Argazkia: Utzita

Languages Lanean

Miren Dobaran: "Eremu sozioekonomiko pribatua irabaztea da euskarak eman behar duen hurrengo pausoa"

Hizkuntzen kudeaketan euskarak erakundeei balio erantsia ematen diela aldarrikatu du Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politiketako sailburuordeak. Hizkuntza kudeaketa aurreratu batek prestigioa eman eta lehiakortasuna ere areagotu diezaieke

Hizkuntzen kudeaketa aurreratu bat egitea enpresa nahiz erakunde baten lehiakortasuna areagotzeko bidea da, eta lan ingurune eleaniztun batean, hizkuntza bakoitzari dagokion lekua emateak lanketa handia eskatzen du. Languages Lanean kongresuan sektore askotako erakundeen hizkuntzen kudeaketa ereduak ezagutu ahalko dira, eta kudeaketa horretan euskarak duen lekua aztertuko da. Jaurlaritzak antolatu du kongresua, eta Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordearen esanetan, esparru sozioekonomiko pribatuan eman du behar du euskarak hurrengo urratsa. Era berean, hizkuntza hegemonikoei aurre eginez, euskara ere esparru digitalean egiten ari den aurrerapausoak nabarmendu ditu, erakundeen hizkuntza kudeaketa erraztuz.

Zergatik erabaki da Languages Lanean bezalako kongresu bat egitea. Zer helburu du topaketak?

Gure aspaldiko helburu nagusienetako bat eremu sozioekonomiko pribatuan euskararen erabilera sustatzea izan da. Kongresua beharrezkoa zela uste genuen, sektore ekonomiko pribatuaren ingurunea gero eta globalizatuago delako eta konplexutasun horretan erakundeak hizkuntzen kudeaketa egiten ari direlako. Gaur egun edozein tokiko enpresak hizkuntza bakarrarekin ez du funtzionatzen, eta hizkuntzak kudeatzen ari da. Gure helburua enpresa gehienetan euskara kudeaketa horretan txertatua egotea da, eta hori gertatzen ari da askotan. Hizkuntza kudeaketa hori nola egiten ari den ezagutarazteko momentua zen, eta merkatuan lehiakorra izateko eta benetako kalitatezko zerbitzuak emateko abantaila dela azaldu nahi dugu, gure hizkuntza ere kudeaketa aurreratu horretan txertatuz.

Zeini zuzenduta dago kongresua?

Nik uste dut enpresarientzako badela oso-oso garrantzitsua, izan ere, balio erantsia kanpora begiraz gain, barrura ere eman dezake. Kanpora begira, lehiakorrago izateko frogatuta dagoelako. Prestigioa ematen du hizkuntzen kudeaketa aurreratu horrek. Normalean hizkuntzen kudeaketa aurreratua egiten duten erakundeek ere gainerako gizarte erantzukizunari lotutako gaiak kudeatzen badabiltza. Hori guztia ikusi eta ezagutu behar dute enpresariek, langileek, bezeroek eta hornitzaileek.

"Gure aspaldiko helburu nagusienetako bat eremu sozioekonomiko pribatuan euskararen erabilera sustatzea izan da"

Guk dakigun eta ezagutzen dugun hori sozializatu beharra zegoen. Parte hartzaileek ikusiko dute benetan euskarak ere merezi duela leku bat beren enpresetan. Dena abantaila dela azaldu nahi dugu. Esaten da globalizazioa eta digitalizazioaren ondorioak bizi ditugula, baina nik uste dut oso momentu egokian gaudela. Erakunde publiko zein enpresetan ordezkapen handi bat egingo dela badakigu, jende askok hartu behar baitu erretiroa eta hor aukera bat daukagu. Zorionez gazteak beste ikuspegi batzuekin datoz. Enpresaburu askok helburu nagusia talentua erakartzea eta mantentzea dela esaten didate, eta euskararen kudeaketa izan daiteke horretarako faktore bat, gure gazteak ohituta daudelako hainbat hizkuntza erabiltzen, bai eremu formalean zein informalean. Beste balio batzuekin batera, euskara izan daiteke modu bat talentua erakartzeko. Lan giro ona eta hurbilekoa izateko erakundeetan. Horrek guztiak baditu abantailak enpresarako baina askotan enpresaburuei benetako praktikekin azaldu behar zaie, eta ez hizkuntza politikatik egindako diskurtso batetik. Barrura eta kanpora begira lehiakorrago izateko euskarak balio duela frogatu nahi dugu.

