Mikel Irujo: "Autokontsumoa %300 igo da Nafarroan azkeneko hiru urtetan"
Nafarroako industria kontseilariak inbertsio nahiz energia proiektu handientzako Nafarroaren erakargarritasuna azpimarratu du, eta industria oso intentsiboa izanik ere, trantsizio energetiko nahiz digitalean emandako urratsak gogorarazi ditu
Nafarroako ekonomian berebiziko garrantzia du industriak. Mikel Iruko Amezagak (Caracas, Venezuela, 1972), sektorea babestu beharra dagoela uste du, lurraldeko ekonomia hazten jarraitu ahal izateko. Horren baitan, egungo testuinguru ekonomikoak dakartzan erronkei aurre egiteko sendo ikusten du lurraldeko industria ehuna. Nafarroako Gobernuko Industria eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak enpresen errotzea, Next Generation funtsen kudeaketa, nekazarien aldarriak, energia berriztagarriak edota nazioarteko merkataritzaren azken joerak izan ditu mintzagai.
BPGaren hazkundea %1,9koa izan zen iaz Nafarroan, eta 2024an hazten jarraitzeko indarra duela defendatu duzu azken agerraldietan. Horretarako industriak sendotzen jarraitu behar duela diozu. Zein izango litzateke hazkunde mailari mantentzeko foru gobernutik bideratu nahi dituzuen ekintzak?
Europa mailan politika industrialak modaz kanpo gelditu ziren aspaldian, eta urteak izan dira inolako estrategia edo politikarik egiten ez zirela. Orain industria bueltatu da lehentasun politiko eta ekonomiko bat bezala. Nafarroan %30 da industria, eta babestu behar dugu, beti izan baita gure indargune nagusiena. Sektorea sendotzeko trantsizio bikoitz famatua egin behar dugu, bai ekologikoa bai digitala. Gure gobernu programan industria mahai bat sortuko genuela azaldu genuen. Ez bakarrik mahai bat sortu, baizik eta talde eta erakunde guztiekin parte hartze prozesu bat lortu. Parte pribatu guztiarekin adibidez, enpresa elkarteekin, merkataritza ganberarekin, unibertsitateekin edota klusterrekin. Ekonomia soziala ere sartu dugu, baita kooperatibismo mundua ere. Hortik hasi ginen hausnarketa batean, eta ekosistema hobetu behar genuela ondorioztatu genuen. Hasieran gobernantza hobetu behar da, hori ez baitaukagu. Badugu ekonomia sozialaren kontseilu bat, baina ez daukagu gobernantza bat sendotuta, erabaki azkarrak hartzeko.
Ekosistema ostean, bigarrena balioak dira. Enpresa bakoitzak bere balioak dauzka, baina ez ditugu inoiz legedi batean sartu. Nola bultzatu nahi ditugu balioak? ESG (Environmental, Social Governance) printzipio famatu horiek. Enpresa pribatuak ESGtan inbertitzen ari dira, eta balioak demostratu behar dituzte. Enpresa familiar eta ekonomia soziala arlo honetan nahi dugu indartu ere, errotuta daudelako. Gero pertsonak datoz. Hemen bisitatzen dituzun enpresen arazorik handiena langile eta kapazitate falta da. Nola moldatu reskilling eta upskilling famatu hori. Von der Lyenek joan zen iraileko hitzaldi batean Europa mailan enpresa txiki eta ertainen %74k langile gaitasuna falta zeukatela aipatu zuen, ez zituztela langileak aurkitzen. Hori gertatzen da hemen, eta munduko leku guztietan.
"Hemen bisitatzen dituzun enpresen arazorik handiena langile eta kapazitate falta da. Nola moldatu reskilling eta upskilling famatu hori"
Trantsizio energetikoak ikusi dugu zer eragin daukan lehiakortasunean. Gure biztanleko gas kontsumoa da erkidegoaren kasik bikoitza da. Hemen kontsumitzen dugu gas pila bat. Zergatik? Zazpi paper fabrika ditugulako Nafarroan. "Congelados" sektoreko hiru enpresa oso handi, Viscofan munstro bat da kontsumitzaile bezala eta fundizio asko ere baditugu. Oso intentsiboak gara. Trantsizio digitalari dagokionez, oso atzeratuta goazela onartu beharra dago. Gure esfortzu guztia jarri behar dugu, trantsizio digitala gabe deus ez delako gertatuko. Ikerkuntza, ekintzailetza, lurraldetasuna, logistika, lur industriala, energia aldetik zer konektibitate daukagun, finantzaketa... Mundu berrian gaude eta finantzaketak asko izan ahal dira, baita fiskalitatea ere. Hori dena bultzatu behar dugu, eta hasteko datorren urterako industria foru lege bat proposatuk dugu.
