Nafarroko ogasunak, iazko epe berean baino %1,6 gehiago bildu du | Argazkia: Nafarroako Gobernua

EKONOMIA

Nafarroako ogasunak 2.177 milioi euro bildu ditu 2024ko lehen seihilekoan

Zuzeneko zergetatik iazko epe berean baino %19,5 gehiago bildu du. Zeharkako zergetatik %11 gutxiago

Nafarroako Foru Erkidegoak ekainera bitartean zergetatik jaso duenaren berri eman du. Ogasunak 2024ko lehen seihilekoan 2.177,3 milioi euro jaso ditu, 2023ko epe berean baino %1,6 gehiago. 

Ohar bidez azaldu duenez, zuzeneko zergen bilketa 1.071,6 milioi eurokoa izan da, urte arteko %19,5eko hazkundearekin. Zeharkako zergen kasuan 1.089,7 milioi euroko bildu dira, iaz baino %11 gutxiago. Tasetatik eta bestelako sarreretatik 15,9 milioi euro bildu ditu ogasunak.

PFEZari dagokionez, diru bilketa metatua 869,8 milioi eurokoa izan da, iazko epe berean baino %19,4 gehiago, eta lan-atxikipenen portaera onak (954,1 milioi euro, 2023an baino %10,2 gehiago), eta kapital-atxikipenen bilketak (72,6 milioi euro, %33,7ko urte arteko hazkundearekin) eragin dute gorakada.

Bestalde, nabarmentzekoa da Sozietateen gaineko Zergak izan duen hazkundea. 2023ko lehen seihilekoan baino %62,2 gehiago jaso da, eta oro har 81,5 milioi euro bildu ditu foru erkidegoko ogasunak. BEZaren bilketa, aldiz, %48,6 murriztu da iazko epe berarekin alderatuta, 147,5 miloi euroraino.

Zerga berezien kasuan, %2,9 gehiago bildu da, nahiz eta Hidrokarburoen gaineko Zergan bilketa txikiagoa izan (iaz baino % 10,1 gutxiago). Elektrizitatearen gaineko Zergan, esaterako, bilketa areagotu egin da, 6 milioi euro, iazko 1,9 milioi euroren aldean.