Goikoetxeak bere bestelako lan eta konpromisoekin uztartu du tesia | Argazkia: utzitakoa

EKONOMIA

Nerea Goikoetxea: "Errentagarritasun soziala harago doa: zer irabazten dugu geuk horrekin?"

Irabazi asmorik gabeko elkarteen inpaktu sozialean jarri du fokua Goikoetxeak bere doktoretza tesian

Nerea Goikoetxea Gazpio, ekonomialaria, finantza-esparruko langilea eta EHUko irakaslea izateaz gain, Aspanogi minbizia duten adingabeen Gipuzkoako familien elkarteko lehendakari ere bada. Duela 10 urte, haren alabari leuzemia diagnostikatu zioten, 9 urte zituenean. "Une horretan ohartzen zara zein mesede egiten ari zaizun IAGEa —irabazi asmorik gabeko erakundea—", dio. Hainbat adibide eman ditu: lan burokratikoarekin laguntza, ospitalean izan bitartean bazkari txartelak Aspanogik ordainduta, telebistako txartela, ospitalean bertan familiarentzat gelatxo bat dutxarekin-eta erabili ahal izateko... Alaba, zorionez, egun ondo dago. "Momentuan ez zara baloratzeko gai, nahiko lan duzu-eta. Gerora jartzen zara pentsatzen: eta hori guztia nola neurtzen da? Balio handia baitu". Bere kasuan erantzuna doktoretza tesi baten garapena izan da, irabazi asmorik gabeko erakundeen jarduerek eragiten duten inpaktu soziala aztertu duena, eta Aspanogiko kasuan jarri du fokua. Deusto Business Schoolen doktoretza programan egin den euskarazko lehen tesia da.

Zein faktorek eragin dute ekonomia sozialaren hazkundean azkeneko urteetan?

Egin dugun literatura berrikuspenaren ondoren, ikus daiteke batez ere hazkunde hori nabaria dela azken 30-35 urteetan. 1980-1990eko hamarkadan azaldu ziren ekonomia sozialaren eta batez ere inpaktu sozialaren inguruko artikulu akademiko gehienak, eta hori erreferentziatzat hartuta, esan dezakegu interesa ere ordutik datorrela. Garai hartan azaltzen hasi zen kezka gizarteari berez dagozkion arazoei buruz. Ikusten da gobernuak, estatuak eta abar ez dutela asmatzen interesa dagoen erronka horiei heltzen, eta hori bideratzeko jartzen da martxan ekonomia soziala: irabazi asmorik gabeko erakundeak (IAGE), fundazioak, gobernuz kanpoko erakundeak... Gerora, kontzientzia geroz eta handiagoa denez, eboluzioa ere goranzkoa izan da.

Literatura azterketa horrek Euskal Herriko joera ala mundu mailakoa hartzen du aintzat?

Nazioartera jo dugu. Egia da hor mugak izan daitezkeela, guk bi bilatzailetara jo baitugu, AEBko eta Europako ekoizpena aintzat hartzen dituztenak —Web of Science eta Scopus—. Ez ditugu bilatzaile txikiagoak berrikusi. Azterketa hori eginda, Europakoan zentratu gara batez ere. Eta ikusi dugu eremu anglosaxoiak eta kontinentalak desberdintasun gutxi batzuk dituela, lehenengoak gaiari buruzko interes goiztiarragoa duelako. Baina eremu kontinentalean ere herrialdeak garatzen joan heinean azaldu dugu horrekiko interesa.

Datozen 30 urteetara begira jarriko bagina, hazkundeak jarraituko al du?

Hala dirudi. Duela 30 urte erakunde jakinak ziren honi buruzko kezka azaltzen zutenak. Oraintxe ohartzen ari gara irabazi asmoko enpresak ere nola barneratzen doazen kontzientziazio gai horiek. Alegia, helburua ez dela soilik irabaziak lortzea, baizik eta irabazi horiek zein helburu izan behar duten: gizartearekiko konpromisoa, ingurugiroarekikoa... Badira, noski, greenwashing eta pinkwashing eta halakoak egiten dituztenak. Baina, oro har, joera geroz eta handiagoa da.

"1980-1990eko hamarkadan azaldu ziren ekonomia sozialaren eta batez ere inpaktu sozialaren inguruko artikulu akademiko gehienak, eta hori erreferentziatzat hartuta, esan dezakegu interesa ere ordutik datorrela"

Irabazi asmorik gabeko erakundeei heldu diezu zuk tesian, eta zehazki euren inpaktuan. Eragin hori neurtzeko tresna berriak ikusi al dira azken urteetan?