Departamentu desberdinetako lerroak aipatu dituzu, eta baita lurraldetasuna ere. Nafarroan BPGaren %30 industria da, baina oso atomizatuta dago. Hori orekatzeko planik baduzue, industria beste eskualdetara hedatzeko?
Nahiko sakabanatua dugu industria. Hiriburua hiriburua da, Iruñerria, eta biztanleriaren %40 hemen inguruan bizi da. Horrek jada zenbakietan eragiten du. Baina sektoreka, nekazaritzako elikagaien industria bigarrena da. Lanpostuetan lehenengoa, fakturazioan lehenengoa automozioa da. Elikagaien industria gehiegi ez dago Iruñerrian, bereziki Erriberara joan behar zara. "Congelados-en" sektorean seigarren potentzia gara munduan. Virto, Congelados de Navarra eta Gelagri enpresak ditugu. Lehenengo biak gainera enpresa familiarrak. Eredu hori gustatzen zaigu.
Zangotzaldean daukagu Viscofan, eta gero 10 kilometroko eremuan Smurfit Kappa, Goikoa, Carnicas iruña, Irunberrin Nordex dago Europako palen faktoria bakarra. Orain Accionak pala horiek birziklatzeko planta jarriko du alboan. Lizarraldean ere dinamismo ikaragarri handiago dago eta Sakanan desenplegu gutxien duen bulegoa dugu Altsasun. Gainera, sektore berrietan azken inbertsio handiak ikusten baditugu, Iruñerritik kanpo izan dira. Hidrogeno berdearen inguruan erakarri ditugu bi proiektu. Bat gurea da, Ciudad Agroalimentaria de Tudelan egindakoa. Bestea Accionarena Zangotzan, 90 milioi euroko inbertsioa gauzatuz. Hori gutxi balitz, Nordexek elektrolizadoreak ekoiztu nahi ditu Nafarroan, eta lantegia Barasoainen ezarri lezake.
"Sektore berrietan azken inbertsio handiak ikusten baditugu, Iruñerritik kanpo izan dira. Hidrogeno berdearen inguruan bi proiektu erakarri ditugu"
Lur industriala ere kontuan hartu beharra dago proiektuok bideratzean. Berez merkatuak berak bideratzen du, izan ere Iruñerrian edo Erriberan lur eremuaren prezioa erabat desberdina da, hiru edo lau aldiz altuago delarik Iruñerrian. Dena den, uste dut lurralde bakoitzak aurkitu behar duela bere nortasuna. Erriberak nekazaritza elikagaiek inguruko industria hori garatu du, nortasun bezala. Azkoien eta Erriberagoienan ere industrializazio prozesu handiak eman dira. Enpresa bat aipatzearren, Excalek 1.000 langile dauzka Martzilan.
Kanpora begira, Nafarroako industria babestu beharra aipatu izan duzu, eta Europako politikak egokitzea ere komeniko litzatekeela. Zer nolako neurriak aplikatu beharko lituzke Europako Batasunak?
Gure egoera mundura egokitu beharra dugu. Politika komertzialean egungo arauak orain dela 20 urtekoak dira kasik, oso gutxi aldatu dira. Orain dela 20 urte Txinaren egoera erabat desberdina zen. Europan ekoiztu den auto bat Txinan esportatzeko arantzela %25 da, Txinatik hona inportatzeko, aldiz, %15. Beharbada orain 20 urte zentzua zuen, gaur egun ez. Uste dut buelta bat eman behar zaiola merkataritza politika bateratu horri. Lehen sektorea egiten ari den hainbat eskakizunekin bat egin ahal dut, ez baikara orekatzen ari mundu mailan dugun legedi berdea. Ezin dugu hemen asko exijitu eta gero produktu bat inportatzen dugunean ez egin.
