Mondragon korporazioko ordezkaritza BIEMH 2024an |Argazkia: TuLankide

EKONOMIA

Mondragon taldeko sei kooperatiba euren soluzioak aurkezten ari dira Biurtekoan

Industria eremuan zerbitzuak eta produktuak eskaintzen dituzten kooperatibek postua eta ikerketa gune bat izango dute

BIEMH 2024 makina-erremintaren biurtekoan ere Mondragon korporazioak bere ordezkaritza du. Zehazki, industria eremuan zerbitzuak eta produktuak eskaintzen dituzten sei kooperatiba daude biurtekoan: Horien artean; Abantail, MSI Taldea eta LKS Next kooperatibek, interkooperazioan eskaintzen duten smart factories proposamena bertatik bertara ikusteko aukera izango da. Lantokien digitalizazio prozesuetan lan handia egin dute kooperatibek.

Horrez gain, Fagor Automationek eta Danobatgroupek euren berrikuntzak aurkeztuko dituzte, eta Idekok bere katalogoko produktu eta soluzio berritzaileenak erakutsiko ditu. Danobaten kasuan, artezketa, ultra doitasunezko torneaketa eta CNC robot bidezko mekanizazio sistemen arloko ekipamendu berritzailea diseinatzeko eta garatzeko dituen gaitasunak aurkezteko erabiliko du gunea. Halaber, Soralucek fresaketa eta mandrinaketan, funtzio anitzeko soluzioetan eta automatizaziokoetan garatu dituen azken soluzio aurreratuak erakutsiko ditu.

Idekok fabrikazio aurreratuan dituen berrikuntzak plazaratuko ditu, aeronautikako edo trengintzako arrakasta kasuen bitartez. Konpaniaren erakustokiaren erakusle nagusia zelula robotiko berritzaile bat izango da, karbono edo beira zuntza bezalako material konposatuak doitasun handiz mekanizatzeko gai dena, ikusmen artifizialeko sistema batek lagunduta. Horrez gain, hitzaldi programa propio bat ere edukiko du, hainbat konferentziatan parte hartuko duten ikertzaileen presentziarekin, adimen artifizialak fabrikazio-prozesuetan duen aplikazioaren arrakasta kasuak azalduz. 

Azkenik, Fagor Automationek bere katalogoaren erabateko berrikuntza erakutsiko du. Euren produktuen katalogo nabarmenaren barruan, 3. serieko encoder linealak eta angeluarrak erreferentzia dira merkatuan, sendotasuna eta zehaztasuna dutelako. Nazioartean milioi bat unitate baino gehiago salduta, encoder horiek zehaztasuna kritikoa den inguruneetako eskakizunak betetzeko diseinatuta daude.