Erakundeen interesak gora egin ahala, egiten dutenaren inpaktua neurtzeko interesa ere areagotu da, arestian aipatu bezala. Duela 30 urte eragina neurtzeko erabiltzen eta aplikatzen ziren irabazi asmoa zuten erakundeen kontabilitateko neurketa sistemak. Urteek aurrera egin ahala horren garapena ikusi dugu, ohartzen baitira sistema horiek ez direla guztiz balekoak. IAGEetan, esaterako, stakeholder oso anitzek hartzen dute parte, interes oso desberdinak dituzte euren artean, arlo oso desberdinetan aritzen dira. Beraz, neurketa sistema tradizionaletan stakeholder askotariko horien ikuspegiak txertatzen dira; alegia, egokitzen dira IAGEek dituzten behar horietara.

Zein aldagairi buruz ari gara?

Esan bezala, stakeholder oso desberdinentzat ari zara lanean: gobernuak, bazkideak, bertan parte hartzen duten familiak, hedabideak... Inpaktu balio katea ere aintzat hartu behar dugu, irabazi asmoko enpresen kasuan kontuan hartzen ez dena. Hori da, agian, aldagairik garrantzitsuena. Bestalde, zuk input edo baliabide batzuk badituzu, eta horiekin ekintza edo jarduera batzuk egin badituzu, output batzuk sortuko dituzte, emaitza hutsak. Baina guk harago joan nahi dugu: outcome-a edo azkeneko helburua kalkulatu nahi dugu. Horrek erreferentzia egiten dio gizartean, bazkideengan eta abarrengan sortu nahi duzun aldaketari. Aldaketa horren neurketan kasu bakoitzak izango ditu bere adierazleak, finantza proxya eta abar.

Inpaktu ekonomiko eta inpaktu soziala eskutik doaz?

Adibide batekin baliteke argiago ikustea. Hala behar dutenen kasuan, Aspanogin jartzen dugu pisu bat, Donostian, minbizia duten adingabeen familien esku, Gipuzkoako beste herrietakoak edo bertatik kanpokoak badira ez daitezen mugitu gauero-gauero tratamenduan duten seme-alaba bisitatzera joateko ospitalera. Output edo emaitza ekonomikoari erreparatuta mahaigaineratuko genuke pisuak zenbateko kostua duen, zenbat pertsonek erabili duten eta, ondorioz, zein den emaitza. Errentagarritasun soziala harago doa: zer irabazten dugu geuk horrekin? Zein aldaketa suposatzen dio horrek familia horri? Erosotasuna, desplazatu behar ez izatea, mentalki erlaxatuago egotea... Neurtu ditzagun horiek guztiak. Hori guztia inpaktu ekonomikoak alde batera uzten du, baina inpaktu soziala hor sartzen da jokoan.

"Stakeholderrek Aspanogiri eskaintzen dioten euro bakoitzeko Aspanogik gizarteari itzultzen diola 1,34 euro hasierako arretari, ospitalean zaudeneko zerbitzu horiei eta abarri dagokienez"

Atera duzun ondorioetako bat da literaturan topatzen den neurketa kuantitatiboak balio duela Aspanogiren kasuan. Zer esan nahi duzu zehazki horrekin?

Tesian zehar erabilitako metodologia mistoa izan da, datuak biltzeko teknika kuantitatibo zein kualitatiboak erabiltzeko modua baitzen. Teknika kuantitatiboetan, literaturan ikusia genuen SROI —social return on investment edo inbertsioaren gaineko gizarte itzulkina— tresna aplikatu ohi dela kasu horietarako. Geuk Aspanogiren arlo oso txiki bat hartu dugu: hasierako arreta hori, ospitalean zaudeneko zerbitzu horiek eta abar lortzea. Aspanogi duela 25 urte sortu zen familiei arreta integrala eskaintzeko, eta kanpo utzi dugu psikologoen arloa, ikerketa bultzatzeko arloa, lan korporatiboa edo boluntariotza lana... alegia oraindik ere badira alor asko ukitu daitezkeenak Aspanogiren errendimendu edo errentagarritasun sozial hori neurtzeari dagokionez. Egia da, agian, orain ikusi dugun hori izan daitekeela estraprolagarria.

Edozein kasutan, aztertu dugun alor horretan ohartu gara SROI tresna aplikatuz stakeholderrek Aspanogiri eskaintzen dioten euro bakoitzeko Aspanogik gizarteari itzultzen diola 1,34 euro aipatu dugun arlo horretan. Suposatu daiteke, SROI tresna gainontzeko arloetara ere aplikatuko bagenu, ekarpena are handiagoa izango litzatekeela. Baina hori etorkizuneko ikerketa ildoa izan beharko da (barrez).

Eta zer dela eta zen garrantzitsua parte kualitatiboa ere txertatzea?

