Herrialdeetako oparotasun faltaren arrazoiak aztertu dituztenentzat izan da Ekonomiako Nobel saria
Daron Acemoglu, Simon Johnson eta James A. Robinson ikertzaileek aztertu dute, zehazki, zergatik zuzenbide estatuak ondo funtzionatzen ez duen lurraldeetan ez den oparotasunik ez hazkunderik sortzen
Ekonomiako Nobel saria eman diote Daron Acemogluri, Simon Johnsoni eta James A. Robinsoni. Acemoglu eta Johnson irakasle dira Massachusettseko Teknologia Institutuan (ingelesez, MIT edo Massachusetts Institute of Technology). Ronbinson ere irakaslea da, Chicagoko Unibertsitatean. Hiru ikertzaileek aztertu dute zergatik ez diren gai hazkundea eta oparotasuna sortzeko zuzenbide estatuak ondo funtzionatzen ez duen lekuetan, eta fokua jarri dute kolonizatuak izan diren lurraldeetan.
Akademiatik adierazi dute hiru ekonomistek argitu dutela kolonizatuak izan diren lurralde horietako funtzionamendu ezaren arrazoietako bat: instituzio sozialen esku hartzea. Izan ere, kolonializazioa hainbat lurraldetan gertatu izanagatik, ez zen toki guztietan era berdinean jazo. Erakunde inklusiboek lan egin zuten, batik bat, kolonizatuak izan zirenean lurralde txiroak ziren horietan. “Horregatik, txiroenak ziren horiek denborarekin hazkunderako joera izan dute; kontrara, antzina aberatsak ziren koloniak, gaur egun pobreak dira” gehitu dute.
Acemoglu eta Robinsonen lanetan ondorioztatzen da erakunde politiko eta ekonomikoen funtzionamenduaren ondorio direla nazio artean dauden oparotasun arrakalak, eta ez beste faktore batzuen ondorio (berezitasun kulturalak, klimatologikoak, geografikoak…). Bestalde, Johnsonek, Acemoglurekin elkarlanean idatzitako “Poder y progreso” liburuan, baieztatzen du berrikuntza teknologikoak ez duela zertan izan sistematikoki erlazio zuzenik hobekuntza sozialarekin, horien onurak sarri elite txiki batengana soilik iristen direlako.