Argazkia: iStock

EKONOMIA

Next Generation Funtsen hurrengo txanpa

Bruselak espainiar estatuari 93.540 milioi euro gehiago onartzeak aukera berriak ekarriko dizkie euskal enpresei. Enpresariak, baina, ezkor daude funtsen kudeaketaren aurrean

Gaur bukatzen da deskarbonizazio industrialareko proiektuentzako Next Generation EU Funtsen Ekonomia Suspertzeko eta Eraldatzeko Proiektu Estrategiko (ESEPE) berriari alegazioak aurkezteko epea. ESEPEak banatuko dituen 2.300 milioi eurotik 1.000 milioi inguru esleituko ditu deialdi honek, zuzeneko dirulaguntza zein interes baxuko maileguen bidez. Hainbat enpresek dagoeneko deialdiaren inguruko alegazioak aurkeztu badituzte ere, ez da espero aldaketa handirik egotea.

ESEPEak enpresa industrialei laguntza ematea du helburu, ingurumena hobeto errespetatzen duten ekoizpen ereduetarako trantsizioan, 2050erako klima-neutraltasunaren erronkaren bidean. Ekoizpen-prozesuak deskarbonizatzea, energia-eraginkortasuna hobetzea eta energia-segurtasuna sendotzea dira helburu nagusiak, energia berriztagarrien erabilera sustatzearekin batera. Hori guztia manufaktura industriaren lehiakortasuna indartzeko, ingurumena zaintzeko eta balio erantsi handiko enplegua sortzen laguntzeko. Hiru urteko antzinatasuna duten industria-jardueraren bat burutzen duten enpresak ESEPEra aurkeztu ahalko dira, tamaina edozein izanda ere. Banatuko den zenbatekoaren erdia dirulaguntzen bidez izango da, eta beste erdia, 500 milioi euro inguru % 2,88ko interes-tasa izango duten maileguen bidez, finantza-erakundeek ematen dituzten maileguak baino askoz merkeago.

Enpresak kexu funtsen kudeaketarekin

ESEPEak baina, baditu hainbat baldintza zorrotz, enpresen aburuz. Inbertsioak bi urtetan burutu beharko dira, eta enpresek ordainketa legea betetzen dutela frogatu beharko dute. Azken hau, hornitzaileei 60 egunetako epean ordaintzearena, izan da funtsen kudeaketan enpresen kexu gehien jaso duen baldintzetako bat.

Laboral Kutxak emandako datuen arabera, euskal enpresen % 74,6k Next Generation funtsak ezagutzen badituzte ere, % 19,3k baino ez dute eskuratu

Next Generation Funtsak 2026ko abenduaren 31ra bitartean esleitu behar ditu gobernuak. Hiru urte baino ez dira gelditzen epemuga horretarako eta urduritasuna nagusi da eragile nagusien artean. Eduardo Aretxaga Confebaskeko zuzendari nagusiak enpresa munduko kexei ahotsa jarri zien aurreko astean. Enpresarien elkarteko buruak SER irrati katean “funtsak ez direla iristen” azaldu zuen, eta “ etsipena dagoela, eraldaketarako jauzia emateko funtsak jasotzeko itxaropena bazutela, baina ez direla heltzen, batez ere enpresa txiki eta ertainei dagokienez”. Laboral Kutxak emandako datuen arabera, euskal enpresen % 74,6k Next Generation funtsak ezagutzen badituzte ere, % 19,3k baino ez dute eskuratu.

Enpresariak, baina, ez dira Espainiako Gobernuak funtsen inguruan egin duen kudeaketarekin kritiko agertu diren eragile bakarrak. Autonomia erkidegoek hasieratik aldarrikatu zuten kudeaketan eragin handiagoa izatea. Europatik datorren dirua esleitzeko mugaegunera hurbildu ahala Jaurlaritzak, esaterako, kexak areagotu ditu.

