Langabeziak % 8,7ra egin du gora EAEn lehen hiruhilekoan
Eustatek dioenez, urtebetean 5.600 landun gehiago zenbatu dira, eta 3.600 langabe gutxiago. Langabezia-tasak, beraz, %0,4 jaitsi da
Lehen hiruhilekoko langabezia- eta landun-tasak ezagutzera eman berri ditu Eustatek. Horien arabera, guztira 92.100 langabe dira Euskal Autonomia Erkidegoan, 2022ko azken hiruhilekotik 2.300 langabe gehiago zenbatu baitira, %0,2 gehiago. Aldiz, 960.800 landun dira, %0,2 —2.100 langile— gutxiago, eta jaitsiera bereziki nabaria izan da emakumeen artean, 1.300 landunekoa, hain zuzen. Lurraldeka begiratuta, aldiz, soilik Araban ikusi da kontrako joera, batez ere okupazioari dagokionez, 2.500 landun gehiago daudelako. Bizkaian izan da beherakada handiena, 4.400ekoa, eta Gipuzkoan 200 landun gutxiago zenbatu dira.
Sektoreka ere badira aldeak: zerbitzuetan hazkundea %0,5ekoa izan da —3.600 landun gehiago—, eta industrian ere hazi da, %0,2 —400 landun gehiago—; lehen sektorean eta eraikuntzan, berriz, %11,8 —1.100 landun— eta %8,5 —5.000 landun— gutxiago zenbatu dira, hurrenez hurren.
Urtebeteko datuek, baina, beste irudi bat utzi dute: 5.600 landun gehiago ditu EAEk, %0,6 hazita. Langabezia %9,1etik %8,7ra jaitsi da, 3.600 langabe gutxiago zenbatu baitira. Hala ere, esan behar da langabeen % 37,8 ez dagoela Lanbiden erregistratua. Zifrak hobetu badira ere, aipatzekoa da hamar etxetik seik pertsona aktibo guztiak dituztela okupatuta, eta 2.500 etxe gehiago direla pertsona aktibo guztiak langabezian dituztenak.