Sakonean
Langileak kontrolatzeko bideokamerak
Printzipioz, langileen intimitatea errespetatuta eta langileak behar bezala informatuta, bideozaintza erabili dezakete enrpesaburuek lan-jarduera kontrolatzeko. Hala ere, salbuespenez, ezkutuko kamerak jartzea onartu du jurisprudentziak
Zuzendaritza-ahalmenari estu loturik, kontrol-ahalmenaren bidez enpresaburuek zaintza- eta kontrol-neurririk ustez egokienak har ditzakete, langileek euren lan-betebehar eta -eginkizunak betetzen dituztela egiaztatzeko. Hori berori ezarri du Langileen Estatutuaren (LEren) 20.3 artikuluak. Horrenbestez, kontrol-ahalmena gauzatzeko, printzipioz, bideozaintza ere aplika dezakete enpresaburuek, kasuan kasuko bideokamerak jarrita euren lantokietan.
Hala ere, zaintza- eta kontrol-neurriak fiskalizazio-neurriak direnez gero, halakoak hartzen dituen enpresaburuak uneoro errespetatu behar ditu langileei zor zaizkien intimitatea eta duintasuna. Hori erregela orokorra izanik, LEak beren-beregi aitortu die langileei intimitaterako eskubidea bideozaintza-gailuei dagokienez, datu pertsonalak babestu eta eskubide digitalak bermatzeko legeriak ezarritakoaren arabera.
LEak beren-beregi aitortu die langileei intimitaterako eskubidea bideozaintza-gailuei dagokienez, datu pertsonalak babestu eta eskubide digitalak bermatzeko legeriak ezarritakoaren arabera
Horrenbestez, 3/2018 Lege Organikoaren 89. artikuluak xedatutakoa hartu behar da kontuan. Horren arabera, enpresaburuek kamera- edo bideokamera-sistemen bidez lortutako irudiak tratatu ahal izango dituzte egiaztatzeko langileek euren laneko betebehar eta eginbeharrak betetzen dituztela.
Alabaina, horretarako, enpresaburuek, aldez aurretik, esanbidez, argiro eta labur, langileak eta, hala denean, horien ordezkariak informatu beharko dituzte. Gainera, soinuak grabatzeko edo bideozaintzako sistemak lan egiteko tokietan bakarrik instala daitezke. Horregatik, ez da onargarria halako sistemak instalatzea langileen atsedenerako edo aisiarako bideratutako tokietan, hala nola, aldageletan, komunetan edo jantokietan, ezta sindikatuen lokaletan eta antzekoetan ere.
Zenbaitetan informazio-gailua nahikoa
Dena den, horiek erregela orokorrak direla esan genezake, izan badirelako ñabardurak eta salbuespenak.
Horrela, 3/2018 Lege Organikoaren 89. artikuluak onartu du bideokamerek langileek ageri-agerian gauzatutako egintza ez zilegi bat jaso dezaketela, nahiz eta langileak eta, hala denean, horien ordezkariak aipatu den bezala ez informatu. Bestela esanda, kasu horretan nahikoa da informazio-gailu bat jartzearekin, behar bezala ikusteko moduko tokiren batean, gutxienez zehaztuz datuak tratatuko direla, datuak tratatzeko arduraduna nor den eta 2016/679 (EB) Erregelamenduko 15.etik 22.era arteko artikuluetan jasotako eskubideak egikaritzeko aukera dagoela. Halaber, informazio-gailuan jaso daiteke informazio horretara daraman konexio-kode bat edo internet-helbide bat.
Konstituzio Auzitegiak (irailaren 22ko 119/2022 epaian) adierazi du modu horretara lortutako irudiek balio dutela diziplinazko kaleratze bat justifikatzeko, betiere, neurri hori proportzionala, egokia eta beharrezkoa bada
Bada, oraintsu, Konstituzio Auzitegiak (irailaren 22ko 119/2022 epaian) adierazi du modu horretara lortutako irudiek balio dutela diziplinazko kaleratze bat justifikatzeko, betiere, neurri hori proportzionala, egokia eta beharrezkoa bada. Zernahi gisaz, epai horrek badu boto partikular garrantzitsu bat, non kritikatzen den, kasu horretan, enpresaburuak justifikatu ez izana zergatik ez zituen langileak eta horien ordezkariak aldez aurretik informatu.
Proportzionaltasuna eta informazioa
Ildo beretik, ñabardura eta salbuespenetan sakontzeko berebiziko garrantzia du Gizarte Eskubideen Europako Auzitegiaren Sala Handiaren 2019ko urriaren 17ko epaiak (López Ribalda II auzia). Aurrena, epai horrek ezarri du enpresaburuek langileak kontrolatzeko bideozaintza baliatu nahi dutenean aplikagarri direla, mutatis mutandi, auzitegi berak 2017ko irailaren 5eko epaian (Barbulescu II auzian) ezarritako printzipio edo irizpideak. Halatan, printzipio horiek guztiek oinarri dute enpresaburuaren kontrol-ahalmenaren eta langileen interesen artean (intimitaterako eta datu-babeserako eskubideak) izan behar den proportzionaltasuna.
