Jaiak
Nola finantzatzen dira barrakak?
Ondasunak eskuratzeko unean 'leasing' formatua asko erabiltzen da, hainbat abantaila eskaintzen dituelako. Horiek dira BEZaren zatiketa edota amortizazio azkarra, besteak beste
Jai giroan murgiltzean bereizgarri nabarmenak izan ohi dira barrakak, kolorez betetzen baitituzte herrietako feriak. Musika parrandazalea zein tramankuluen birak tarteko, ekipamendu-ondasun handiak dira. Herriko jaiegunetan barraka gunea kontratatzeko prozesuan, udalek baimena besterik ez dute eman behar horretarako. Aitor Elexpuru Berako alkatea da, eta auzi honen inguruan herrian gauzatzen duten kontratuari buruz aritu da, barraketako jabeek ordaintzen dutena. “2.500 euro ordaintzen diote udalari lizentziagatik. Ez zaie beste ezerengatik kobratzen”, argitu du. Jabeek, horrela, herrian ondasuna erabiltzeagatik ordaintzen dute.
Hala ere, ferianteek hainbat kosturi aurre egin behar izaten diote barrakak finantzatzeko. Finantzazio prozesu horretan, errentamendu finantzarioa edo leasing formatua asko erabili ohi da. Manuel Garcia Espainiako Leasing eta Renting Elkarteko idazkariaren hitzetan, “ezaugarri ugari dituen formatua da, barraken moduko ekipamendu-ondasunak eskuratzeko aproposak direnak”. Ezaugarri horiek hainbat abantaila eskaintzen dituztenez, formatu egokia bilakatzen da barraken salerosketarako.
Leasingaren funtzionamendua
Berez, leasinga errentatzaile batek ondasun jakin bat erosi eta autonomo baten edo enpresa baten esku jartzeko jarduerari deritzo, bigarrenek profesionalki erabil dezaten. Kuotaka ordaintzen doa ondasuna eta, aldiaren amaieran, gutxienez bi urtean, aktiboa erosteko aukera dute. Abantaila nagusia akordatutako denbora epearen ostean gertatzen da, aktiboaren balioa asko gutxitu delako merkatuaren balioarekin alderatuta. Hala ere, beste hainbat ezaugarri ditu.
Bereizgarri nagusiena epe luzea da, adituaren esanetan, “oso” epe luzeko operazioak direlako. Bost zein zazpi urteetan finantzatu ahal direla azaldu du, ondasunen amortizazio epeen arabera. “Epe luzerako operazioak izanda, enpresaren altxortegiari mesede egiten dio”, mahaigaineratu du Garciak. Era berean, %100an finantzatzea ahalbidetzen du errentamendu finantzarioak, eta ohikoena izaten da idazkari nagusiaren arabera.
BEZa zatikatu
Leasingak BEZa zatikatzea ere ahalbidetzen du. “BEZa aldez aurretik ordaindu baino lehen, epeetan ordaindu dezakezu, eta hori oso garrantzitsua da enpresako diruzaintzarentzat”. Hau da, hasieran ordaindu beharrean, alokairuaren kuota bakoitzean ordaintzen joan daiteke BEZa, dagokion kopuruetan. Adituaren arabera, honako jarduera “eskuragarriagoa” da, lehen erosketa unean ez delako kopuru handi bat ordaintzen.
Adostutako kuotaren kantitatearen baitan, ordaindu beharreko BEZa handiagoa edo txikiagoa izango da epe bakoitzean. “Hor dago abantaila: BEZa ez da ordaintzen hasieran; hilabeteka ordaintzen da”. Era berean, azken ezaugarri gisa aurkeztu du adituak etekin fiskala: “Finantzazio aurreratua edota amortizazio azkarra ematen da leasinga erabiltzean, bi urtetan gauzatu daitekeena, nahiz eta normalean gehiago izan legez”. Azken finean, zergen ordainketak atzeratu egiten dira leasingaren bitartez. “Zero kostuko finantzazioa izango bagenu bezala funtzionatzen du, beste konpromiso batzuei aurre egiteko aukera ematen duena”.
Zergen ordainketak atzeratu egiten dira 'leasing'-aren bitartez. “Zero kostuko finantzazioa izango bagenu bezala funtzionatzen du, beste konpromiso batzuei aurre egiteko aukera ematen duena”
Bestalde, kuoten kantitatea kontratu bidez finkatzen da, normalean formatu bera izaten dutenak. “Hasieran metodo frantsesa izan ohi da ohikoena: interes handia eta kapital gutxi ordaintzen da, gero interes gutxi eta kapital gehiago ordaintzeko”. Hala ere, nahi dena itundu ahal dela argitu du idazkari nagusiak, baita gehitu ere kontratuak ia beti betetzen direla errentamendu finantzarioko formatuan. “Bankuaren berankortasun-indize txikienak ditugu oro har. 2008ko krisiaren aurretik, finantza-errentamenduko eragiketen berankortasuna ez zen %1era iristen”.
Araubidean mugak
Abantailak abantaila, leasinga barraken finantzaziorako formatu ona dela dio Garciak, nahiz eta kontrapuntu batzuk izan: “Barraketan leasinga erabiltzearen mugak ez datoz aktiboaren beraren aldetik, baizik eta errentariaren kualifikazioaren aldetik”. Bestela esanda, araudi jakin batzuen baitan dauden enpresariek mugak izan dezakete abantaila horietaz aprobetxatzeko. Araudi zehatz hori zenbatespen objektiboko araubidea da, eta haren barruan dauden enpresariek ezin izango dute finantzazio aurreratu horretaz gozatu.
Araubide horrek enpresaria zerga kanon zehatz bat ordaintzera behartzen du haren negozio bolumenaren arabera. Berez, enpresa handietan gertatzen da, Garciak dioenez, parke tematikoetan, esaterako
Araubide horrek enpresaria zerga kanon zehatz bat ordaintzera behartzen du haren negozio bolumenaren arabera. Berez, enpresa handietan gertatzen da, Garciak dioenez, parke tematikoetan, esaterako. “Ezingo luke amortizazio azkar hori izan, gastu eraginkorra ez delako posible izango kasu horretan”. Hala ere, jabeak autonomoak edota enpresari txikiak direnean, ez dute honako mugarik.