Maria Nanclares eta Rocío Vitero | Argazkia: Gasteizko Udala

EKONOMIA

Programa berria aurkeztu du Gasteizko Udalak merkataritza sektorean belaunaldien erreleboa errazteko

200.000 euro bideratuko dira ekimenera. Viterok gogoratu du Gasteizko merkatarien %30ak baino gehiagok 50 urte baino gehiago dituela

Programa berri bat aurkeztu du Gasteizko Udalak, EH Bildurekin egindako akordioari esker, merkataritzaren sektorean belaunaldien arteko erreleboa sustatzeko. Hala azaldu dute gaur egindako prentsaurrekoan Rocío Vitero udaleko EH Bilduko bozeramaileak eta Maria Nanclares Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo zinegotziak.

Azaldu dutenez, 200.000 euro bideratuko dira ekimen berri horretara, eta “lehentasunezko helburua Arabako hiriburuko enpresa komertzialen transmisioa modu planifikatu eta eraginkorrean erraztea da”.

Programak hainbat fase edukiko ditu: lehenik eta behin, merkataritzaren sektorea aztertuko da, udalerri mailan; ondoren, diagnostiko bat egin eta beste esperientzia batzuk aztertuko dira; azken fasean, ekintza plana ezarriko da. Hala, erreleborik ez duten enpresak zeintzuk diren identifikatzen saiatuko dira txandaketa egiten laguntzeko.

Viterok hainbat datu jarri ditu mahai gainean, “kezka sorrarazten” dutenak: merkatarien %30 baino gehiagok 54 urte baino gehiago ditu, eta, horregatik, beharrezkoa deritzo “belaunaldien arteko erreleboa erraztuko duten politikak sustatzea”. Nanclaresek gehitu du programa berri honen bitartez “pertsonen ekintzailetza erraztuko” dutela.