Hasieran ikuspegia zen: diruaz adierazten den guztiak balio bat du gizartean eta hori da ulertzen dena. Aldiz, egin ahala ohartu gara zein garrantzitsua zen parte kualitatiboa txertatzea. Badirelako zenbait sentimendu ezin direnak, momentuz behintzat, euro bidez kuantifikatu. Eta inpaktuaren azterketa hain prozesu zabala izanik, eta hainbeste stakeholderrek eta pertsonek parte hartzen zutenez, iruditzen zitzaigun garrantzitsua lagin bati elkarrizketak egitea.

"Hasieran ikuspegia zen: diruaz adierazten den guztiak balio bat du gizartean eta hori da ulertzen dena. Aldiz, egin ahala ohartu gara zein garrantzitsua zen parte kualitatiboa txertatzea"

Zein profilek hartu dute parte elkarrizketetan?

Familiak, zuzendaritza batzordean dagoen kideren bat, eta bestelako lanak egiten aritzen diren boluntarioak.

Zein izan da parte kualitatibo horren emaitza?

Elkarrizketetan gehien erabili diren terminoekin hitz-hodeia osatu dugu, eta gehien errepikatzen ziren hitzak ziren babesa, familia, goxotasuna, ikusgarritasuna, zerbitzuak, berotasuna... Nola utziko dut nik tesia 1,34 baten ondoan sentsazio horiek guztiak daudela kontuan izanik? Lotzea izan da helburua. SROI tresna —kuantitatiboa— ondo dago, kualitatiboa sortu dugu, eta gainera ikusi dugu SROI hori lortzen dugula guk eginiko ekintza batzuen bidez zeintzuk sortzen dituzten elkarrizketatuengan sentsazio horiek.

"Egiten dituzten jardueren inpaktua neurtuz gero, errazago komunikatu ahal izango dute gizartean duten eragina". Nabarmentzen duzuen ideietako bat da.

Hori izan da lana egitearen funtsetako bat: zergatik ohartu gara SROI balekoa dela eta emaitzak baliagarriak direla? Bazkideen eta familien aurrean erakusteko egiten ditugun jardun horiekin inpaktu horiek ditugula. Baina, gainera, erakunde publiko asko daude euren dirua bideratzen dutenak IAGEetara, Aspanogiren kasuan Jaurlaritza edo Gipuzkoako Foru Aldundia, adibidez. Denok, IAGE guztiek, modu beretsuan helarazi ahal badiegu erakunde horiei, esaterako, egiten duten ekarpenaren euro bakoitzeko IAGEak gizartean zenbaterainoko ekarpena egiten duen, uste dut izango dugula tresna homogeneizatua haiek erabaki dezaten norantz bideratu behar dituzten funtsak. Edo beraien ideiekin bat datozen ekintzetara bideratzen ari diren ikusteko. Horrek ere balio handia du.

"Literatura akademiko guztia ingelesez dago, eta zertxobait gazteleraz. Euskaraz ez dago ezer. Zailagoa egiten da halako lana egitea, zu zeu zabiltzalako hizkuntza teknikoa sortzen"

Zurea Deusto Business Schoolen doktorego programan aurkezten den euskarazko lehen tesia da. Zer suposatu du horrek zuretzat?

Sorpresa bat. Tesiaren egunean bertan jakin nuen euskaraz aurkezten zen lehena zela. Ideala litzateke halakoak albiste ez izatea. Niretzat oso hautu naturala zen. Etxetik edo patiotik harago guk geuk gure hizkuntzan egiten ez badugu, beste inork ez du egingo.

Hizkuntza hautuak erronkarik suposatu al du kasu honetan?

Bai, batez ere literatura akademiko guztia ingelesez dagoelako, eta zertxobait gazteleraz. Euskaraz ez dago ezer. Zailagoa egiten da zu zeu zabiltzalako hizkuntza teknikoa sortzen. Tesian behin baino gehiagotan agertuko diren hitzei buruzko zalantza sortzen zaizu. Edozein kasutan, zorionez, Amaia Agirre euskal filologo eta bertsolaria oso laguna dut, eta berak ere asko lagundu dit. Eta Aspanogitik jaso nuen informazioari dagokionez, euskaraz jaso ahal izan nuen.

Eta hemendik aurrera, zer dator Nerea Goikoetxearen lan ibilbidean?

Orain arteko lanak uztartzen jarraitzea. Irakaskuntzan erosoago sentitzen naiz ikerketa esparruan baino. Baina nik uste dut etorkizunean kontzeptualizazioetan eta aipatu ditugun tresna horietan badagoela jorratu ahal diren zenbait alderdi. Aldi berean, oso gaur egungo gaia izanik, badirudi arlo praktikoan ere zabalkundea izan dezakeela. Interesa badago beste elkarteetan.