langabezia tasak urriaren aldean; ondoren, Gipuzkoak (% 0,59) eta Bizkaiak (%0,4). Nafarroan, esan bezala, bestelako bilakaera izan du langabeziak, %0,32ko igoerarekin.
Gizarte Segurantzaren afiliazio datuak goranzko joera erakusten dute. 4.599 afiliatu gehiago zenbatu baitira Hego Euskal Herrian azaroan. EAEk abuztuko beherakadaren ondoren, irailean egoera irauli eta milioi bat kotizatzaileen gainetik jarraitzen du, (1.022.898 pertsona), Nafarroan, berriz, 312.156 afiliatu daude. Denera, 1.335.054 afiliatu daude Hego Euskal Herrian.