Ekonomia etxekotuz
'Oikos' eta 'nomos': ekonomiaren oinarriak ulertzen
Zeintzuk dira ekonomiaren sustraiak eta zutabeak? Zergatik du berebiziko garrantzia gure bizitzetan eta gizartean?
Bazen behin denbora ez oso urrun batean herrialde bat. Pertsona asko bizi ziren herrialde honetan, eta bertako biztanle guztiek zituzten baliabideak, batzuek ondasun moduan eta beste batzuek abilezia moduan. Denek oso gogor lan egiten zuten dirua irabazi ahal izateko, eta horren bitartez behar zituzten gauzak erosteko. Gizakiaren izaera dela eta askotan, lan asko egin arren, pertsona batzuek ezin zuten nahi zuten guztia lortu. Orduan herrialde honetako pertsonen artean galdera hau sortu zen: zergatik gertatzen zaigu hau?
Erantzuna ekonomian zegoen. Ekonomia hitzak antzinako grekoan ditu sustraiak. Etxea esateko greziar hitza oikos da, eta kudeatzeko edo administratzeko grezierazko hitza nomos. Horrela, Ekonomia hitzak "etxearen kudeaketa" edo "etxearen administrazioa" esan nahi du literalki.
Antzinako Grezian, familien kudeaketari eta familiek beren beharrak asetzeko baliabideak antolatzeko moduari buruzkoa zen ekonomia. Denborarekin, ekonomiaren esanahia zabaldu egin zen ekoizpenaren kudeaketa, eta ondasun eta zerbitzuen trukea gizarte zabalago batean sartzeko.
Trukearen jokoa
Ekonomia munduko pertsona guztiek parte hartzen duten joko handi bat da. Joko horretan pertsona guztiek dute garrantzia, denok baitaukate zer eskaini besteei. Pertsona batzuek trebetasun bereziak dituzte, hala nola janaria prestatzea edo gauzak eraikitzea. Beste batzuek behar dituzten gauzak lortzeko erabiltzen den dirua dute, eta baliabide horiek lortzeko gastatzeko prest daude, gainera. Horrela pertsona horiek guztiek elkarri laguntzeko truke-sistema sortzen da. Ekonomia sistemaren jaiotzaren aurrean gaude.
Pertsonek beraien artean baliabideak elkarbanatzeari deritzo trukea. Adibidez, norbaitek etxe bat behar badu, eraikitzaile bati ordaindu beharko dio berarentzat etxe bat eraiki dezan
Trukea da ekonomia sostengatzen duen ardatza. Pertsonek beraien artean baliabideak elkarbanatzeari deritzo trukea. Adibidez, norbaitek etxe bat behar badu, eraikitzaile bati ordaindu beharko dio berarentzat etxe bat eraiki dezan. Eraikitzaileak, ordea, diru hori erabil dezake janaria eta behar dituen beste gauza batzuk erosteko.
Balioa ezartzea
Sistema horretan arazo nagusi bat atzematen da. Nola jakin daiteke zenbat balio duen zerbaitek? Nola dakigu zenbat diru edota zenbat denbora erabili behar duen norbaitek etxe baten truke edo janari plater baten truke?
Hor sartzen da ekonomia. Ekonomia gizarte batean ondasunak eta baliabideak nola ekoizten, banatzen eta kontsumitzen diren aztertzen duen zientzia da. Beste era batera esanda, ekonomiak laguntzen die pertsonei ulertzen beraien ondasun eta baliabideek zenbat balio duen eta nola truka ditzaketen modu justuan.
Ekonomia gizarte batean ondasunak eta baliabideak nola ekoizten, banatzen eta kontsumitzen diren aztertzen duen zientzia da
Nahiz eta askotan garrantziarik ez eman edota beste alde batera begiratu, ekonomia oso garrantzitsua da gure bizitzan, haren kudeaketak erabakiak hartzen laguntzen baitigu gure baliabideen baitan. Adibidez, pertsona batek etxe bat erosi edo egin nahi badu, jakin beharko du zenbat diru aurreztu edo nola kudeatu behar dituen bere baliabideak. Beste norbaitek adibidez, negozio bat hasi nahi badu, ezagutu beharko du bere baliabideak noraino heltzen diren, betiere bere negozioa arrakastatsua izan dadin. Hori da ekonomiaren jokoa: ditugun baliabide finituen kudeaketa.
Baina ekonomia ez da garrantzitsua norbanakoentzat bakarrik. Maila handiagoetara estrapolatuz, gobernuentzat ere garrantzitsua da, jende kopuru handiak kudeatu behar baitituzte. Gobernuek ekonomia erabiltzen dute beren herritarren bizitza nola hobetu dezaketen ulertu eta kudeatzeko. Adibidez, herrialde bateko pertsona asko badira lanik gabe daudenak, gobernuak ekonomia erabili dezake enplegu gehiago sortzeko moduak ikertu eta aztertzeko. Edo gaixo asko badaude, gobernuaren tresna izan daiteke osasun zerbitzu hobeak emateko moduak aurkitzeko.
Merkatua eta estatua
Gaur egungo ekonomia joeren artean bi nabarmentzen dira: lehenengoa, merkatu-ekonomia, eta bigarrena, estatu-ekonomia. Bien arteko desberdintasun nagusia da gobernuak ekonomiaren kudeaketan eta erregulazioan duen papera. Merkatu-ekonomia batean, gobernuaren papera ekonomiaren kudeaketan eta erregulazioan minimoa da; estatu-ekonomian, aldiz, gobernua da ekonomiaren kudeaketan eragile nagusia. Bi joera horien muturren artean mugitzen dira gaur egun munduko ekonomia mota guztiak.
Ekonomiaz jakitea ere garrantzitsua izan daiteke munduak nola funtzionatzen duen ulertzeko. Adibidez, ekonomiak herrialde batzuk besteak baino aberatsagoak zergatik diren ulertzen laguntzen digu. Herrialde batek ondasun eta zerbitzu baliotsu asko ekoizten baditu, litekeena da gutxiago ekoizten duen herrialde bat baino aberatsagoa izatea. Ekonomiaren nondik norakoek ere laguntzen digute ulertzen zergatik produktu batzuk beste batzuk baino gehiago balio duten. Produktu batekiko eskari handia badago, litekeena da haren prezioa handiagoa izatea eskari txikia duen produktu batena baino.
Ekonomiaz jakitea ere garrantzitsua izan daiteke munduak nola funtzionatzen duen ulertzeko. Adibidez, ekonomiak herrialde batzuk besteak baino aberatsagoak zergatik diren ulertzen laguntzen digu
Laburbilduz, ekonomia denok parte hartzen dugun joko handi bat da. Zerbaitek zenbat balio duen eta gauzak modu justuan nola elkartruka ditzakegun ulertzen laguntzen digu. Ekonomiak gobernuei ere laguntzen die herritarren bizitza hobetzen. Beraz, ekonomiaz paso egiten duzun hurrengoan, gogoratu edozein eskalatan erabakiak hartzen eta gure bizitzak hobetzen laguntzen digun zientzia dela, hau da, baliabideen kudeaketa.