MerkaLan azokaren V.edizioa | Argazkia: Irekia

EKONOMIA

Abian da MerkaLan enpresari eta langileen azoka

Lanbidek antolatutako azokaren bosgarren edizioa Ficoban egingo da. Urriaren 1ean hasi zen, eta bihar bukatuko da

Martxan da MerkaLan azokaren bosgarren edizioa. Urriaren 1etik 3ra bitartean Lanbidek antolatutako azoka egingo da Ficoban, Irunen. Azoka mistoa da, presentziala eta online erakoa, eta gaur, urriaren 2an, egun presentziala prestatu dute. Azokaren helburua enpresa eta profesionalak elkartzea da: enpresei laguntza eskaintzen zaie profesionalak kontratatzeko prozesua errazteko, eta aldi berean, lan mundura gerturatzeko laguntza ematen zaie profesionalei.

Gaurko egun presentzialean hainbat ekintza antolatu dira: Pablo Peñalver adituak lanpostu bat bilatzerako orduan adimen artifiziala nola erabili azalduko du; horrez gain, tailer bat eskainiko da lan elkarrizketa bat prestatzeari buruzkoa, eta beste bat, lan elkarrizketetan hitzik gabeko lengoaiak duen garrantziari buruzkoa, besteak beste.

Mikel Torres, lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuaren hitzetan, “helburua ez da soilik enplegua sortzea, baizik eta baloreetan oinarritutako lan merkatua sustatzea, non enpresek zein langileek erantzukizun eta aurrerapen helburu bera partekatzen duten”.

Guztira 140 enpresek eman dute izena azken edizioan. 496 lan eskaintza eta 1.059 lanpostu argitaratu dituzte enpresa horiek. Birtualki 4.634 pertsonek hartu dute parte (urriaren 2ra arte), eta presentzialki beste 1.662 pertsona bildu dira Ficoban.