Lehiakortasunerako inklusioa
Lehiakortasunari lotutako erronkei aurre egiteko inklusioaren garrantzia azpimarratu du Orkestrak. Atzo Gasteizen aurkeztu zuten txostenak ondorioztatu du ez dela aprobetxatzen ari EAEn bizi diren pertsona guztien gaitasuna eta parte hartzea, emakumeenak eta etorkinenak bereziki
Inklusioa da lurralde baten lehiakortasuna areagotzeko gakoetako bat. Lehiakortasuna eraikitzeko prozesuetan, geroz eta pertsona gehiagok parte hartuz gero, orduan eta integratzaileagoa izango da lehiakortasun horren ondorio den ongizatea. Hala ondorioztatu du, behintzat, Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak atzo Gasteizen aurkeztutako txostenak.
“Desberdintasunen gorakadaren ondorio ekonomiko eta politikoen inguruko kontzientzia handia” dagoen une batean bizi garela dio azterlanak, eta egungo demografia aldaketak eta giza kapitalaren eskasiak sortutako “erronka kritikoak” kontuan harturik, genero desberdintasunak, belaunaldien arteko harremanek edota pertsona migratzaileak gizartean integratzeak lehiakortasunerako palanketan zer eragina duten ulertzeak “berebiziko garrantzia” du.
“Herritar guztiek lehiakortasun prozesuetan parte hartzea sustatzea funtsezkoa da jarduera tasak handitzeko eta enpresetan belaunaldi erreleboa ziurtatzeko, baita sektore estrategikoetan talentu beharrari aurre egiteko ere”, adierazi du Mari Jose Aranguren Orkestrako zuzendari nagusiak, eta ildo beretik jo du Ivan Marten Orkestrako presidenteak: “aniztasunaren kudeaketa estrategikoa egiteak, eragin positiboa izango du berrikuntzan, produktibitatean eta lehiakortasunean”, azaldu du.
Inklusioaren hiru ardatz nagusi oinarri hartuta (jatorria, generoa eta adina) ondu du txostena Orkestrak eta Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren pertsona guztien parte hartzea edo gaitasunak ez direla aprobetxatzen ari ondorioztatu du, emakumeenak eta etorkinenak, bereziki. James Wilson ikerketa zuzendariaren arabera, “emakume landunek egunean ia bost ordu ematen dituzte seme-alaba adingabeak zaintzeko jardueretan eta gizonek, ordea, egunean hiru ordu eta erdi inguru". Azaldu duenez, antzeko zerbait gertatzen da adinekoen zaintzarekin ere.
Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren pertsona guztien parte hartzea edo gaitasunak ez direla aprobetxatzen ari ondorioztatu du Orkestraren txostenak
Atzerritik etorritako pertsonak biztanleria aktiboaren %17 dira EAEn eta biztanleriaren piramidearen “erdi-erdian” daude. Txostenaren arabera, oinarrizko lanbideetan aritzen dira, eta hemen jaiotako pertsonekin alderatuta, %34,3ko soldata arrakala dago. Wilsonek nabarmendu du beharrezkoa dela pertsona horiek prestakuntza sisteman integratzea, enpresen beharrekin bat etortzeko.
Gazteei buruz ere hitz egiten du azterlanak. Susana Franco Orkestrako ikertzailearen ahotan, soldata arrakala %27,9koa da 25-34 urte artekoen eta 55 urte edo gehiago dituztenen artean. Halaber, ikerketak dio 2023an Euskal Autonomia Erkidegoan antzemandako etxebizitza premien %83 emantzipatu gabeko 18 eta 44 urte arteko pertsonenak zirela.
Berrikuntzan zertxobait atzean
Hainbat ekonomia adierazle ere xehatu ditu Orkestrak, eta bai ekonomia bai ongizatea, oro har, “bilakaera positiboa” izaten ari dela argitu du. Biztanleko BPGari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegokoa Europako Batasuneko (EB) batezbestekoa baino gehiago hazi da, eta EBko herrialdeen %111 da egun.
Produktibitateari dagokionez, EAE Espainiaren eta EBko 27 herrialdeen batezbestekoaren gainetik dago, baina Alemaniaren eta Austria Garaia eta Baden-Wurtemberg erreferentziazko eskualdeen azpitik. Era berean, enpresen errentagarritasunak gora egin du 2023an; zehazki, errentagarritasun ekonomikoa (ROA) %6,6koa izan da eta finantza errentagarritasuna (ROE), %11,8koa.