Azken batean hainbat eta hainbat konponente Txinatik ekartzen dira askoz merkeagoak direlako, eta ez diogu horri inolako galgarik jartzen. Baina hori esanik, aldaketa berde guzti hauek trantsizio ekologikoa bizkortu behar dute. Pandemiak eztabaida asko bizkortu ditu. Pandemia aurretik Bruselan argi esaten zuten zer nolako atzerapena genuen baterien auzian. 2017an sortu zen Europako Batzordeak bultzatutako baterien aliantza adibidez. Zazpi urte beranduago debatitzen ari garen zenbait gauza aipatzen ziren orduan, gure etorkizuna elektrikoa izan behar zela, automozio elektrikorantz joan behar zuela. Oso urte onak ziren automozio alorrean, energia ez zegoen batere garesti. Hor zeuden datuak, baina ez genion behar zuen arreta ipini. Estrategia berdea da gure etorkizuna salbatuko duen bakarra. Prezio aldetik, orain dela hogei urte, dena Asiara eramatea zen ideia, merkeagoa zelako. Oso harroputzak ginen, eta pentsatzen genuen ez zutela ikasiko. Gaur egun teknologia aldetik hainbat alorretan, baterietan adibidez, gu baino askoz aurreratuago daude.
"Lehen sektorea egiten ari den hainbat eskakizunekin bat egin ahal dut, ez baikara orekatzen ari mundu mailan dugun legedi berdea"
Oso berandu hasi gara eta orain bizkortu behar dugu. Jarraituko dugu munduko errekuntza motor onenak egiten, baina horrek muga bat izan behar du, eta konturatzen garenerako sekulako arazoa izango da. Orain dela 20 urte munduko ekonomiaren %33a ordezkatzen genuen, eta azkeneko datuen arabera, ez gara %18ra heltzen. Txikitzen ari gara, munduan bizi diren %94 ez dira Europan bizi. Galduta gaudela ez, baina espabilatu behar dugu.
Automozioa sektorea Nafarroako BPGaren %6 da. Eman dituzue urratsak, NAVEAC sortu zenuten eta horren baitan, Naitecekin batera, Naveac Drive Lab egitasmoa, ibilgailu elektrikoa eta mugikortasun berria bultzatzeko. Zer ondorio atera dituzue eta zer ikasi duzue?
Lanean jarraitzen dugu, ekosistema txiki bat da. Iniziatibak elkartzen dira bertan bai industria enpresak, bai zentro teknologikoak, bai unibertsitateak. Guk administrazio bezala tresnak ipintzen ditugu, dirulaguntzak, normalean. Proiektu estrategikoen deialdian dugu eta talde guzti horien elkarlanak edo proiektuak bultatzen ditugu. Urtero 14 milioi euro inguruko deialdia, bertan automozioa adibidez sartzen da. Oso positiboa izaten ari da egitasmoa. Bereziki gure enpresa txiki eta ertainak laguntzen ditugu. Normalean handiek beren estrategiak baitituzte. Volkswagenek bere erabaki garrantzitsuenak Alemanian hartzen ditu, eta gure enpresa txiki eta ertainei lagundu behar diegu erabakiak hartzen.
Elektrifikazioaz ari garela, allde batetik automozio sektorea dugu, baina bestetik karga guneak daude. Gaur egun 50kw-tik gorako karga duten 21 kargadore baino ez daude Nafarroan. Helburu bezala jarri zenuten 40 km bakoitzeko karga gune bat egotea. Zer moduz doaz egitasmo hori?
Datu irekiak eskaintzen ditugu, 24 orduro eguneratzen direnak. Oraintxe bertan 2.180 karga gune ditugu, 2020an 239 ziren, hau da, 2.000 ipini dira azken hiru urteetan. Potentzia handiko kargadoreak ez dakit zenbat diren orain zehazki. Moves programa erabili dugu. Programako lehenengo paketea biztanleriaren arabera banatu zen, eta bigarren paketea lehenengoa azkarren kudeatu duenak jasoko du lehenbizi. Gu izan ginen. Lehenengo bost milioi horiek bihurtu ziren hemezortzi. Kenkari fiskalak aplikatu ditugu gainera. Karga puntu bat jartzen baduzu, PFEZan kenkaria duzu, eta baita enpresa bat bazara ere. Kenkari fiskalek ere sekulako eragina izan dute.
