ENBAko urteroko batzarra | Argazkia: ENBA

EKONOMIA

Nekazaritzarako uraren tarifa berezia eskatu du ENBAk

Egun bi tarifa soilik bereizten dira, etxekoa eta industriakoa, eta nekazaritzarako hirugarren tarifa berezia eskatu dute. Sindikatuak proposatu du nekazaritzako tarifak etxekoaren erdia izatea

ENBA Euskal Nekazarien Batasuna sindikatuak Gipuzkoako udalerri eta ur partzuergoei proposamena egin die: nekazaritzarako erabilitako uraren gaineko tarifa bereiztea eta merkatzea, 2025. urterako. Egun, bi tarifa soilik bereizten dira (etxekoa eta industriakoa), eta ENBAk hiru tarifa mota egon beharko liratekeela adierazi du: etxekoa, industriala eta nekazaritzakoa. Eta hala, nekazaritzako tarifak etxeko tarifaren erdia izan beharko luke. Gainera, nekazaritza ustiategiek gutxienez Nekazaritza Lan Unitate NLU (urtebete baino gehiagoz eguneko lanaldi osoan aritzea) bat izatea proposatu dute hobari hori eskuratzeko.

Sindikatuak azpimarratu du nekazaritza sektoreak gizarteari hainbat onura ekartzen dizkiola, natura ingurunearen eta paisaiaren kudeaketa, besteak beste. Aldi berean, gehitu du egungo baserritarren egoera ekonomikoa zaurgarria dela. Horregatik, beharrezkotzat jotzen dute nekazaritzarako uraren tarifa egokitzea, sektorea babesteko.

ENBAk proposamena kontuan izateko eta 2025erako ekimena indarrean sartzeko eskatu die Gipuzkoako udal eta partzuergoei (Gipuzkoako Ur Kontsortzioari, eta Añarbeko eta Txingudiko urei).