Mikel Torres Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua eta Carlos Cuerpo Espainiako Gobernuko ministroa | Argazkia: Irekia

EKONOMIA

Lehendakariordeak adierazi du “Europako funts gehiago kudeatzeko” prest dagoela EAE

Donostian bildu da gaur Mikel Torres Carlos Cuerpo Espainiako Gobernuko ekonomia ministroarekin eta Europako funtsei buruz eztabaidatu dute. EAE funtsen azken fasean dagoela esan du Torresek

Mikel Torres lehendakariordea eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua, Donostian bildu da gaur Carlos Cuerpo Espainiako Ekonomia, Merkataritza eta Enpresa ministroarekin. Lehendakariordeak Cuerpori azaldu dio EAE prest dagoela “Europako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoen (SEM) funts gehiago kudeatzeko”. Funts horiek hainbat proiektutara bideratu daitezkeela ere adierazi dio, hala nola, industriaren deskarbonizaziora, berrikuntza teknologikora, turismoa sustatzera edota lan merkatua hobetzera.

Torresek argi utzi du SEM funtsen azken fasean dagoela EAE, eta hortaz, ezinbestekoa dela funts horietaz ondo baliatzea. Aldi berean, funts horien jarraipena eta ebaluazioa landuko dutela Europako Funtsen zuzendaritzakoek, eta ondoren, lortutako informazioa herritarrei eta EAEko sare sozioekonomikoari helaraziko zaiela azaldu du.

2024ko ekainaren 30eko datuak erreparatuta, EAEri dagokion 1.241 milioi eurotatik jada %88 departamentuetara bideratu dira jada (1.039 milioi), eta horietatik %62 (775 milioi euro) egikaritu dira. Horrez gain, azpimarratu beharra dago Eusko Jaurlaritzak 250,2 milioi euro transferituko dituela, 1.241 milioi horietatik, hiru lurraldeetako aldundien, udalen eta mankomunitateen artean.