Intxaurren ekoizpena euskal negozio aukera berria izan liteke, Neiker eta ADR Añanaren arabera
Azken bost urteetan egindako ikerketaren emaitzak aurkeztu dituzte, eta, antza, EAEn intxaurrondoak landatzeak emaitza positiboak izan ditzake
Neiker zentro teknologikoak eta ADR Añana elkarteak aurkeztu berri dute EAEn intxaurrak ekoizteko dagoen gaitasunaren gaineko ikerketa. Intxaurren, eta oro har, fruitu lehorren kontsumoak hazkunde nabarmena izan du azken urteetan. EAEn, ordea, erosten diren fruitu lehorren %20 da soilik bertakoa, gainerako guztia kanpotik inportatua baita.
Horregatik jarri zuten martxan ikerketa zentro teknologikoak eta elkarteak, Eusko Jaurlaritzaren Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailarekin elkarlanean. Helburua izan da EAEn intxaurrak ekoizteko zenbateko eta nolako gaitasuna dagoen aztertzea. Hala, intxaurrondoak landatzen eta intxaurrak hazten aritu dira Neiker eta ADR Añana, bost urtez, Arabako Zambrana udalerriko lursail batean, “esperimentu” gisa.
Egun osoko jardunaldia antolatu dute gaur goizean, urriaren 30ean, ikerketan lortutako emaitzak ezagutarazteko. Zambranako lursailera egin dute bisita lehenik, “laborantzaren bideragarritasun teknikoa erakusteko” eta “etorkizuneko intxaur ekoizleentzako prestakuntza-baliabide izateko”, adierazi du Amaia Ortiz Neikerreko Ekoizpen eta Landare Babes Saileko arduradunak. Parte hartzaileek aukera izan dute intxaurren ekoizpen prozesua nolakoa izan den ikusteko. Ikertzaileak pozik agertu dira lehen uztan jasotako intxaurren emaitzekin. Izan ere, kalitate onekoak direla adierazi dute: “%50 haragia da, eta oskola oso fina dute”, zehaztu du Ortizek. Jarraian, bertaratuak Ribabellosako Torre anaien instalazioetara egin dute bisita, eta bertan, fruitu lehorren tratamenduaren prozesu osoa (garbitzea, lehortzea, kalibratzea, ontziratzea…) ikusteaz gain, lehen uztako intxaur dastaketa egiteko parada ere izan dute.
Ikerketarekin ondorioztatu dute intxaurren ekoizpena negozio aukera bat dela euskal nekazarientzako eta euskal merkaturako.