Nafarroan gora egin du langabe kopuruak irailean; EAEn, aldiz, behera
Denera 137.608 langabe zenbatu dira Hego Euskal Herrian, eta 106.712 kontratu berri izenpetu dira azken hilabetean
Irailean 3.367 langabe gutxiago zenbatu dira EAEn. Nafarroan, berriz, 205 pertsona gehiago daude langabezian. Hala, denera 137.608 langabe zenbatu dira Hego Euskal Herrian irailean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak eta Espainiako Gobernuko Lan eta Ekonomia Sozialeko Ministerioak emandako datuen arabera.
Nafarroan, langabeen guztizko kopuru hau iraileko kopururik altuena da 2022tik. 2024an zehar, 306 langabe gehiago zenbatu dira foru erkidegoan guztira, hau da, %1,04 gehiago.
Bizkaian 1.616 langabe gutxiago izan dira abuztuarekin alderatuta (-%2,57), eta 2023ko irailarekin erkatuta 1.483 gehiago (%2,48), guztira 61.379 langabetu baitaude. Gipuzkoan, 1.413 langabe gutxiago izan dira irailean, hau da, abuztuko datuekin alderatuta %4,73 gutxiago. Aitzitik, urteko konparazioan, langabeen kopurua %2,01 igo da, 560 langabe gehiago, eta 28.465 pertsona daude langabezian guztira.
Araban, 18.152 langabe daude, irailean 338 gutxiago zenbatu dira, hau da, abuztuko datuekin alderatuta %1,83 gutxiago. Aurreko urteko irailarekin alderatuta, 772 langabe gutxiago daude, hots, %4,08 gutxiago.
Kontratazioari dagokionez, 106.712 kontratu berri izenpetu dira irailean. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 74.413 izan dira, eta horietatik %25,66 kontratu mugagabeak. Nafarroan, aldiz, 32.299 kontraru sinatu dira, %20,94 mugagabeak.