Argazkia: Europa Press

EKONOMIA

Loiuko aireportura egindako bidaiak %45 handitu ditu Lurraldebusek aurten

356.299 bidaia egin dituzte autobusek martxotik irailera bitartean. Mugi sisteman sartu zirenetik, 2023 urte osoko ia zerbitzu berak eman dira irailera arte

Gipuzkoako hainbat herri Loiuko aireportuarekin (Bizkaia) lotzen dituzten Lurraldebuseko autobusek 356.299 bidaia egin dituzte guztira martxotik irailera bitartean, aurreko urteko aldi berean (244.743 bidaia) baino ia %45,5 gehiago.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako Departamentutik azaldu dutenez, Mugi sisteman sartu zirenetik, 2023 urte osoko ia zerbitzu berak eman dira irailera arte, orduan 369.595 bidaia zenbatu baitziren.

Aurten, Loiurako autobus zerbitzuek 40.000 bidaia baino gehiago izan dituzte hilabetero; 2023an uztailean eta abuztuan baino ez zen gainditu muga hori. Hala, otsailean, Mugi sistema sartu aurreko hilean, 20.978 bidaia egin ziren, eta martxoan 43.448. Apirilean 40.070 bidaia egin ziren, maiatzean 46.360, ekainean 54.388, uztailean 58.447, abuztuan 64.276 eta irailean 49.310. Kontuan hartu beharra dago ekainaren 20tik irailaren 30era bitartean, zerbitzuak ordu erdiko maiztasunak izan ditu.

"Gipuzkoako garraio publikoaren aldeko apustu sendoa egiten ari gara, gero eta gipuzkoar gutxiago egon daitezen ibilgailu pribatuaren mende joan-etorriak egiteko. Horretarako, Mugi sistemak eskaintzen duen zerbitzu zorroa zabaltzen ari gara, eta garraio publikoa indartzen, gure erabiltzaileen benetako beharretara egokitu dadin ", adierazi du Azahara Dominguez foru diputatuak.