Hemen bi hizkuntza ofizial ditugu, Frantziarekin muga egiten dugu eta ingelesa edonon hitz egiten da. Errealitate soziolinguistiko hori ezagututa, zure ustez zeintzuk dira egunerokotasunean erakunde hauek dituzten erronka nagusiak?

Enpresak duen gauzarik onena bere egokitzeko gaitasuna da, eta hizkuntza kudeaketa erronka bat da, ez oztopo bat. Egun gainerako hizkuntzak kudeatzeko praktika dago eta enpresa bakoitzak euskarak zer leku duen erabaki behar du. Horretarako guk ere gidak eginda ditugu. Une honetan euskarak ere hartu du gainerako hizkuntza hegemonikoek hartutako olatua. Ingurune digitalean, adimen artifizialari esker, tresna asko ari gara garatzen. Une honetan itzultzaile neuronal potenteak ditugu, eta laster izango ditugu laguntzaileak. Teknologia entrenatzen ari gara gure hizkuntzan ere, hau da, makinek enpresetan euskaraz ulertuko dute. Corpus guzti hori lantzen ari gara. Euskarak ere ez du problemarik izango dagokion lekua izateko, eta enpresa bakoitzak dituen beharrizanei erantzun ahal izateko.

"Une honetan euskarak ere hartu du gainerako hizkuntza hegemonikoek hartutako olatua. Ingurune digitalean, adimen artifizialari esker, tresna asko ari gara garatzen"

Gazte eleanitzak ditugu eta gainerako hizkuntza hegemonikoetan dauden tresna teknologiko horiek garatzen ari gara. Erakundeen barne kohesiorako euskarak zer balio erantsi duen erabaki behar da, hizkuntza propio bat, hurbila den hizkuntza bat dela erakutsi. Erronkak izango ditugu, baina prest gaude behar diren tresnak garatzeko eta itzuli behar diren software eta aplikazioak ere egiteko. Enpresaburu eta erakundeetako arduradunak konbentzitu behar ditugu, eta horren inguruan eraiki da kongresu osoa.

Gainera, enpresa munduan izugarrizko konpetentzia dago, eta beti daude beraien markak monitorizatzen, nolabait ikusten zer ospe daukaten gizartean, eta adierazle diferenteak erabiltzen dituzte, hizkuntza tartean. Beraiek badakite hizkuntzaren kudeaketak prestigioa ematen duela, eta beraien markaren posizionamenduan eragina daukala. Garrantzitsua da markaren posizionamendua eta monitorizazioa egitean hizkuntza ere egotea beste arlo batzuk dauden moduan. Zergatik ari dira hizkuntza adierazlea sartzen? Segur aski ikusi dutelako balio erantsi bat dela bezeroei begira eta baita barrukoari begira.

Erronka handia da beraz, inguru eleanitz batean gainera, aipatu didazu baten bat, baina kudeaketa honi aurre egiteko zer baliabide ditugu egun?

Euskara planak egiteko laguntzak badaude. Badago gida bat ere hizkuntzen kudeaketa hori nola egin azaltzeko. Laguntasun iraunkor bat dago, zorionez herri txiki bat gara eta ondo komunikatuta gaude. Oso arin antzematen ditugu beharrizanak eta horrexegatik ari da Jaurlaritza hizkuntza politikako eragileekin lankidetzan, ahots sintesia garatzen, ahots corpus ikaragarri handiak egiten, makina aurreratuenak eta langileak ahots bidez komunikatuko direlako enpresetan. Hizkuntza hegemonikoak dauden tokira eraman nahi da euskara.

