Libe Bastidak MALAGES saria irabazi du bere Master Amaierako Lanagatik | Argazkia: Utzita

EKONOMIA

Libe Bastida: "Soldata duina, ordutegi malgua eta giro ona da gazteek gehien baloratzen dutena"

Enplegu bat hautatzerako orduan, Ekonomia Sozial eta Solidarioko erakundeek gazteek bilatzen dituzten balioak eskaintzeko gaitasuna dutela dio Bastidak. Horren inguruko Master Amaierako lana burutu du eta MALAGES sariketaren lehenengo edizioko irabazle atera da

Gazteek enplegu bat hautatzerako orduan lanaren zentzuarekiko duten pertzepzio eta balioen inguruko azterketa ondu du Libe Bastida Larreak. Ekonomia Sozial eta Solidarioko masterra burututa, Master Amaierako Lanean egin du azterlana, eta EHUko Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutuak antolatutako MALAGES (Master Amaierako Lanen Gezki Sariak) saria irabazi du. Lanari balioa ematerako orduan gazteengan eragiten duten elementu nagusiak identifikatu ditu, eta Ekonomia Sozial eta Solidarioak eta, zehazki, lan sozietateek gazteek baloratzen dituzten alderdi horiei erantzuteko gaitasuna ikertu du. ASLEn ekintzailetza teknikaria da egun.

Nola hartu duzu saria irabazi izana?

Ez nuen espero. Sariaren lehenengo edizioa da, eta fakultatetik esfortzu bat egin da jendeak Ekonomia Sozial eta Solidarioaren (ESS) inguruan ikerketak egiteko. Nik neuk duela bi urte egin nuen ESSko masterra, eta gaiari buruzko Master Amaierako Lan (MAL) bat egin nuen. Sariak atera zirenean, ikusita nire lanak sariak eskatzen zituen ezaugarriekin bat egiten zuela, aurkeztea erabaki nuen, baina espektatibarik gabe, egia esan. Gustura nago saria lortu izanaz.

Gazteek enplegu bat hautatzerako orduan lanarekiko duten balioen inguruko azterketa bat izan da zure lana. Zertan datza zehazki?

Masterra egitean hainbat ideia izan nituen. Azken batean, 23 urte neuzkan lana egin nuenean, eta ikusten nuen nire inguruan lanarekiko zeuden espektatibak eta kezkak bazeudela. Bestalde, enpresetan gazteak nola erakarri asko entzuten den zerbait zela ikusi nuen, eta erakartzeaz gain, nola lortu gazte horiek enpresan bertan geratzea.

Une horretan, ASLEn ari nintzen praktikak egiten eta gaur egun hemen nabil lanean. Ekonomia Sozial eta Solidarioa ezagututa, erakunde hauen antolakuntza, kudeaketa eta parte hartze demokratiko horrek, gazteen behar eta balioei erantzun bat ematea zeukala pentsatu nuen. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2020an martxan jarritako Think Tank-ean landu zen Lanaren zentzua txostenean hainbat lanketa egin zirela eta ikerketa egiteko interesgarriak izan zitezkeen hainbat elementu zeudela ikusi nuen. ESS eta, zehazki, lan sozietateak, gazteek dituzten balio horiei erantzuna emateko gai zirela zen nire lanaren hipotesia.

Gazteek zein balore edo ezaugarri baloratzen dituztela ondorioztatu duzu?

Lanaren zentzua txostenean, lau palanka azaltzen ziren, eta horiek hartu nituen erreferentzia bezala: autonomia, gaitasunak, harremanak eta propositoa. Nik bosgarren bat gehitu nuen. Unai Elorza da lanaren egilea, eta berak esaten zuen lau palankek zentzua izan dezaten, beharrezkoa dela oinarrizko baldintzak bermatzea. Elementu horiek ez badira betetzen, beste lau palankek ezingo lukete funtzionatu. Gazteen beharrak ikertzerakoan, iruditu zitzaidan bost palankak jarri behar zirela erdigunean.