Berriztagarrien alorrean ere Siemens Gamesa hor dago, 2026rako aurreikuspenak egin dituzte: 400 milioitan murriztu nahi dituzte egiturazko gastuak. Honek lanpostuetan eragina izango du? Kezkatuta al dago gobernua egoerarekin?
Jarraipen handia egin dugu hasieratik. Hemen Nafarroan 1.800 lanpostu zuzen dauzka Gamesak, bereziki ingeniaritzan eta logistikan. 2020an Agoitz itxi zutenetik, horrelako industria mota dute. Oso sektore garrantzitsua da guretzat, gure hirugarren sektorea, eta enpresarekin harremana mantentzen dugu. Beti egin dugu publiko zenbat gauza eskaintzen dizkion Nafarroak horrelako enpresa bati. Hemen ondoan dugu zentro esperimental bat, eta Gamesak hor probatzen eta testatzen ditu bere jarduerak. CENER gure zentro teknologikoa dago hor atzean. CENERek Zangotzan aersorgailuen laborategi bat ere badu. Entsegu horiek oso garestiak dira eta azpiegitura izan behar duzu. Nafarroan badugu azpiegitura hori. Gure bi unibertsitateek ere azpiegiturak dauzkate. Batek energia berriztagarrien katedra du, eta formakuntza aldetik ere erantzuten dugu. Gamesak beti onartu du oso zaila egingo zitzaiela, adibidez, Alemanian bertan aurkitzea hemengo ingeniaritza ezagutza. Gaitasuna hemen aurkitu dutela onartzen dute. Balio kate guztia dute Nafarroan, eta hori oso gutxik eskaintzen dute munduan.
"Gamesak beti onartu du oso zaila egingo zitzaiela, adibidez, Alemanian bertan aurkitzea hemengo ingeniaritza ezagutza. Balio kate guztia dute Nafarroan, eta hori oso gutxik eskaintzen dute munduan"
Azaroan Gamesak plana aurkeztu zuenean, iragarri zuen enpleguan ez zuela eraginik izanen, eta mantentzen dute horrela izango dela. Badakigu proiektu berrietan ere pentsatzen ari direla, eta gure ekosistema kontuan hartzen dute. Berriztagarrietan dugun indarra kasik beste inork dauka, bai teknologia aldetik, bai gaitasun aldetik ere. Kluster bat ere badugu, eta bere indarra du. Hauek dira zure beharrak, eta guk hemen ditugu erantzunak.
Sodenarekin batera enpresei laguntzeko martxan jarri zenuten Aftercare programa. Nafarroan inbertitzen duten enpresekin lantzean behin bildu eta euren ikuspegia ezagutzeko. Nolako hartu-emana izan duzue enpresa hauekin?
Aftercare multinazionalei bideratuta dago soilik. Aspaldi hasi zen Sodena lanean eta enpresak sentitzen dutela hor gaudela. Ez da gutxi. Ez daude irla batean. Badaude enpresa batzuk ekosistemarekin bat egiten dutenak. Zuk antolatzen dituzu ekitaldiak edo deialdiak, eta etortzen dira. Bi urtean behin bisitatu behar ditugu enpresa guztiak. Kasik 125 multinazional daude Nafarroan, beraz, asko dira. Oso ekonomia irekia dugu. Bi urtean behin erradiografia oso zehatza egiten dugu. Beharrak zeintzuk diren identifikatu, arazoak daudenean ahalik eta azkarren erantzuteko. Arazoak, azpiegitura aldetik edo langileekin gaitasuna aldetik etorri daitezke, eta gure lan enplegu sareak programa bereziak dauzka enpresei formakuntza emateko. Orain ad hoc egiten ari gara, enpresa batek beharra badu ingenieritza elektrikoan, programak ditugu enpresa horri horrelako formakuntza emateko.
