EnpresaBIDEAren I. Topaketa
Lurralde lehiakortasunaren, ekonomiaren eta euskararen bideetan barrena
EnpresaBIDEak bere lehen topaketa egin du Bilboko BAT dorrean, euskal ekosistema ekonomikoko zenbait eragile bilduta
EnpresaBIDEAk beste urrats bat eman nahi izan du eta I. Topaketa burutu du Bilboko BAT (B Accelerator Tower) dorrean, euskal ekosistemako askotariko eragileak leku bakar batean bilduta. Lurralde lehiakortasunaren oraina eta etorkizuna, eta euskarak ekonomia eta enpresa munduan duen rola izan ditu hizpide I. Topaketak, bertaratu diren 100 bat gonbidaturen aurrean. Mondragoneko, Euskal Herriko Unibertsitateko, Kutxabankeko, Iberdrolako edota Eusko Ikaskuntzako kideak bertaratu dira, besteak beste, EnpresaBIDEAren lehen jardunaldira.
Lurralde-lehiakortasuna: Nora goaz? izenburupean, lurralde lehiakortasunaren arlo horretan norbere eremuan egindakoak eta aurrera begira egin beharrekoak izan dituzte hizketa gai Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko jarduneko diputatuak, Eduardo Ruiz de Gordejuela Kutxabankeko zuzendari nagusiak, eta Estibaliz Goñi Iberdrolako Prozesu eta Teknologien zuzendariak, Maite Reizabal EnpresaBIDEAko erredakzio burua moderatzaile lanetan dela.
Euskarak izan duen bilakaera, enpresetan duen erabilera, eta ekonomia arloan etorkizunera begira dituen erronkak aztertu dituzte
Bigarren mahainguruak, berriz, Ekonomia, enpresa eta euskara izenburupean, hiru arlo horien uztartzea izan du hizketa gai. Niko Cuenca analista ekonomikoak eta EnpresaBIDEAko koordinatzaileak moderatu duen eztabaidan, euskarak izan duen bilakaera, enpresetan duen erabilera, eta ekonomia arloan etorkizunera begira dituen erronkak aztertu dituzte Leire Mugerza Mondragoneko Kontseilu Errektoreko presidenteak, Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako presidenteak, Jasone Aretxabaleta SPRIko Euskara Planeko arduradunak, eta Joseba Barandiaran Ekonomisten Euskal Elkargoko presidenteordeak.
Pausoz pauso
Hain zuzen ere, bertako ekonomia eta enpresa munduaren ekosistema ikusarazi eta kohesionatu asmoz jaio zen duela urtebete pasatxo EnpresaBIDEA, 2022ko apirilaren 25ean. Pilar Kaltzada bertako Administrazio Kontseiluko kide eta hedabidearen sortzaileak Topaketan azaldu duenez, egun horretan lehen aldiz ‘argitaratu’ botoia klikatu zuenetik, etengabe dihardu lanean ekonomia eta enpresa gaiak euskaraz jorratuz, betiere ikuspegi zabala eta kritikoa gure hizkuntzan eskainiz.
Sortu eta zazpi hilabetera iritsi zitzaion indarra eta motibazioa eman dizkion aitortza: Rikardo Arregi Komunikazio Saria. Aitortza horrek ikusgarritasuna eman dio batetik, eta irakurle eta sareetan are gehiago zabaltzea ahalbidetu dio bestetik.
"Ekonomiak zer eta nola egiten den esaten du, eta EnpresaBIDEAk azalpen hori euskaraz eskaintzen du, etxeko giroan"
Pausoz pauso eta bidea irekiz, abenturan aurrera dihardu EnpresaBIDEAk. "Ekonomiak zer eta nola egiten den esaten du, eta EnpresaBIDEAk azalpen hori euskaraz eskaintzen du, etxeko giroan", azpimarratu du Kaltzadak. "Zergatik? EnpresaBIDEAk ere, bertakoa izaki, euskaraz bizi nahi duelako", gaineratu du.
Jardunaldiaren itxiera Onintza Enbeita bertsolariak egin du, ekitaldiko ideia nagusiak bertsotan laburbilduta.