Laura Carreira: "Egungo bizimoduak kontsumitzen gaitu eta giza potentzialaren galera handia dakar"
Lanarekin dugun harremana eta haren ondorioak aztertu ditu Carreirak Zinemaldira ekarri duen 'On Falling' filmean. Bere hirugarren lana da 'Red Hill' eta 'The Shift' film laburren ostean
Bere lehen film luzea aurkeztu berritan, Maria Cristina hotelak Okendo plazara begiratzen duen terrazetako batean hartu du Laura Carreirak (Oporto, Portugal, 1994) EnpresaBIDEA. Zuzendaria bera bezalaxe, Eskozian lanean ari den emakume portugaldar bat da On Falling filmeko protagonista. Aurorak logistika biltegi handi batean lan egiten du hamar orduz, eta lanetik ateratzean, beste migratzaile batzuekin partekatutako apartamentuan labadora jarri eta afaria egiteko astirik besterik ez du. Isolamendua, eguneroko elkarrizketa hutsalak, alineazioa, bakardadea....lanarekiko dugun harremana eta horrek bizitzaren gainerako esparruetan nahiz norbanakoaren kontzientzian duen eraginean sakondu nahi izan du Carreirak.
Nondik atera da filmaren ideia?
Lanarekin dugun harremana edota finantza mendekotasuna jada landua nuen nire aurreko film laburretan, baina are gehiago ikertu zitekeela pentsatzen nuen, ezin baita hamar minututan halako gai bat erabat landu. Gig ekonomia deritzonari buruzkoa izan zen nire azken lana, eta biltegi eta logistika zentroak aztertu nituen. Logistika industria oso lotuta dago lan prekarioarekin eta horren inguruan irakurtzen ari nintzela, biltzaileen (picker ingelesez) lana deskubritu nuen. Oso lan interesgarria iruditu zitzaidan, nolabait ikusezina baita egiten dutena. Biltzaile asko elkarrizketatu nituen eta konturatu nintzen langile hauetako asko etorkinak zirela.
Zu ere Eskozian bizi zara, Portugaldarra izanik, filmeko protagonistaren gisan. Zer paralelismo daude zuon bion artean?
Eskoziara joan nintzeneko lehen urteak etortzen zaizkit burura. Nire lehen lana izan nuen bertan, herrialdera 18 urterekin joan bainintzen. Asko markatu ninduen esperientzia izan zen, mundua beste era batera begiratzeraino. Leku jakin batera konektatzen zaituen lotura sozialak galtzen dituzunean, bereziki babesgabe sentitzen zara, eta botere dinamiken pean zaude, lanean batik bat. Beraz, bai, sentimendu horretatik dator filma. Bakartasuna ere gai garrantzitsua da filmean. Bada zerbait nik bizi izan nuena.
Beraz, zure lehen lan harremana Eskoziaren ez zen ona izan?
Ez zen txarra izan. Eskoziarrek harrena ona egin zidaten, eta oso jatorrak dira. Filmean ere hori azaldu nahi nuen. Hasiera ez zen erraza izan, baina ez jendearengatik, bizi dugun moduagatik baizik, eta pelikulak ideia hori etengabe gogoraraztea nahi nuen.
"Leku jakin batera konektatzen zaituen lotura sozialak galtzen dituzunean, bereziki babesgabe sentitzen zara, eta botere dinamiken pean zaude"
Filmeko eszena ia guztiak lantokian edota Auroraren apartamentuan kokatzen dira. Gainerako mundutik eta bizitza sozialetik urruntzen gaituen lan harreman bat azaldu nahi zenuen?
Lanaren inguruan hausnarketa egitea ez da erraza. Hain errotuta gaude bizi garen modura, oso zaila dela modu argi batean begiratzea, perspektibarekin. Uste dut pelikulak beste modu batera erreparatzeko aukera ematen digula. Denbora asko pasatzen dugu egunero lanean, eta ez da kuestionatzen. Ez genuke hau zalantzan jarri beharko? Hau da gure bizitzeko modu bakarra, edo bizi al gaitezke beste era batera?
Hasieran lan baldintza txarrak baditu ere, badirudi ekonomikoki aurrera egiten duela Aurorak. Filmak aurrera egin ahala, ordea, larritasun ekonomikoak areagotzen doaz.
Telefono mugikorra apurtzen zaion unean hasten dira bere arazoak. Hor ikusten dugu mugikorra zein garrantzitsua den berarentzat. Mugikorra konpontzeko gastuarekin azaleratzen dira bere finantza arazoak. Baina, gidoia idazten nuen bitartean ikusi nuen pobrezia ez zela bakarrik finantzarioa, esperientziaren pobrezia ere bazegoela, hau da, konexioa eza. Bizitzaren alderdi asko falta zaizkio protagonistari. Finean, mugikorrak azaleratzen du zein zaurgarria den Aurora, eta nola horrelako gertakari txiki batek sortzen duen ateratzeko oso zaila den zurrunbilo bat.
Gauza askorik gertatzen den ez den hainbat sekuentzia luze daude filmean. Adibidez, behin baino gehiagotan, protagonista mugikorrarekin ikus daiteke jaten duen bitartean. Eguneroko monotonia eta asperdura azaldu nahi izan duzu?
Lerro fin bat dago ekintza aspergarri bat erakustearen eta ikuslea aspertzearen artean. Esaterako, protagonista bat lanean erakustea aspergarria izan daiteke, baina egunero guztiok egiten dugun zerbait da. Zinegile bezala, uste dut oso erronka polita dela ekintza horiek interesgarri bihurtzea. Planoen luzerarekin, bakarrik egotearen sentimendua azaldu nahi nuen. Denboraren hedapen bat da niretzat, Aurorak bere bakardadea bizi du, eta kameraren aurrean zaurgarri erakusten du. Gainera, filmeko denbora protagonistaren momentuekin betetzeak bera hobeto ezagutzea ahalbidetzen digu.