Enpresa txikiak ere badituzue, eta lehen aipatu duzu familia enpresaren garrantzia. Errotze hori bermatzeko zer politika edo tresna erabiltzen dituzue?
Sodenarekin oso esperientzia ona izan genuen. 2021ean Fondo Arraigo proiektua sortu genuen, eta Stellum Capitalekin batera oso lan politak egiten ditugu. Sodena bere kabuz aritu beharrean, beste funts batzuen laguntzarekin aritzea zen ideia, kasu honetan Stellum, eta beste batzuetan Nazca Capitalekin. Bi hauekin akordio bat sinatu genuen, eta hemengo enpresak errotzeko helburuarekin. Enpresa familiarrak bereziki esan behar dut. Enpresa familiarra eta giza ekonomia bi zutabe nagusi dira, benetan gure ekonomia errotzen eta sendotzen dutenak.
Kooperatibek beste finantzazio eredu bat dutenez, beharbada ez da hain erraza, baina hor ere bagaude. Merkatuak eskaintzen dituen baldintzak baino hobeak eskaini behar dituzu, bai interesetan, bai karentzian, bai epeetan. Bereziki zuzenduta egon behar du hazkundea programatua duten enpresei. Asko ikasten ari gara. Lau operazio sinatu dira jada. Enpresa familiarra bereziki eta giza ekonomia bi zutabe nagusi dira. dira gure ekonomia benetan errotzen eta sendotzen dutenak.
"Enpresa familiarra eta giza ekonomia bi zutabe nagusi dira, gure ekonomia benetan errotzen eta sendotzen dutenak"
Lehen sektoreak berebiziko garrantzia du, batez ere Nafarroan. Sektoreko erabaki gehienak Europan hartzen direla kontuan hartuta, zer punturaino eragin dezake foru gobernuak?
Zaila izaten ari da interlokuzioa. Departamentuak 49 proposamen egin zituen eta horretan dabiltza. Lehen aipatu dut, hainbat eskakizunekin erabat ados egon behar gara, bereziki, atzerriko produktuekin batera hemengo exijentzien inguruan. Baina erantzuna ez da 2030 agenda suntsitzea bazik eta justu kontrakoa. Hori bai, gobernu guztiei exijitu behar dizkiogu konpentsazio lerroak.
Arazo hau ez dugu nekazaritzan soilik, industria guztian gertatzen da. Adibidez, industria eolikoa Europan oso momentu latzean dabil. European Wind Charter horretan sartzen diren sei lerro horiek oso garrantzitsuak dira, hori da bereziki dugun arazo larriena. Merkataritza politika bateratua aipatu dut eta bere kapazitatea, finantzaketa, araudia, sinplifikazioa, … gauza bera errepikatzen ari gara. Erantzuna ez da bakarra, erantzuna anitza da.
Next Generation funtsei dagokionez, zure departamentua da finantzazio gehien bildu duena, 100 milioi euro baino gehiago. Kexa egon da komunitate askoren partetik Espainiako Gobernua funtsak nola kudeatzen ari den ikusita. Hiru urte pasa dira, eta %41 baino ez du banatu. Kezka dago ia dena ez den iritsiko?
Hitz egingo dizut Nafarroaren kasuaz. Pixka bat Moves programarekin alderatzen dut, hemen ere esan baitziguten banatuko zituztela 400.000 milioi euro eta bigarren paketea azkarrago kudeatuko zutela. Hasieran 11 milioi euro jaso genituen autokontsumorako. Oso azkar kudeatu genituen, eta historian Nafarroako Gobernuak izan duen deialdirik arrakastatsuena izan zen. Lehenengo egunean, 30 segunduro deialdi bat sartzen zen, eta 3.000 eskari baino gehiago sartu ziren. Aurrekontua erabat agortu genuen. 2021eko azaroaren 10ean, aurrekontu hori agortu zen eta jende asko geratu zen kanpoan.
