Argazkia: iStock

Sakonean

Moneta lokalak eta Barter sistemak ekonomia jasangarriago eta lokalago baterako tresna gisa

Moneta ofiziala ordezkatzen ez badu ere, barterrek ahalbidetzen dute enpresen arteko elkartrukea egitea. Gurean Euskoa bada ere ezagunena, enpresa handien zein ertainen nazioarteko esparruan erabiltzen dira

Moneta lokalen eraginari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza handiagoa den arren, Barter sistemen inguruan ez dago ezagutza handirik Euskal Herrian behintzat. Barter bat enpresen arteko elkartruke sistema batean oinarritzen da: enpresa batek ondasun edo zerbitzu bat eskaintzen dio beste enpresa bati, trukean balio bereko beste ondasun edo zerbitzu bat eskuratuz, baina dena moneta 'ofizialik' erabili gabe.

Zuzeneko trukeak eduki ditzaken mugak gainditzen ditu, aldeanitzeko trukea eskaintzen duen sistema izanik. Truke fisikoa bere osotasunean gauzatu ezin den kasuetan, sareari lotuak dauden berezko barter unitateak erabiltzen dira trukeak gauzatzeko. Gehienetan, barter unitate batek moneta ofizialaren unitate bat balio du, baina barter unitateak ez dira zirkuitutik kanpo erabilgarriak, eta ez dira moneta ofizialean (eurotan, kasu) aldagarriak. Plataforma horien monetak Business to Business (BtoB) monetak bezala izendatuak dira, eta batzuetan moneta fisiko eta lokalei atxikita daude.

Ezezagunak izan arren, esan daiteke barter “industria” bat existitzen dela munduan zehar. Barter News aldizkariaren arabera, munduan 450.000 enpresek osatzen dute sare hori

Ezezagunak izan arren, esan daiteke barter “industria” bat existitzen dela munduan zehar. Barter News aldizkariaren arabera, munduan 450.000 enpresek osatzen dute sare hori. IRTA Elkartruke sistemen nazioarteko erakunde profesionalaren arabera, barteringak mundu osoan, 12.000 eta 14.000 milioi dolar inguruko transakzio bolumena suposatzen dute. Enpresa handiek eta multinazional askok ere erabiltzen dute —corporate barter deitzen zaio—: Honda, General Electric, General Motors, Coca-Cola edo Levi Strauss.

Enpresa txiki eta ertainentzako elkartrukeari dagokionez —retail barter—, bi adibidek hartu dute nazioarteko ospea: WIR Suitzan, eta Sardex Sardinian. Lehena, 1930eko hamarkadaren hasieran sortu zen, 1929ko krisiaren ondoren enpresa txikiek kreditua eskuratzeko zituzten zailtasunei aurre egiteko. Gaur egun, bost enpresa txiki eta ertainetik batek WIR erabiltzen du, eta 60.000 enpresa baino gehiagok 2.000 milioi franko suitzarren transakzioak gauzatzen dituzte horren bitartez. Sardex, ordea, 2010ean sortu zen, 2008ko krisiaren ondoren.

Zor eta kredituen konpentsazio sistema

Sarearen parte-hartzaile bakoitzak zirkuituko unitateekin dabilen kontu bat dauka. B enpresa bati egiten dion salmentarengatik, A enpresak euroak eskuratu ordez, zirkuituko monetarekin ordaindua izatea onartzen du. Modu simetrikoan, B enpresari bere kontuan erosketaren balioaren kopurua kentzen zaio. Ak eskuratu dituen unitateak zirkuitu osoan erosketak egiteko balia ditzake. Eta Bk bere kontua berriz orekatu dezake, sarearen beste enpresa batzuei ondasunak eta zerbitzuak salduz. Barter sarean parte-hartzen duten enpresek, hortaz, diruzaintzako kredituak eskuratzen dituzte. Batzuetan, enpresei haien kontua kopuru zehatz bat negatiboan edukitzea onartzen zaie denbora mugatu batez, eta kontu bat orekatzeko enpresak sarearen baitan saldu behar du.

Barter plataformek erregulazio erakundeen zaintzapean jarduten duten arren, gomendatzen da enpresen negozio zifrari begira enpresen elkartruke sistemari loturiko transakzioek proportzio mugatua izatea

Barter plataformek erregulazio erakundeen zaintzapean jarduten duten arren, gomendatzen da enpresen negozio zifrari begira enpresen elkartruke sistemari loturiko transakzioek proportzio mugatua izatea. Hainbat ordainketa bermatzeko, zergak tarteko, eta zorren kitapenari begira enpresa batek euroak beharrezkoak ditu. Hartara, enpresei aholkatzen zaie barter sarearen baitako transakzioek haien negozia zifraren %10a ez gainditzea (PIPAME, 2013). Izan ere, moneta horrek ez ditu moneta ofizialak ordezkatzen, horien paraleloan modu osagarrian erabiltzen baitira.

