Argazkia: iStock

EKONOMIA

Lehen sektoreko burokrazia murrizteko lanik ez dela egiten ari salatu du ENBAk

Nekazaritza sektoreko agintariek dekalogo instituzionala aurkeztu zutenetik zortzi hilabete pasa direnean, neurri gehienak ez direla martxan jarri dio sindikatuak

Zortzi hilabete bete dira gaur, nekazarien kexei erantzuna emateko asmoz, Euskal Herriko nekazaritza sektoreko agintariek dekalogo instituzionala aurkeztu zutenetik, eta ENBA nekazarien elkarteak salatu duenez, bertan jasotako neurri gehienak “martxan jarri gabe” dira oraindik.

"Zortzi hilabete hauetan, tarteko hauteskunde autonomikoak eta udako geldialdia izan direlarik, gure baserritarrak itotzen dituen burokrazia murriztu eta sinplifikatzeko ez da inolako lanik egin”, adierazi du sindikatuak ohar bidez. Elikagai kateari dagokionez, sindikatuak dio ez dela jarraipen batzorde bat sortu, ez eta ustiategien errentagarritasunari buruzko aldizkako txostenak ere.

Halaber, sindikatuak positibotzat jo du Jaurlaritzak otsoa Babes Bereziko Erregimeneko Basaespezieen (LESPRE) zerrendatik kanpo uzteko egindako eskaera, nahiz eta, euren esanetan, Jaurlaritzako beste sail batek “otsoa kudeatzeko planaren tramitazioan aurrera egin duen eta fauna basatiak eragindako kalteen ebaluazio integralerako lanak ere ez diren hasi”.

Familia nekazaritzaren legearen berri ez duela salatu du sindikatuak, eta nekazaritza aseguruen mahaia ere ez dela sortu diote. Aitzitik, aitortu dute lehen sektore zerga planteamenduak “harrera ona” izan dutela.

ENBA lanerako eta ekarpenak egiteko prest azaldu da, eta horretarako, lantalde bat "berehala" martxan jartzea eskatu du, non nekazaritza sektoreak bere osotasunean eta euskal erakundeek parte hartuko duten, sektoreak behar dituen neurriak aktibatzeko helburuarekin.