Argazkia: Eusko Jaurlaritza

EKONOMIA

Langabe kopuruak behera egin du Hego Euskal Herrian

2023ko maiatzean baino 1.086 langabetu gutxiago daude Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan

Espainiako Gobernuko Lan Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailak argitaratu dituzten datuen arabera, EAEn 106.422 langabe zenbatu dira maiatzean enplegu-zerbitzu publikoaren bulegoetan, hau da, aurreko hilean baino 3.131 gutxiago (-%2,86). Nafarroan, aldiz, 29.779 langabetu daude, apirilean baino 462 gutxiago, (-%1,53).

Urte arteko tasari dagokionez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 853 langabe gutxiago daude, 2023ko maiatzean baino %0,8 gutxiago. Nafarroako Foru Erkidegoan, urtebetean langabezia %0,78 murriztu da, eta guztira 233 langabe gutxiago daude.

EAEko hiru lurraldeetan jaitsi egin da langabeen kopurua aurreko hilaren aldean: Araban, 725 langabetu gutxiago zenbatu dira, %3,86 jaitsiera; 1.009 gutxiago Gipuzkoan (-%3,46) eta 1.397 gutxiago Bizkaian (-%2,27). 2023ko maiatzarekin alderatuta, 910 langabe gutxiago daude Araban (-%4,79), 20 pertsona gutxiago Bizkaian (-%0,03) eta 77 langabe gehiago Gipuzkoan (%0,27).

Bestalde, kontratazio berriei dagokionez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sinatutako lau kontratu berritik bat mugagabea izan da. Denera 62.794 kontratu sinatu dira, eta horietatik 14.705, hau da, %23,42 kontratu mugagabeak izan dira. Nafarroako datuei dagokionez, 23.951 kontratu berri zenbatu dira, aurreko urteko hil berean baino %1,16 gutxiago. Horietatik 5.085 kontratu mugagabeak izan ziren, aurreko urteko maiatzean baino %17,53 gutxiago.