Modu horretara, proportzionaltasuna izan dadin, beharrezkoa da langileak eta, hala denean, horien ordezkariak, bideokamerak jarri aurretik, gauzatuko den zaintza edo kontrolaren izaeraz eta norainokoaz argiro informatzea.
Modu horretara lortutako irudi eta soinuak ere baliagarri lirateke langileei ezarritako zehapenak justifikatzeko, kalterik egin gabe enpresaburuak izan ditzakeen erantzukizunei, datu-babeserako legeriak dioena ez betetzeagatik.
Baina badira kontuan hartu beharreko bestelako irizpideak ere, hala nola, hartuko diren irudi eta soinuek langilearen intimitatea ahalik gutxien murriztea, horretarako irudi eta soinu horiek hartzeko denbora eta esparruak behar bezala mugatuz, bai eta, gerogarrenean, horiek ikusi edo entzungo dituzten pertsonak ere; enpresaburuak arrazoi legitimoak alegatzea bideozaintza eta horren norainokoa justifikatzeko, enpresaburuak justifikatzea beraren helburua lortzeko hain inbaditzailea ez den beste biderik ez dagoela, eta hartu diren irudi edota soinuak zein izan eta horiek bat etortzea enpresaburuak erdietsi nahi dituen helburuekin.
Hurrena, eta berrikuntza nagusi gisa, epaiak adierazi du interes publiko zein pribatu garrantzitsu batek justifika dezakeela inolako informaziorik gabe bideokamerak jartzea, baldin eta gainerako printzipio edo irizpideak kontuan hartzen badira.
Interes publiko zein pribatu garrantzitsu batek justifika dezakeela inolako informaziorik gabe bideokamerak jartzea
Horrenbestez, modu horretara lortutako irudi eta soinuak ere baliagarri lirateke langileei ezarritako zehapenak justifikatzeko, kalterik egin gabe enpresaburuak izan ditzakeen erantzukizunei, datu-babeserako legeriak dioena ez betetzeagatik.
Ezkutuko kamerak beti salbuespen
Edonola ere, Auzitegi Gorenak adierazi berri du, 2022ko uztailaren 22ko doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoan (701/2021 errek. zk.), salbuespeneko kasu eta egoeretan bakarrik jar daitezkeela ezkutuko bideokamerak, inolako informaziorik eman edo jakinarazi gabe. Zehatz-mehatz, Auzitegi Gorenaren epaiak onartu du bidezkoa dela familia-etxeko langile bat kaleratzea, ezkutuko bideokamera baten bidez, eta langileari aldez aurretik horren inguruko inolako informaziorik eman ez arren, frogatzen denean langilea lapurretan aritu dela. Konklusio horretara heltzeko, Auzitegi Gorenak enplegatzaileak hartutako neurria proportzionala, egokia eta beharrezkoa dela justifikatu du.
Horrela, kasu honetan, nabarmena da enplegatzailearen interes pribatu garrantzitsua; izan ere, langileak kutxa gotorretik lapurtu zizkion 30.000 euro, antzinako moneta nahiz diru-paperak eta bitxiak. Bestalde, instalatutako bideokamerak kutxa gotorra zegoen armairuaren irudiak baino ez zituen hartzen eta hartutako irudiak enplegatzailearen uste arrazoitsua, hots, langileak lapurretan egiten ziola, frogatzeko besterik ez dira baliatzen. Beraz, ez zitzaion kalterik egin langilearen intimitateari. Halaber, enplegatzaileak tetraplejia traumatikoa du eta gurpil-aulkia behar du mugitzeko. Horrek guztiorrek argi uzten du ez zegoela beste biderik frogatu ahal izateko langileak lapurretan egin izana. Gainera, kasu honetan, etxeko-familiaren esparruan ez du logikarik 3/2018 Lege Organikoaren 89. artikuluak onartutako informazio-gailua jartzeak.
Edonola ere, Auzitegi Gorenak adierazi berri du, 2022ko uztailaren 22ko doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoan, salbuespeneko kasu eta egoeretan bakarrik jar daitezkeela ezkutuko bideokamerak, inolako informaziorik eman edo jakinarazi gabe
Baina Auzitegi Gorenak kasu zehatzetik haratago hurrengo ideia garrantzitsua nabarmendu du: une oroko bideozaintza justifikatzea zaila izateaz gain, proportzionaltasunik gabekoa izan daiteke, hots, gehiegizkoa, eta, kasu horretan, nahitaez informatu beharko lirateke langilea nahiz horren ordezkariak, arestian aipatu bezala.