Biztanleko BPGari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegokoa Europako Batasuneko (EB) batezbestekoa baino gehiago hazi da, eta EBko herrialdeen %111 da egun
Aitzitik, enpresa txiki eta ertain asko berrikuntzan atzean gelditzen ari direla iradokitzen du txostenak. Produktu eta prozesuetako berrikuntzak garatzen dituzten enpresa txiki eta ertainen ehunekoak gora egin badu ere, nazioarteko herrialdeen atzetik dira EAEko enpresa txiki eta ertainak, antolaketa eta marketin esparruko berrikuntzetan. “Enpresa txiki eta ertainen estrategiak arrisku eta disrupzio maila txikikoak dira, eta berritzeko ikusten dituzten oztopoek zerikusi handiagoa dute berrikuntzaren kostu altuekin eta enpresan beste lehentasun batzuk egotearekin jakintzarekin baino”, azaltzen du txostenak.
Esportazioek behera egin dute 2023an, BPGaren %37,9 izatetik, %35,8ra igaro dira. Joera bera ikusten da Europako gainerako herrialdeetan, eta Orkestrak azpimarratu du EAEk Europako batezbestekoarekiko “nabarmen hobera” egin duela. Halaber, merkataritza saldoak hazi egin da, hots, nazioarteko inportazioak esportazioak baino gehiago murriztu dira proportzioan.
Emaitzak "onak" eta "nahiko inklusiboak"
Ongizateari lotutako emaitzak ere plazaratu dituzte. Bizitzarekiko gogobetetze maila zertxobait apaldu da (EBko herrialdeen maila berean da egun), eta pobrezia edo bazterketa arriskuan dauden pertsonen proportzioak behera egiten jarraitzen du, %15,5, EBko batezbestekoa baino txikiagoa (%21,4).
Langabezia tasa (%7,6), EBko herrialdeen batezbestekoaren gainetik dago (%6,1), baina aldea txikituz doa urtez urte. Lanarekiko gogobetetasun maila ere hobetu egin da (10etik 7,4 da azken urtean). Dena den, lan ordu bakoitzeko genero soldata arrakala handitu egin da 2023an eta %8,8an kokatu da.
Goi mailako bigarren hezkuntza edo hirugarren mailako hezkuntza duen 25-64 urteko biztanleriaren ehunekoak goranzko bideari eusten dio, eta %78,8 izanik, ia Europako batezbestekora iritsi da (%79,8).
Lan ordu bakoitzeko genero soldata arrakala handitu egin da 2023an eta %8,8an kokatu da
Ingurumenari dagokionez, berotegi efektuko gasen isuriek gora egin dute, eta EBko herrialdeek baino gehiago kutsatzen du EAEk batez beste. Halaber, kapital natural nahiz fisikoaren adierazle gehienetan “ongi kokatuta” dago. Finantzaketan, ondare garbiaren adierazlearen bilakaera positiboa izan du. Egiturazko adierazle horrek bazkideek enpresetan inbertituta dituzten funtsak neurtzen ditu eta hobera egin du, %49ra iritsi arte.
Jakintzan, ingurumen teknologietako patenteen proportzioa (%18,7) eta argitalpen zientifikoen maila (3.373 milioi bat biztanleko) EBko 27 herrialdeen batezbestekoaren gainetik da. Erronka, ordea, I+G arloko gastuan eta patenteen inbertsioan dago, izan ere, adierazle hau Europako eta Alemaniako batezbestekoaren azpitik da eta, gainera, azken urtean okerrera egin du. Digitalizazioan, bestalde, biztanleriaren gaitasun digitaletan eta azpiegituretan EAEk indarguneak dituela dio txostenak, baina gabeziak ditu IKTetako espezialistetan eta enpresen digitalizazioaren alderdi batzuetan, esaterako, makrodatuen, hodeiaren eta adimen artifizialaren erabileran, bai eta administrazio publikoen web orrien erabilerraztasunean.
Emaitzak, finean, "onak" dira, eta "nahiko inklusiboak". Erronka handienak jakintzaren eta kapital naturalaren arloan nahiz berrikuntzako eta ingurumeneko emaitzetan daudela ondorioztatu dute ikerlariek. Egungo testuinguru sozioekonomikoa kontuan harturik, txostenak sei gomendio zerrendatzen ditu: pertsona guztien gaitasunen gainean eraikitzea, aniztasuna besarkatzea, lehiakortasun digital-teknologiko-berdea indartzea, berrikuntza eta produktibitatea sustatzea, ongizatearen mehatxuak lantzea eta ongizate emaitzei lotutako inklusioa indartzea.