"Autonomiak, gaitasunak, harremanak eta helburuak zentzua izan dezaten, beharrezkoa da oinarrizko baldintzak bermatzea"

Eta gazteek zer palankari ematen diote garrantzia gehien?

IMH Elgoibarreko Lanbide Heziketako zentroa elkarlanean aritu da ASLErekin, gazteek dauzkaten ideiak eta kezkak jakiteko. Aukera izan genuen zentrora joan eta ikasleekin hainbat dinamika egiteko. Guztira lau egin genituen, 55 ikaslerekin. Galderak ez zeuden nire bost palankekin lotuta, baina horien bitartez palankei buruzko informazioa txertatu ahal izan nuen, zer lotura egon zitezkeen bilatzeko. Niretzako sekulako aukera izan zen ikusteko gazteek zer baloratzen duten.

Zer erantzun atera zenituen dinamika horietatik?

Gehien baloratzen dena oinarrizko baldintzak eta harremanak direla esango nuke. Lan egonkor eta seguru bat edukitzea. Gaur egun, erosahalmena beheraka doa, emantzipazio arazoak daude… soldata altua baino gehiago, lan duina eskatzen dute. Oinarrizko baldintzetan ere malgutasuna eskatzen zuten, ongizate fisiko eta mentalarentzat beharrezkoa ikusten baitute. Lanaz kanpo denbora eduki nahi dute beraientzat.

Oinarrizko baldintzak edukita, lankideekin harremanak pila bat baloratzen dituzte, baita enpresa berarekiko kezkatzen dela sentitzea ere. Asko ateratzen zen esaldia da giro ona edukitzearena. Batzuek esaten zuten giro ona ez baldin bazegoen, enpresaz aldatzeko arrazoi garrantzitsua izango litzatekeela. Baita enpresaren parte sentitzea ere. Ikasle batek zioen ez zuela sentitu nahi enpresan zenbaki bat zela, baizik eta enpresara joan eta enpresaren parte sentitu nahi zuela.

Autonomia ere positibotzat jotzen da, eta honekin batera erabakiak hartzeko gaitasuna edukitzea. Ikasleekin izandako dinamikez gain, aukera eduki nuen ESSko enpresetako bi langile elkarrizketatzeko, beraien egunerokotasunean nik aipatzen ditudan bost elementu hauek nola eragiten zuten ikusteko. Autonomiak gero erantzukizun batzuk eskatzen dituela, eta erantzukizun horren aurrean jendea nahiko atzerakoi agertzen dela esan zidaten. Nolabait kontraesan bat ikusten genuen palanka horretan. Autonomia nahi da, baina autonomia horrek erantzukizun edo ardura handiago bat eskatzen du.

Nahia edo helburuaren (propositoa txostenean) inguruan zer diote gazteek?

Helburu bat edukitzea pertsona bakoitzak besteengan nolabaiteko eragin positiboa eduki nahi izatearen sentimendua litzateke. Dinamikan ez zitzaien galdetu espresuki helburu bat ote duten lanean, baina dinamiketan ateratzen ziren erantzunak kontuan hartuta, erreparatu nuen ez zela irten "nik nire lanarekin helburu zehatz hau daukat" esaldia. Askoren helburua zen giro ona eta lasaitasuna edukitzea lanean.

"Lan egonkor eta seguru bat nahi dute gazteek. Gaur egun, erosahalmena beheraka doa, emantzipazio arazoak daude… soldata altua baino gehiago, lan duina eskatzen dute"

Helburu edo nahi hori ere lotu daiteke motibazioa edo epe luzera enpresan egotearekin?

Ikasleek ez bezala, elkarrizketatuek esaten zuten euren helburua inguruan eragin positibo bat edukitzea zela. Enpresa batetik bestera helburuak aldatzen dira, jardueraren arabera. Lehen aipatu moduan, gazteek gustura dauden eta giro ona duen enpresa baten egotea baloratzen zuten gehien bat. Seguruenik, ikasle zarenean ez da erraza enpresan izango duzun propositoa aurrikustea. 

Eta gaitasunei dagokionez, zer zioten?

