Makina Erreminta Museoak 25. urteurrena ospatuko du
Datorren ostegunean, azaroaren 28an, egingo da museoarentzat “mugarri bat” izango den ekitaldia
25. urteurrena beteko du Makina Erreminta Museoak azaroaren 28an. Ospakizuna egiteko bilduko dira sektoreko hainbat enpresa eta erakunde, eta Rafa Zulaika museoko zuzendariak adierazi duenez, ekitaldia etapa berri baten hasiera izango da. “Mugarri" baten gisa kalifikatu dute, “makina-erremintaren bilakaera zaintzeko eta zabaltzeko gune paregabe baten historian”.
1998ko abenduan ireki zen Elgoibarren (Gipuzkoa) eta makina erremintaren kontserbazio eta berreskurapenean egin dute lan. Erakustokira gerturatzen denak aukera izaten du ikusteko nola joan diren garatzen hainbat teknologia urteak pasa ahala. Orotara, hogeita bost ekipo operatibo ditu museoak, eta historia teknikoa ezagutarazteaz gain, “giza historia ere erakusten du, sektorea eratu duten emakumeen eta gizonen, ekintzaileen eta langileen ondarea babestuta”.
Erakustokiaren urteurrena ospatzera gerturako dira, besteak beste, Elgoibarko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza; patronatuko kideak ere bertan izango dira, alegia, AFM Cluster, IMH Campus, Danobatgroup, museoaren lagunak eta ongileak.