Nafarroako industria jarduera %10,6 igo da urrian
Energiaren adarrak, ordea, %22,2ko beherakada izan du urte artean
Nafarroako industria jarduerak gorakada nabarmena izan du urrian: %10,5 hazi da, aurreko urteko epe beraren aldean. Aurreko hilaren aldean ere gora egin du ekoizpenak, zehazki, %7,1. Bestalde, urte arteko metatuan (urtarriletik irailera) ere handitu da jarduera, baina gutxiago, %2,4. Hala argitaratu du gaur Nastat Nafarroako Estatistika Erakundeak.
Helburu ekonomikoaren araberako sailkapena aztertuta, 2023. urtearen aldean hazkundea izan da inbertsio ondasunetan (%16,2), bitarteko ondasunetan (%15,2) eta kontsumo ondasunetan (%8,1). Aurreko hilabetearen aldean ere gorakada izan da inbertsio ondasunetan (%11,8), bitarteko ondasunetan (%10,1) eta kontsumo ondasunetan (%3,4).
Industria adarraren arabera sailkatuta, sei azpi-sektore bereizi daitezke. Urtebeteko epean, ekoizpena igo egin da sei horietako bost azpi-sektoretan: industria metalikoak %18,6; garraio materiala %14,9; bestelako manufaktura industriak %11,1; nekazaritzako elikagaien industria %10,3; eta, azkenik, papergintza, zurgintza eta altzarigintzaren adarra %2,7. Ekoizpena txikitu den talde bakarra energiarena izan da, urte arteko %22,2ko beherakada izan baitu.
Sailkapen mota berarekin jarraituta, aurreko hilabetearen aldean ekoizpena handitu da lau adarretan: industria metalikoak (%12,2); garraio materiala (%11,9); nekazaritzarako elikagaien industria (%8,3); eta bestelako manufaktura industriak (%2,4). Kontrara, irailean baino %0,5 gutxiago ekoitzi da papergintza, zurgintza eta altzarigintzan; energiaren jarduera ere %14,7 txikitu da.