Gazteen artean ez zen galdera espezifikorik egin gaitasunen inguruan. Enpresak gaitasunak garatzeko formakuntzan datza gaitasunen palanka. Gazteen artean ikusi zen promoziorako aukerak ondo baloratzen zirela. Gaitasun horiek lantzea eta promoziorako aukerak eskaintzea faktore garrantzitsuak izan daitezke gaur egun gazteek enpresaz aldatzeko joera hori aldatzeko. Izan daiteke bide bat langileak enpresan lan ibilbide dinamiko bat egiteko, erronka berri bat dutela sentitzeko eta lanpostuan estankatuta geratu direla ez sentitzeko.

Palanka guztiak kontuan hartuta, soldata duin bat, ordutegi txukun bat eta giro ona dira gazteek eskatzen dutena, beraz.

Harremanak eta enpresan parte sentitzea da batez ere bilatzen dutena. Ahots bat edukitzea, erabakiak hartzearekin eta enpresak ematen dien konfiantza eta autonomiarekin lotzen dute.

"Formakuntza eta promoziorako aukerak eskaintzea faktore garrantzitsuak izan daitezke gaur egun gazteek enpresaz aldatzeko joera hori aldatzeko"

Aipatu duzu kooperatiba eta lan sozietateko langile bana elkarrizketatu zenituela zure lanerako. Zein balio edo ikuspegi azaldu dizkizute?

Tamaina nahiko txikiko bi enpresa dira, eta aipatutako palankak nahiko sustatuta zituzten, gertutasun handiago bat dagoelako enpresa txiki bat zarenean, enpresa handia zarenean baino. ESSko enpresak autonomia handia ematen duten erakundeak direla esaten zuten. Enpresaren jabe bihurtzen zara eta rol horretatik hartzen duzun autonomia eta konpromiso hori erabatekoa da.

Era berean, harremanen palanka Ekonomia Sozial eta Solidariopean guztiz indartu zitekeela esaten zuten. Enpresako pertsonak proiektuko parte sentitzea eta proiektu komun bat edukitzea, harremanak lotzen eta indartzen dituen aspektua dela. Beste dimentsio batetara ematen dira harremanak, zerbait partekatzen delako, kasu honetan, enpresa. Asmoa edukitzea ere oso-oso garrantzitsua zen bientzat. Batek, adibidez, aipatzen zuen lehen zentzu hori lanetik kanpo aurkitzen zuela, eta orain, lan honen bitartez.

Hasierako hipotesira bueltatuz, Ekonomia Sozial eta Solidarioko erakundeak gai dira gazteek bilatzen dituzten balio horiei erantzuteko?

Palanka hauek kontuan hartuta, eta bi elkarrizketatuekin kontrastatuta, nik uste dut ESS daukan kudeaketa parte hartzaile eta antolakuntza demokratikoak erraztu egiten duela gazteen balio eta pertzepzio horiei erantzuna ematea. Baina, niri garrantzitsua iruditzen zait, forma juridikoaz aparte, enpresa guztiek landu behar dituzten elementu batzuk ateratzen direla lan honetan. Hipotesiari erantzuna ematen diot, baina enpresa bakoitza indibidualki kontuan hartuta, forma juridikoa dena dela, egin behar duen esfortzu bat da benetan gazteei erantzun bat eman nahi baldin badie.

Forma juridiko guztietako enpresek erantzun beharko lukete, baina esango zenuke ESSko erakunde batek balio horiek guztiak errazago beteko dituela?

Guztiz. Enpresa horiek dituzten ereduek erraztu egiten dute gazteei erantzuna ematea, baina ñabardura bat egin nahi nuen. Azken batean, askotan entzuten da enpresa handietan zaila izaten dela, eta enpresa bakoitzak egin behar duen esfortzua da. Palanka horiei erantzuna eman diezaieke enpresa tradizional batek. Eta alderantziz, litekena da ESSko enpresa batek ez ematea baldin eta ez badu palanka hauetan esfortzua egiten, nahiz eta bere antolamendu eta kudeaketak ezaugarri horiek eduki.