Europan ere kritika ugari

Pedro Azpiazu Ekonomia Sailburuak duela bi aste Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian funtsak banatzeko orduan estatuarekin kogobernantzarik ez egotea deitoratu zuen, eta “ESEPEak aktibatu ezean euskal enpresentzat baliabideak galdu daitezkeela” salatu eta erkidegoak “funts europearrak bideratu nahiz banatzeko eragile nagusiak” izatea aldarrikatu zuen. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ere ildo berean aritu da azken asteetan, eta ESEPEen diruaren % 26 baino ez dela bideratu salatu du. Bruselatik ere kritika jaso du Espainiako Gobernuak funtsen banaketaren inguruan. Urriaren 15a baino lehenago zabaldu behar zuen Pedro Sanchezen gobernuak funtsen onuradunen zerrenda, baina oraindik ez du egin. Bruselak ahalik eta arinen argitaratzeko exijitu dio. 

Urriaren 15a baino lehenago zabaldu behar zuen Pedro Sanchezen gobernuak funtsen onuradunen zerrenda, baina oraindik ez du egin

Espainiakoa ez da kexak bildu dituen kasu bakarra. Zalantza ugari zabaldu dira Europan zehar Errekuperazio Planaren kudeaketaren inguruan, eta Europako Batzordeko Kontuen Auzitegiak esku hartzea erabaki du. Europa mailako azterketa burutu du eta Errekuperazio funtsaren arrakasta neurtzea ezinezkoa dela ondorioztatu du. Hala, Europako Batzordeari informazioa hobetzeko tresnak ezartzeko eskatu dio.

90.000 milioi gehiago jasotzear

Urrats berri bat eman du Espainiako Gobernuak Bruselak Berreskurapen Planaren gehigarriari oniritzia eman eta gero, oraindik Europako Batasunaren Kontseiluak berretsi behar badu ere. Planaren hasierako 69.528 milioiei beste 93.500 milioi euro gehituko dizkio. Hori bai, zatirik handiena, 83.200 milioi, itzuli beharreko maileguen bidez izango da. Gobernuak finantza-erakundeen sarea baliatu nahi du funtsen banaketa errazteko asmoz. Horrela 40.000 milioi euro Krediturako Institutu Ofizialaren (ICO) bidez bideratuko dira hainbat finantzaketa lerroren bitartez, erdia baino gehiago (22.000 milioi euro) ICO-Berdea lerroan eta beste 8.000 milioi euro ICOren enpresa eta ekintzaileentzako lerroen bidez. ICOrena ez da gobernuak erabiliko duen tresna bakarra, autonomien erresilientziarako funtserako 20.000 milioi euro esleituko baititu Europako Inbertsiotarako Bankuaren bidez.

Hego Euskal Herrira heldu diren funtsak

Next Generation Funtsak iragarri zirenetik autonomia erkidegoen eta Pedro Sanchezen gobernuaren arteko talka handia egon da kudeaketaren inguruan. ESEPEak izan dira funtsak banatzeko gobernuak erabili dituen tresnak, enpresei zuzendutakoak. Horrek zaildu egiten du erkidego bakoitzari esleitutako kopuruak ezagutzea. Horrela, badakigu Ibiligailu Elektriko eta Konektatuaren ESEPEaren bidez EAEko automozio alorreko enpresek 236 milioi euro jaso zituztela iaz eta Nafarroakoek 58 milioi. ESEPE horren aurtengo edizioan, aldiz, Gasteizen kokatutako Basquevolt proiektuak 15 milioi euro eskuratu ditu, bateria elektrikoen atalean. Bada, ordea, autonomia erkidegoei zuzenean esleitzen zaien diru partida bat. Horrela 24.313 milioi euro banatu zitzaien erkidegoei 2023ko irailaren 15a bitartean. Hego Euskal Herriak 1.544 milioi euro jaso zituen, 1.039 Euskal Autonomia Erkidegoak eta 505 Nafarroak.