Argazkia: iStock

EKONOMIA

Merkataritza elektroniko bidezko salmentak inoizko handienak izan ziren iaz EAEn

Erosketak 22 milioi euro ingurukoak izan ziren, 2022an baino %10,7 gehiago

2002az geroztik, sarean eta beste sistema elektroniko batzuen bitartez egiten diren salmentak etengabe hazi dira, Eustaten arabera. 2023an, lehen aldiz merkataritza elektroniko bidezko salmentak 30.000 milioi eurotik gorakoak izan dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %12,8 igo ondoren. Horrela, igoera berri horiekin, joan den 2023an salmentetan 30.021 milioi euroko zifra lortu zen, historiako handiena.

Merkataritza elektronikoaren bidez egindako erosketei dagokionez, 21.780,3 milioira iritsi ziren, 2022an baino %10,7 gehiago. Salmenta elektronikoetan, hiru lurraldeetan izan da hazkundea: Araban %12,6 hazi da, Bizkaian %13,8 eta Gipuzkoan %12. Erosketa elektronikoetan, berriz, Gipuzkoa nabarmendu da, %12,7ko hazkunde izan duelarik; ondoren Araba, (%10,5), eta azkenik Bizkaia, (%9,6)

Tamainaren arabera, hamar langile edo gehiagoko establezimenduetan egiten da diru gehien merkataritza elektronikoaren bidez. Gainera, 2023an merkataritza elektronikoan parte hartu duten saltokien kopurua bost hamarren hazi da 2022aren aldean, denera %29,2. Hazkunde hori, estatistika erakundearen arabera, elektronikoki erosten dutenetan oinarritzen da (%26,3), aurreko urtearen aldean ehuneko 0,6 puntu igo ondoren, eta, neurri txikiagoan, salmenta elektronikoak egiten dituztenetan (%8,8), ehuneko 0,3 puntu hazi ondoren.