Hala ere, ezinbestekoa da enpresa mota horiek lanean jarraitzea esentzia eta printzipioak bidean ez galtzeko. Merkatu kapitalistan lanean diharduten erakunde diren aldetik, isomorfismo instituzionalaren tendentzia ematen da erabat, non ESSko erakundeak betiko merkataritza enpresen geroz eta antza handiagoa (antolakuntzan, helburuetan, gestioan…) hartzen duten eta hauek duten esentzia eta printzipioak galtzen joaten diren. Aldiz, horiek dira gazteen beharrei balioa eman dizaieketen elementuak.

"Ezinbestekoa da Ekonomia Sozial eta Solidarioko erakundeek lanean jarraitzea esentzia eta printzipio hauek bidean ez galtzeko. Merkatu kapitalistan lanean diharduten erakunde diren aldetik, isomorfismo instituzionalaren tendentzia ematen da erabat"

Zure lanetik zein beste ondorio nabarmendu nahiko zenuke?

Bazkide izaera landu genuenean, harritu ninduen gazteen artean oso jarrera atzerakoia zegoela. Bazkide izatea lotzen zuten enpresarekiko lotura batekin eta erantzukizun handi batekin. Buruhauste gehiago izatearekin. Bestalde, autonomia, erabakiak hartu nahi izatea eta enpresaren parte sentitzea bezalako elementuek konpromisoa adierazten zuten enpresarekiko, baina gazteek, 55 ikasleko lagin horrek, ez zituen lotzen bazkide izatearekin. Hori ikusita, ESSko enpresa horien inguruko lanketa bat egitea beharrezkoa dela ondorioztatu nuen, bai hezkuntzatik —oraindik oso gutxi egiten delako—, bai enpresatik. Pertsonek enpresa sartzerakoan benetan parte sentitzea nahi badute, hasieran harrera plan baten bitartez, baina baita bere lan ibilbide osoan, bazkidetza horren inguruan lanketa bat egitea oso-oso garrantzitsua iruditzen zait, esan ditugun elementu horiek denak badituzula sentitzeko.

Jarrera kontrajarri bat egon daiteke, beraz? Motibazioa eta konpromisoa eskatzen da, eta bazkide izateak hori ematen dizu, baina, aldi berean, enpresarekin asko lotzen zaituenaren beldurra dago.

Bazkide izatearen alde negatiboak ikusten zituzten dinamika horretan. Nire ondoriotako bat zen beharrezkoa zela lanketa bat egitea horren inguruan, benetan ulertzeko erantzukizun batzuk badauzkala, baina gero beste hainbat aukera ematen dituela. Bi alde horiek lantzeko garrantzia, bai hezkuntzan, enpresa mota hauek lantzen direnean, baita, ondoren, lan mundura sartzean ere. Lan sozietate batean lan egiten duzunean, pertsona horri bazkide izateari buruz hitz egitea, horrek zer suposa dezakeen adieraztea…

Bazkide izateak, besteak beste, egonkortasun ekonomiko handi bat ere eman dezake.

Hori da. Lan sozietate baten printzipio eta balioetan dago lan egonkor bat, erabakiak hartzeko aukera, antolamendu demokratiko bat eta ahotsa edukitzea. Asko baloratzen diren elementuak dira, eta gazteen lanari zentzua ematen diote, baina, agian, hasiera batean ez dira identifikatzen gazteen aldetik. Ez dakit den lanketa faltagatik edo zergatik. Garrantzitsua da enpresa mota honek hori eskaini baldin badezakete ikustaraztea. Harreman sistema sendo bat eraikitzea oso-oso beharrezkoa da, eta enpresan kulturaren alde lan egitea.

Gazteen iritzia jasotzea eta entzuten jarraitzea ezinbestekoa da benetan dituzten beharrak ulertzeko. Horretarako, garrantzitsua da espazioak sortzea, gogoeta eta analisi kritikoa bultzatzeko, beren errealitate, bizipen eta motibazioak abiapuntu izanda, espazio horietatik aterako baitira ondorio esanguratsuenak eta hori bera informazio baliotsua izango delako gaur egungo enpresentzat.