Nafarroako 21 udalerri eremu tentsionatu izendatzeko prozesua abiatuko du foru gobernuak
Joan den astean Nafarroako Etxebizitza Legea egokitzea adostu ondoren etorri da erabakia. Tokian tokiko etxebizitza merkatuaren egoera aztertuta, eta datuetan oinarrituta osatu dute udalerrien zerrenda
Nafarroako Gobernuak jakinarazi du prozesua abiatuko dutela 21 udalerri tentsio handiko eremu izendatzeko. Nafarroako Etxebizitza Legea moldatzea onartu zuten joan den astean parlamentuan, PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak alde bozkatu baitzuten, UPN, PPN eta Vox alderdiek, berriz, kontra.
Iruñea, Tutera, Eguesibar, Burlata, Barañain, Zizur Nagusia, Lizarra, Aranguren, Berriozar, Tafalla, Antsoain, Atarrabia, Corella, Noain, Cintruenigo, Baztan, Altsasu, Uharte, Berriobeiti, San Adrian eta Azkoien izendatu nahi dituzte tentsio handiko eremu. Tokian tokiko etxebizitza merkatuaren egoera aztertu ondoren, eta datuetan oinarrituta osatu dute zerrenda.
Begoña Alfaro Nafarroako hirugarren lehendakariorde eta Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako kontseilariak agerraldia egin du gaur Elga Molina Nafarroako Gobernuko Etxebizitza zuzendari nagusiarekin batera, eta 21 udalerrietan prozesua abiatzeko prest direla adierazi dute.
Udalerriak hainbat irizpide bete beharko ditu tentsio handiko eremu izendatzeko: etxebizitzaren zein alokairuen prezioa %17 baino gehiago igoz gero edota etxebizitzaren zein alokairuaren eta etxeko oinarrizko horniduren gastua (ura, argindarra...) etxeko diru sarreren %30 baino handiagoa bada, besteak beste.