Kirola
Langintzatik eliteko kirolera jauzi
Kostaldeko biztanle askoren ogibidea bestelako jarduera ekonomiko bilakatu zuen liga erregular baten sorrerak. Babesle eta udalen bitartezko finantzazioak, hedabideetako inpaktua... ezinbestekoak dira egun arraunak duen indarra ulertzeko
Ez da Euskal Herrian traineruen estropada denboraldiak iraun bitartean jarraitzaile gehiago izan ohi duen kirol jarduera askorik. Milaka dira ekainetik irailera bitartean arraun denboraldiko probak pasioz bizi dituzten zaleak, eta gaur Donostiako Kontxako estropadan joko dute gailurra zirrarak, urduritasunak, pozak eta etsipenak.
Traineruen estropadek Euskal Herrian zale andana erakartzen dute itsasbazterreko herrietako bizi-eredu tradizionalaren ondorio gisa sortu zirenetik. XX. mende hondarrean, ordea, estropadek kirol izaera hartu zuten eta, gaur, lehen ez bezala, arraunlariak ez dira nahitaez itsasoko lanari uztartutako gizon-emakumeak, azken teknologiak uztartuta profesionalizatze bidea urratzen ari diren kirolariak baizik. Eta haien atzean, eragin ekonomikoa duen negozioa sortzen joan da, urtez urte handitzen doana. Gaur egun, traineruen lehiaketa eliteko ikuskizunen kirolaren erreferente bihurtu da, jarraipen mediatikoari, telebistako audientziei, eta zaleen eta babesleen laguntzari esker.
Arraina nork lehenago ekarri
Arraunketa kirol gisa Euskal Herrian nola sortu zen aztertzeko, gizakiak bizirauteko erabili izan duen eguneroko jarduerari, lanbideari, erreparatu behar diogu. Arrantza izan zen, batetik, arrauna lehiaketen aurrekaria euskal uretan. Harrapatutako arraina portuan saltzeko nork lehenago ekarri lehian aritzen ziren arrantzaleak. Arrantzan edota atoian zebiltzan gizonen arteko erronka haiek herrien arteko desafioak ere sortu zituzten, eta, ondorioz, aurreneko estropaden antolaketa.
Gauzak asko aldatu dira orduz geroztik. 2003an ACT Liga jaio zen, arrauna modernizatzeko eta lehiaketari zentzua emateko, Kantauri eta Atlantikoko isurialdeetako historiaren parte den arraunaren hedapena bultzatu eta indartzeko helburuarekin. Aurretik ez zegoen lehiaketa erregularrik. Eusko Federazioak 'Euskal Liga' antolatzen zuen Kantabriako gonbidatu batzuekin, baina urtero izaten ziren arazoak eta iskanbilak. ACTren sorrerarekin zentzua eta ordena eman zitzaizkion Kantauri itsasoko arraunari.
Hedabideak, ezinbesteko diru iturri
Hogei urte hauetan neurri batean arraunaren mundua asko aldatu dela dio Borja Rodrigo ACTko presidenteak, nahiz eta zenbait alorretan lan eskerga egiteko dagoen. “Arrauna kirol modernoa bilakatu da, bere maila guztiekin: lehen maila (ACT), bigarren eta hirugarren mailak (ARC eta LGN). Egiturak gaur egun ez du zerikusirik aurrekoarekin: estropada eremuak, balizajeak, esparru teknikoak, GPSa, araudiak, komunikazioa, dopinaren kontrako kontrolak… Eta nola ez, telebistak asko lagundu du hobekuntza horretan”.
Hedabideen papera ezinbestekoa da arraunaren negozioan. 2020ko denboraldian lortutako eragin mediatikoa benetan esanguratsua da: lehiaketaren audientzia osoa 587 milioi ikusle/irakurlekoa izan zen, gehienak interneten (429 milioi irakurlerekin). 460 baino orrialde gehiago prentsan; 246 ordu baino gehiagoko emisioa telebistan eta 206 orduko transmisioa irratian. Kuantifikazio ekonomikoa, guztira, 36.172.882,89 eurokoa izan zen. Arlo honetan telebista da hedabide nagusia, 22.594.118,07 euroko irabaziekin. Ez dira txantxetarako datuak.