Inork ez zuen espero, izan ere, guk 11 milioi euroko dirulaguntzak ez ditugu sarritan ematen. Nafarroan 672.000 pertsona gara, biztanleria aldetik Gipuzkoa baino txikiagoa gara. Gobernuari gehiago eskatu genion, bigarren paketea hartzeko prest geundela, eta hor atzerapenak izan ziren. Ez dut uste ministerioaren errua denik, Bruselak onartu behar baitu lehenago. Azaroan dirua agortuta, hurrengo udaberrian bigarren paketearen aurrekontua onartu ziguten, dirua ez zen heldu irailera arte. Jende askok 2021eko azaroan egin zuen eskakizuna eta 2022ko irailera arte ez genien ordaindu, eta hau lau aldiz gertatu da. Azkenean 35-36 milioi euroko aurrekontua izan dugu autokontsumoan. Prozesu hau bukatzean konturatuko gara zer nolako buelta eman diogun egoerari. Autokontsumoa %300 igo da Nafarroan azkeneko hiru urtetan. Azkeneko datuen arabera 170 Mw ditugu, eta orain lau urte 11 genituen. Oso datu onak lortzen ari gara. 11.000 eskaera izan ditugu denera.
"Hasieran 11 milioi euro jaso genituen autokontsumorako. Oso azkar kudeatu genituen, eta historian Nafarroako Gobernuak izan duen deialdirik arrakastatsuena izan zen"
Nafarroako Gobernua Ebro Food Valley proiektuaren bultzatzaile izan da, eta nekazaritza elikaduraren lehen ESEPEAn Nafarroak parte hartzen duen Spain Food Valley proiektuak 12 milioi euro jaso zituen. Nekazaritza elikaduraren ESEPEaren bigarren edizio bat izango da. Lurraldeko enpresak bertan egongo dira?
Bai, itxaropen handiak ipini ditugu ESEPE honetan. Lehenago bertan behera geratu ziren asko. Adibidez, industria inbertsioak egiteko kasik ez dago dirurik, dena ikerkuntzan geratu zen. Oso garrantzitsua da, baina industriak ere inbertsioak behar ditu.
Gobernuak esan du aurrekoan egon ziren burokrazia traba horiek lausotuko dituela.
Bai. Spain Food Valley 16 milioi euroko dirulaguntza izan zuen. Inbertsio handiak behar dira. Biomasa alorreko enpresa batek galdara bat jarri nahi badu, gutxienez, 10 milioi euroko inbertsioa egin behar du, eta elektrifikatu nahi badu horren bikoitza edo hirukoitza beharko du. Energia berriztagarri pila harri dugu, eta elektrizitate garbi hori erabili nahi dugu, baina erabiltzeko gure erronka nagusiena deskarbonizazioa da. Ekonomia zirkularra ere hor dago. Hondakinak, hondakinen berrerabilera, plastikoak gutxitzea, uraren kudeaketa…
Zuentzako garrantzitsua da VEC ESEPEa, ibilgailu elektrikoarena. Hyundai Mobisek 12,8 milioi euro lortu ditu, Noainen bateriak ekoizteko lantegi berria egiteko, 64 milioi euroko inbertsioarekin. Dana Automocionen proiektuak ez du funtsik lortu. 9 milioi euroko inbertsioa burutu nahi zuen Landabengo lantegian, batez ere kamioiak eta ibilgailu komertzialei begira. Zapore gazi gozoa izan duzue?
Deialdi guztietan gure enpresa guztiek ESEPEak jasotzea nahiko genuke noski. Moves programa Nafarroa mailan mende honetan egingo den bigarren inbertsio handiena izango da, 200 milioitik gorakoa. Bereziki sendotzen du gure sektorea. Gure automozioaren industriak egin ditu egin beharreko pauso guztiak. UPNk 2021ko udan zioen auto elektrikoa ez zela ekoiztuko Nafarroan. Volkswagenen esan zuen, bai ekoiztuko dugu. Bi modelo izango dira Skoda eta Volkswagen. Gero gure hornitzaileen sektoreak asko sufrituko zuela zioten, Martorell-eko (Katalunia) lantegira era eramango zutela dena. Orain programak azaldu duena zera da, beste alor guztietan ikusi duguna, gure hornitzaileen sektorea indartu dela. Are errekuntza motorreko auto hornitzaile kopurua baino handiagoa izango du auto elektrikoak. Martorellekiko ez gara inolaz ere ahuldu, justu kontrakoa, indartu egin gara.
