Nafarroako diru bilketa %2 hazi da maiatzean, 1.748 milioi euro jasota
PFEZari dagokionez, iazko maiatzean baino %17,7 gehiago bildu da aurten. Hidrokaburoen gaineko zergan, berriz, iazko maiatzean baino 14,4 milioi euro gutxiago bildu dira
Nafarroan 2023ko errenta aitorpena amaitzeko sei egun besterik falta ez direnean, Nafarroako Ogasunak maiatzean zergetatik bildu duenaren berri eman du. Horrela, Araban eta Gipuzkoan bezala, gora egin du lurraldean hilabeteko diru bilketa metatuak. Nafarroako zuzeneko zergapetzea 1.748,8 milioi eurokoa izan da, %2,2ko igoerarekin (37,7 milioi euro gehiago), iazko epe beraren aldean. Halaber, itzulketak %2,6 murriztu dira.
Sozietateen gaineko zergetan 73,2 milioi euro bildu dira maiatzera arte, iazko epe berean lortutako 45,7 milioi euroren aldean. PFEZari dagokionez, bilketa metatua 783,7 milioi eurokoa da, 2023ko maiatzean bildutakoa baino %17,7 gehiago. Hazkunde hori lan-atxikipenek izandako portaera onari zor zaio, iaz erregistratutakoak baino %10,2 handiagoak baitira. Gainera, Nafarroako Ogasunak gogorarazi du apirilean 2023ko PFEZ eta Ondarearen Kanpaina hasi zela, eta maiatzean protagonismo handia izan duela, "itzuli beharreko" emaitzak zituzten aitorpenengatik.
Bestalde, BEZaren kasuan, bilketa metatua %31 jaitsi da. Beraz, aurten zerga horren kobrantzak beheranzko joera izan du. Zerga berezien kasuan, %1 murriztu da bildutako dirua, batez ere, Hidrokarburoen gaineko zergak jaitsiera izan baitu: 78,1 milioi euro bildu dira maiatzean, iazko epe berean baino 14,4 milioi euro gutxiago.