"Hizkuntz eskubideen ildotik ere geroz eta barneratuago dauka gure gizarteak erakunde publikoak ezinbestez gure bi hizkuntza ofizialetan erantzun beharra duela"

Ikusten ari garena da ez dagoela atzerapausorik, eta hizkuntzaren kudeaketa nahitaez txertatu behar dela. Hizkuntz eskubideen ildotik ere geroz eta barneratuago dauka gure gizarteak erakunde publikoak ezinbestez gure bi hizkuntza ofizialetan erantzun beharra duela, eta baita eremu sozioekonomiko pribatutik egindako eskaintza ere errespetuzkoa izan behar dela.

Konplexua, globalizatua, digitalizatua da gizartea, baina nik aukera handiak ikusten ditut. Gaitasuna eta esperientzia dugulako, orain dela urte asko hasi ginelako hizkuntzen kudeaketan, kooperatiba eta enpresa asko hasi baitziren orduan. Lehen eremu sozioekonomiko pribatuan zegoen hizkuntz gaitasunak euskarari dagokionez ez du zerikusirik oraingoarekin. Euskaldunak dira gazteak, lan egin nahi dute, berdin zaie hizkuntza, ohituta baitaude beraien eremu pribatuan ere beste hizkuntzak erabili eta kontsumitzera, eta hori aukera ikaragarri handia da euskararentzat.

Kongresuan Euskal Herriko hizlariez gain, nazioarteko eragileak ere izango dira. Zer garrantzia ematen diozue hemengo ereduak ezagutzeaz gain, nazioartekoak ere ezagutzeari?

Europako ikuspegia erakusteko asmoz egin dugu hizlarien aukeraketa, hau da, Europan eleaniztasunaren inguruan zer ari den eraikitzen aztertzeko. Ematen du badagoela apustu bat eleaniztasunetik eraikitzeko Europa. Horrexegatik daude hainbeste eskaera, eta orain katalana, galegoa eta euskara ofizial bilatzeko bidea hartuta daukagu. Gaelikoa ere bada ofiziala. Europako batasuna mantendu nahi badugu eleaniztasunetik eta kultur aniztasunetik izango da.

Eleaniztasunaren kudeaketa gauza normal bat dela ikustea ere nahi dugu. Horrexegatik Ipar Europako hizlariak ekarri ditugu, bai unibertsitatetik eta bai enpresatik. Hemen guk ere hizkuntza desberdinak ditugula eta hizkuntza hegemonikoek ere izugarrizko indarra daukatela azaltzeko. Kontua ez da estatu hizkuntza izatea, islandiarra estatu hizkuntza baita eta ingelesak ikaragarrizko eragina du bertan. Hiruzpalau hizkuntza kudeatzea gauza normala dela ikus dezatela da helburua, eta era berean, nola eragiten den ikustea.

"Nola mantentzen dugun plantilla iraunkor bat, motibatua dagoena eta enpresaren egiteko eta proiektuekin bat egiten duena? Parametro horietan mugitzeko hizkuntza aldagai positibo bat denean, guretzako arnasgune bat da"

Nazioartean ere ikusten ari gara hizkuntza desberdinen kudeaketak abantailak dituela. Balio erantsiak eta kuantifikagarriak diren abantailak eta alderdi kualitatibotik ere enpresa batentzako oso garrantzitsuak diren fenomenoak eragiten ditu. Gaur egun, gakoa hori da. Nola mantentzen dugun plantilla iraunkor bat, motibatua dagoena eta enpresaren egiteko eta proiektuekin bat egiten duena? Parametro horietan mugitzeko hizkuntza aldagai positibo bat denean, guretzako arnas gune bat da. Normalean langileek eskertu egiten dute enpresan euskaraz aritzeko edo euskara ikasteko aukera. Ingurune konplexuan borrokatzen ari diren enpresek esaten dute hizkuntzen kudeaketan jarri duten inbertsio hori positiboa izan dela enpresaren negoziorako.