Barter sistemaren abantailak

Soluzio osagarri bat osatzen duen enpresen arteko elkartruke plataforma batek hiru abantaila eskaintzen dizkie sarean parte-hartzen duten enpresei. Lehena, diruzaintzari loturiko arazoak arintzen ditu. Kide berriei kreditu lerro bat eskaintzen zaie, eta kreditu hori kitatzeko salmentak egin behar dituzte sarean dauden beste enpresekin. Finantzazio aukera horrek enpresek daukaten egiturazko behar bati erantzuten dio, epe laburreko kapital korronteen beharrei, hain zuzen.

Bigarrena, sare baten partaidea izatearena da. Barter plataforma batek masa kritiko nahikoa badu, eta bere baitan jarduera ekonomikoen aniztasuna bermatzen badu, enpresentzako transakzio kostuak apaltzen ditu. Horrekin batera, barter plataformek merkatu-plaza gune bat eskaintzen dute, eskaintzen eta eskearen arteko topaketa —matching— delakoa bermatzen duena. Azkenik, aholkularitza zerbitzuak ere eskaintzen ahal zaizkie enpresei haien jardueraren garapenari begira.

Barter plataforma batek masa kritiko nahikoa badu, eta bere baitan jarduera ekonomikoen aniztasuna bermatzen badu, enpresentzako transakzio kostuak apaltzen ditu.

Azkena, enpresen gehiegizko kapazitateak kudeatzeko soluzio bat izan daiteke barter bat. Ekoizteko baliabide osoak ez baditu baliatzen, edo ekoiztutakoa ez badu osoki saltzea lortzen: soberakinak, baliagarri ez zaikien tresnak, bulegoak, autoak

Komunitateak sortu

Moneta guztiek izaera soziala daukate eta nola ez, tokiko monetek ere. M. Fare (2016) ikerlariaren arabera, tokiko txanpon osagarriek komunitateak eratzen dituzte. Tokiko komunitateek balio multzo batekin koherenteak diren helburu eta metodo operatiboen inguruan duten auto-antolakuntza gaitasunaren adierazpenak dira. Adibidez, Eusko sarean parte hartzeak formalizatutako helburuen aldeko konpromisoa eskatzen du: ekonomia birtokiratzea, praktika sozial eta ekologikoak bultzatzea, eragile ekonomikoen arteko elkartasuna eta euskararen sustapena, besteak beste.

Gaur Euskoa Europako lehen tokiko txanpona da, eta pentsa daiteke lortu duen arrakastaren gakoa moneta osagarriak erdietsi duen herritarren mobilizazio dinamikan oinarritzen dela. Dinamika hori nekez ulertu daiteke aipaturiko balio multzo hori gabe. Izan ere, Euskoaren inpaktu sozialari buruzko azterketak (Pinos, 2020) erakusten du moneta horrek betetzen duen funtzio garrantzitsuenetarikoa dela erabiltzaileei jendartearen aurrean balio batzuekiko atxikimendua adierazteko aukera eskaintzea.

Euskoaren inpaktu sozialari buruzko azterketak (Pinos, 2020) erakusten du moneta horrek betetzen duen funtzio garrantzitsuenetarikoa dela erabiltzaileei jendartearen aurrean balio batzuekiko atxikimendua adierazteko aukera eskaintzea

Barter sistemaren kasuan ere dimentsio sozial hori kontutan hartzekoa da. Kreditu mutualaren sistemak funtzionatzen du soilik, barterretan ordaindua den enpresa batek unitate horiek efektiboki sarearen baitan erabiltzen ahalko dituela konbentzitua delako.

Mugaz gaindiko barter baten aurreikuspenak

Ipar Euskal Herrian zirkulazioan dagoen moneta ezaguna kudeatzen duen elkartea, Euskoa, barter modelo posible bat aztertzen ari da dagoeneko, Euskal Herri osorako litzatekeena eta Europar Batasunean mugaz-gaindiko ikuspegi batetik eratuko litzatekeen lehen Barter sistema gisa. Enpresen arteko elkartruke sistema batek Euskal Herriko ekonomiari egingo lizkioken ekarpenak asko dira: enpresen arteko trukaketak areagotzen dituzte lokal mailan, eta bestetik gainbehera ekonomikoen egoeran, enpresen erresilientzia tresnak dira. Gainera, enpresen arteko mugaz-gaindiko harremanak areagotuko lituzke eta ekonomia zirkularraren lanabesa izan daiteke. Ikusiko dugu ea kreditu mutual hori aurrera ateratzen den!