"Protagonistaren pobrezia ez da bakarrik finantzarioa, esperientziaren pobrezia ere bada, konexio eza. Bizitzaren alderdi asko falta zaizkio protagonistari"
Lan baldintza kaskarretan aritzeak buru osasunean duen eragina ere ikus daiteke. Buru osasunaren gaia ere ukitu nahi zenuen?
Jakina. Uste dut geroz eta gehiago ari garela buru osasunaren inguruan hizketan. Antsietatea eta depresioa dugunean norbanakoari botatzen diogu errua askotan, eta soluzio indibidualak bilatzea eskatzen diegu. Hobeto jan, paseo bat eman, terapiara joan, hartu pilula hau… Belaunaldi gazteagoetan areagotzen ari den arazoa da, eta uste dut problema handiago baten sintomak direla, kolektiboki bizi dugun moduaren ondorio bat. Ez dut uste norbanako bakoitzari begira konponduko dugunik.
Orain gutxi millenial eta buru osasunaren inguruko inkesta bat irakurri nuen. %50ek une oro antsietatea duela zioen. Gazteen erdia horrela sentitzea erokeri bat da. Eta antsietatea sorrarazten duten faktoreen artean gazteen lehen erantzuna lana eta bigarrena hilabete bukaerara iristea ziren.
Digitalizazioak laneko egunerokotasunean sor ditzakeen arazoak ere plazaratzen dira filmean. Egun libre bat hartu nahi du protagonistak, baina konpainiako aplikazio mugikorrak ez dio uzten. Fabrikako arduradunak ere ez dio laguntzen...
Langileekin elkarrizketak egiterakoan ikusi nuen gauza bat izan zen, eta arduradunek ere halako enpresa handietan ez zutela lanaren inguruko kontrol handirik ohartu nintzen. Biltzaile askok zioten arduradunek euren lana egiten zutela soilik. Egun libre bat eskatzeko inorekin hitz egin behar ez izatearen ideia oso interesgarria iruditzen zait, aplikazioak erabakitzen baitu jai eguna hartu dezakeen edo ez.
Gauza bera gertatzen da protagonistak produktuak bilatzeko erabiltzen duen eskanerraren algoritmoarekin. Langile hauek segundo gutxi batzuk dituzte biltegian produktuak aurkitzeko, eta konpainiak langile bakoitzaren kontrola du. Gainera, langile askok zioten sarritan makinak ez ziela azaltzen zer produktu bilatu behar zuten, beren lana ondo egiten ari ote ziren ez jakiteraino.
Bi film labur ostean, zuren lehen film luzea da On Falling. Badaramatzazu, beraz, jada urte batzuk zinemaren industrian. Erraza izaten ari da sektorean bidea egitea?
Esklusiboki filma egitera dedikatu naizen lehen urtea izan da hau. Aurretik egin nituen bi film laburrak egin eta On Falling idazten nuen bitartean, beste lan batzuetan aritu behar izan naiz. Oso lan ezegonkorra da, ez daukagu kontraturik eta proiektuka goaz, beraz, dena nahiko intermitentea da. Hasieran, denbora luzez diru-sarrerarik gabe bizitzeko nahiko diru ez baduzu, lan egiteko oso sektore zaila da. Lehen urteak gogorrak izan ziren, eta oraindik ere ez dakit nondik joko duen. Ez dakit zinemaz soilik bizitzeko aukera izango dudan. Dena den, lan honetan ez zara alineatuta sentitzen, lan sortzailea da eta egiten ari naizenaren kontrola daukat. Hau ez da lan askotan gertatzen, eta asko gustatzen zait.
"Filma egitera soilik dedikatu naizen lehen urtea izan da hau. Aurretik egin nituen bi film laburrak egin eta 'On Falling' idazten nuen bitartean, beste lan batzuetan aritu behar izan naiz"
Bigarren film luze bat egiteko asmoa duzu orain.
Pelikula honen oparia bigarren film luze bat egiteko aukera ematea zen. Beraz, gogo askorekin nago proiektu berriari ekiteko. Idazten ari naiz orain eta lanari buruz izango da, baina bulegoaren esparruan kokatuko da oraingoan. Beste ideia batzuk ere baditut. Gauza da denbora gehiago pasatzen dudala filmak idazten zuzentzen baino.
Lanaren inguruan berriz ere. Gustuko duzun gaia da?
Nire lehenengo lan esperientziarekin obsesionatuta nagoela esango nuke. Erokeri bat iruditzen zait gure bizitza osoa lanean pasatzea, eta errealitate hau zer barneratua dugun ikustea. Eskuinak eta ezkerrak enplegua sortzearen inguruan hitz egiten dute, eta badirudi hori dela soluzio bakarra, lan gehiago sortzea. Inork ez du zalantzen jartzen ea lanpostu gehiago beharrezkoak diren. Agian jada badugu teknologia lan gutxiago egiteko.
Eskerrak zinea daukagun jendearen kontzientziak astintzeko.
Pantaila baten aurrean halako egoerak ikusteak gai hauek distantzia batetik erreparatzea ahalbidetzen dizu. Beste baten istorioa da, baina aldi berean zure burua ikus dezakezu, eta hori oso inportantea da. Egungo bizimoduak kontsumitzen gaitu eta giza potentzialaren galera handia dakar.