Hizkuntzen kudeaketaren auzi honetan, euskarak izan beharko lukeen lekuaz ere hitz egingo da kongresuan eta erakundeei azaldu baduela balio erantsia.

Hori da. Kontua da ulertu behar dutela barrura begira ere zer balio erantsi sortzen duen. Alderdi kualitatibotik gero ikusten da zer emaitza ematen duen hizkuntzen kudeaketa aurreratu batek. Barrura begira ere, enpresa batek gai izan behar du pertsonei proiektu erakargarri bat saltzeko. Erakargarritasun horretan ez dago bakarrik soldata edo ordutegia. Beste gauza batzuk ere badaude. Ikuspegi integrala irakurtzen erakutsi nahi dugu. Hau abantaila da eta gainera gizarte erantzukizuna ere bai.

"Ikuspegi integrala irakurtzen erakutsi nahi dugu. Hizkuntzen kudeaketa abantaila da eta gizarte erantzukizuna ere bai"

Hizkuntza aniztasuna ere enpresak bere katalogoan saldu beharreko faktorea izan behar du, hizkuntz gutxitu baten sustapenerako ekarpena, esaterako. Gainera euskarak funtzionaltasun osoa du. Bakoitzak bere sektoretik jarrai dezala garatzen eta sustatzen. Eraikitzen ari garen terminologia, corpusa, giroa...hori guztia ulertzen dutenean jartzen dira enpresak kudeaketan. Eta kongresu hau egiten da gure hizkuntz komunitateak nahi duelako. Euskararen erabilera sustatu behar da, eremu berriak irabazi behar dira euskararentzat, eta eremu sozioekonomiko pribatua da une honetan hurrengo pausoa. Jauzi hori egin ahal izateko antolatu beharra dago, era profesional bateko kudeaketa eginez. Gu oso pozik gaude izen ematean 500 matrikulazio baino gehiago daudelako, gaiak interesa duela esan nahi du horrek.

Etorkizunera begira, nola ikusten duzu hizkuntzen kudeaketa hemendik 10-15 urtera eremu sozioekonomiko pribatuan?

Ni baikorra naiz, baina egia da magia bidez ez dela egingo. Guztion arteko lankidetza batekin egingo da. Horrelako hizkuntza kudeaketa bat egitea, egia esan ez da soilik enpresaren erabaki bat. Eragile sozial, enpresaburu eta erakunde publikoak beharrezkoak izango dira. Kudeaketatik eratorritako beharrizan guztiak erakundeok garatu behar ditugu behar diren aplikazio, software, tresnak sortuz. Nolabaiteko koordinazio eta lankidetza iraunkor bat behar da, auzi hau era koordinatu batean aurrera ateratzeko.

"Mahai gainean jarri beharko genuke eredugarriak izatea, ez dugulako ahaztu behar normalizazio bidean dauden hizkuntza asko daudela guri begira"

Enpresak hain daude ohituta egoera konplexuetara egokitzen. Konbentzimenduz hartuz gero, hauek aurrera egiten dute. Zergatik esaten dut hau? Pandemia garaian gure dirulaguntzetara inor ez zela etorriko pentsatzen genuelako, pandemiaren traba eta zailtasunak dela eta egunerokotasunak jan egiten zituela pentsatuz. Baina, enpresek mantendu zituzten plangintzak euskararen erabilera sustatzekoak izan dira. Hau da, aurrera jarraitu dute euskara planaren apustuarekin. Horrek esan nahi du sistematizatzen ari den gauza bat dela, nahiz eta enpresa asko irabazi behar ditugun oraindik. Gainera, mahai gainean jarri beharko genuke eredugarriak izatea, ez dugulako ahaztu behar normalizazio bidean dauden hizkuntza asko daudela guri begira. Guk gure bidean izandako zailtasunak kontuan hartu beharko dira Europako hizkuntz aniztasunari erantzuteko.