2020an irabazien kuantifikazio ekonomikoa, guztira, 36.172.882,89 eurokoa izan zen
Nola finantzatzen ziren arraun elkarteak eta estropadak Liga sortu aurretik? Gauzak ez omen dira asko aldatu zentzu honetan, Rodrigoren esanetan. “Estropadak, egun gertatzen den moduan, babesleekin finantzatzen ziren. Batzuetan babesle pribatuekin (El Corte Inglés, Movistar…) eta besteetan udaletxeekin (Donostia, Zarautz, Hondarribia, Orio…). Normalean, egiturak klubek eta federazioek jarri ohi dituzte, eta babesleek diru-sariak. Arraun Elkarteak ere babesle eta bakoitzaren udalarekin finantziatu dira beti”. Kontutan izan behar da, helbide fiskala Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban duten enpresek mezenasgo edo babesletzara bideratutako zenbatekoek % 46ko aurrezpen fiskala dutela, gastu gisa % 100ean kengarriak izateaz gain (% 28), % 18ko zerga desgrabazioa baitute. Babesleek ongi dakite hau, eta badakite onura probesten.
Babesletza horiei esker, Hondarribia Arraun Elkartearen aurrekontuak 500.000 euroak gainditzen dituela esan dio EnpresaBIDEAri Joxemi Elduayen presidenteak. Urduri eta lanpetuta harrapatu dugu, Kontxako azken jardunari begira bandera baitago jokoan. Lemazain moduan 10 urterekin hasi zen arraunean, eta 22 urte daramatza klubeko zuzendaritzan. “Urte hauetan guztietan gehien aldatu dena arraunlari kopurua da, eta horrek, jakina, gainerako guztia neurri berean dimentsionatzera behartzen gaitu: instalazioak, materiala, teknikari taldea, garraio ibilgailuak, eta abar”.
Emakumeak egurra emateko prest
2009an Euskotren Liga eratu zen emakumezkoen arraunari bultzada eman eta gizonezkoetan egiten zen bezalako goi mailako txapelketa sortzeko. Orduz geroztik, geroz eta maila hobea erakutsi dute askotariko klubetako neskek, nahiz eta oraindik bide luzea geratzen den gizonezko arraunak dituen baldintzak, jarraitzaile kopurua eta onespena jasotzeko. Elduayenen hitzek ere hori berresten dute: “babesleei gure irudia eskaintzen diegunean, neskena eta mutilena, bi taldeena batera eskaintzen diegu. Bertako Igogailuak da gure emakumezkoen traineruaren babesle nagusia. Nolanahi ere, uste dut enpresak gehiago hurbiltzen zaizkigula gizonezkoen traineruaren iruditik emakumezkoenarenetik baino”.
Helbide fiskala Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban duten enpresek mezenasgo edo babesletzara bideratutako zenbatekoek % 46ko aurrezpen fiskala dute
Klub ezberdinekin hitz egin du EnpresaBIDEAk arraunlariek soldata edo eskupekorik jasotzen ote dituzten ezagutzeko, baina gehienak ez dira datu ekonomikoak eta halako xehetasunak ematearen aldekoak. Jakina da, hala ere, irabazitako banderen ordainsariak talde askok arraunlarien artean banatzen dituztela denboraldia amaitutakoan. Maila goreneko taldeek arraunlariak fitxatzen dituztenean beste formula bat ere erabiltzen dute nahiko maiz, alegia, babeslearen kontratupean jasotzen dute euren soldatatxoa zenbait kirolarik. Goi mailako beste kirolekin konparatuz gero, eta neska eta mutil hauek arraunari eskainitako denbora eta pasioa kontutan izanik, irabazi txikiak betiere.