Volkswagen taldeak orain dela 30- 40 urte erabaki zuen motorra hemen ez egitea. Motorrak ekialdetik etortzen ziren, eta bere garaian eztabaida handia izan zen, huts egindako aukera bat bezala hartzen zen. Volskwagen 1.000 milioi euroko inbertsioa egiten ari da hemen, Movesek 200 milioi euro baino gehiagokoa egingo du. Automozio alorrean inbertsio handiak egin behar dira. eta gero auto guzti horiek saldu.
Dana Automocionek kamioiak ekoizten ditu, eta zailagoak dira horiek elektrifikatzea. Trantsizio energetikoak duen erronketako bat da, ibilgailuez gain, elektrifikatzeko konplikatuak diren beste ibilgailu mota batzuk elekrifikatzea. Hor sartuko litzateke hidrogenoa, ezta?
Guk erreferentzia izan nahi dugu hidrogeno berdean. Ura, eguzkia eta haizea dugu. Hiru elementu horiek beharrezkoak dira hidrogenoa ekoizteko. Zangotzan Acciona egiten ari dena, ez da beste inon egiten ari. 2025erako hidrogenoa ekoiztu nahi dute bertan. Horrelako eskala industrial batean badaude antzeko ereduak, adibidez Repsol Bilbon egiten ari dena, edo gu Tuteran, baina kasu txikiak dira. Industria munduan Acciona da bakarra. Lehenengoa izan nahi du eta Nafarroan egin nahi du. Baina prezio aldetik lehiakorra dela erakutsi behar du hidrogeno berdeak. Zer nolako azpiegiturak dituen ere bai, zaila baita garraiatzea, hibridazioa ehuneko txiki batean dago, molekulak oso txikiak omen dira eta oso ezegonkorrak, baina Europaren erronka handienetako bat da. Osagai guztiak ditugu gure energia ekoizteko, eta kontinente bezala beste erabaki batzuk hartu beharko direla uste dut, hidrogeno berdea benetan gure etorkizuna izatea nahi badugu.
"Osagai guztiak ditugu gure energia ekoizteko, eta kontinente bezala beste erabaki batzuk hartu beharko direla uste dut, hidrogeno berdea benetan gure etorkizuna izatea nahi badugu"
Eusko Jaurlaritza eta Aragoiko eta Kataluniako gobernuarekin batera, Ebroko hidrogeno korridorearen parte zarete. Zer moduzko esperientzia izaten ari da?
Ona. Horrelako proiektu bat garatzeko, denok txikiak izanik, denon arteko elkarlana behar dugu. Ez da erraza, gero proiektu zehatz bat ateratzen bada, denok nahi baitugu gure lurraldean ateratzea. Baina ez da bakarrik gobernuak biltzen garela, baizik eta denok daukagu gure hidrogeno berdearen estrategia, eta estrategiaren atzetik enpresak daude. Argazkietan atera ahal dira diskurtsoak, baina benetan esan behar dut politikari bezala, garrantzitsuena atzean 200 enpresa baino gehiago daudela da. Jardunaldia hasten da diskurtsoekin, baina enpresen arteko bilerak ere badaude, eta hortik proiektuak atera behar dira. Hori da benetan korridorearen muina. Enpresak, unibertsitateak, zentro teknologikoak batzea eta hortik aurrera zer nolako proiektuak ateratzen diren ikustea.
Oso arrakastatsua izaten ari da, eta espektatiba handiak sortzen ari da hidrogeno berdea. Araudia da gobernu baten eskumena, sinplifikazio aldetik proiektuak nola erraztu pentsatu behar dugu, Acciona Zangotzara etortzeko adibidez. Gero laguntzak edo zer finantzaketa mekanismoak dituzun aztertu beharra dago. Adibidez, Nordexek elektrolizadoreak egin nahi zituen hemen eta hasieran Sodenak jarri zuen finantzazio erdia. Azkenik, fiskalitate aldetik ere kenkariak ezarri dizkiogu hidrogeno berdeari. Erakargarriak izateko i aberatsak eta azkarrak izan behar gara. Ez dakit aberatsak garen, baina azkarrak izan behar gara.