Izan zirelako
Organoen doinuak biziberrituz
‘Urdaibaiko Organoak: Joxe Mari Eguileor’ egitasmoak organoen erabilera sustatzeko kontzertuak egin ditu uda aldean. Jarduera kultural honi eusteak inbertsio ekonomiko handia dakar atzetik
Antzina, herriko topagune handiena izan ohi ziren elizak. Elizate guztia batzen zen bertan meza entzuteko, tartean organoaren doinuez ere jabetzeko. Musika tresna hauek urteen poderioz ondare kulturala bilakatu dira, errestaurazio zein mantentze kostuak behar dituztenak. Euskal Herrian badira hainbat organo herri askotan, kontzertuak egiteko erabiltzen direnak egun. Organoak, ondare gisa mantentzeko zein horien balioa hedatzeko, hainbat eragilek hartzen dute parte jarduera kultural horren defentsan, ‘Urdaibaiko Organoak: Joxe Mari Eguileor’ egitasmoa kasu.
Elkarteak uda aldean organo kontzertuak prestatzen ditu Urdaibaiko zonaldean, bertako herrietako organoak aprobetxatuta. 2004tik egin dituzte tokiko organoen errestaurazio lanak, ostera musikari profesionalak ekartzeko horiek jotzera. Benantzi Bilbao organo-jotzailea elkarte musikalaren zuzendaria da, eta organoen konponketen inguruan hitz egin du: “Argi utzi behar da organoak jarduera kultural gisa konpontzen direla, eta ez beharrizan liturgikoa dela eta”.
Musika tresna hauek urteen poderioz ondare kulturala bilakatu dira, errestaurazio zein mantentze kostuak behar dituztenak
Organoak berrizteko bidean, beraz, ondare kulturala babestea dago jomugan, baina oso jarduera konplexua bilakatu daiteke. “Beti diot organo bat etxe bat bezalakoa dela; pisu bateko etxe bat izan dezakezu edota luxuzko bat”, azaldu du musikariak. “Era berean, organo batek 200 tutu inguru eta teklatu bakarra izan dezake, edo 5.000 bat tutu eta lau teklatu”. Tamainaren arabera, organo bat berreskuratzearen kostuak oso aldakorrak izan daitezke. Organo txikienek 50.000 euro inguruko kostua izan dezaketela argitu du Bilbaok, handienek, aldiz, hiru edo lau milioi euro balio dezakete.
Hainbat profesionalen lana
Artisau ugarik egin behar dute konponketa, organoek atal ugari baitituzte. Gremio askoren lana batu behar da tresnak konpontzeko: “Arotza, urreztatzailea, ebanista, burdingina... benetako profesionalak behar dira”. Lan guztia artisau ezberdinekin betetzen joan behar dela dio Bilbaok, subkontratazio izaera moduko formatua jarraituz. “Tailerrean neurriak egiten dira, ostera gainontzeko profesionalekin lana osatzeko”. Orotara, musika tresna konpontzeko 5.000 ordu kopuru behar direla kalkulatu du organo-jotzaileak, urte t'erdi edota bi urteko lana, zehazki.
Horrela, aurrekontu jakin batekin lan guztia kontratatzen da, aurretiaz ordaindu behar dena gehienetan. “Artisau bakoitzari aurretiaz ordaintzen zaio kopuru bat, ostera gainontzekoa emateko”, nabarmendu du musikariak. Gainera, lana bukatutakoan, tribunal batek aztertu beharko du egindako lana ondo egina dagoen, lan “konplexua” delako, "inbertsio handia dago hasieratik”, gehitu du.
Benantzi Bilbao: “Fundazio batek ordaintzen du kopurua edota organoa dagoen elizako parrokiak pagatzen du bestela”
Inbertsio kopuru handi hauekin, finantzazioa lortzeko hainbat modu daudela dio organistak. Antzina, herriko diru bilketarekin egiten zela azpimarratu du, parrokiak jasotzen zuen dirua zela. Aldi berean, markesak zein erregeek ere jartzen zuten dirua, gerora elizak ordaintzeko. Egun, hala ere, bi bide nagusi daude: “Fundazio batek ordaintzen du kopurua edota organoa dagoen elizako parrokiak pagatzen du bestela”. Mundakako organoa jartzen du adibide, 2010 urte bueltan berreskuratu zena. Bertako parrokiak abadetxea saldu zuen, eta diru horrekin lortu zuten kapitala.
Kontzertuek kostu asko
‘Urdaibaiko Organoak: Joxe Mari Eguileor’ elkarteak kontzertuak egiteko unean ere hainbat kostu izaten ditu. Busturialdeko landa garapen elkartea den Urremendik daramatza aurrekontuak, udalekin batera. Aurrekontuekin prestatzen dituzte organoak, noizbehinka afinatu egin behar izaten direlako, eta lan hori egiteko profesional bat kontratatu behar izaten da. Ildo berean, musikariak ekartzeko kostuak ere egoten dira, maila altukoak izaten baitira, nazioartean erreferente direnak Bilbaoren hitzetan. “Mailaren arabera, gutxienez 1.500 euro kobratzen dute batzuek, baina beste batzuek 10.000 edota 20.000 euro ere eska dezakete”, argitu du.
Benantzi Bilbao: “Organoak mututu egiten dira gutxi erabiltzen baldin badira eta galdu egin daitezke”
Parrokien ahalmen ekonomikoa iraganekoa baino askoz ere ahulagoa da egun, organoen osasuna kaltetzen duelarik. Abadetxeek eta parrokiek organoak mantentzeko arazo larriak dituztela dio Bilbaok. “Organoak mututu egiten dira gutxi erabiltzen baldin badira eta galdu egin daitezke”. Inbertitutako diru guztia galtzeko arriskua dagoela ere azpimarratu du: “Hezetasunak kalte egiten dio musika tresnari, eta hasierako aberia txiki bat arazo larria bilakatu daiteke ostera ondo zaintzen ez bada”.
Erabilera berria ematea gako
Elizen egoera kaskarra ikusita, zuzendariak uste du organoen inbertsioa babesteko elizen erabilera “eraberritu” egin behar dela, beste herrialde batzuetan egiten den bezala. “Elizek zail dute jendea erakartzea fedearen bitartez, beraz, beste formatu batzuk lortu behar dira”, mahaigaineratu du adituak. Hori horrela, kultura jarduera sustatzeko bideari ekitea aurkeztu du soluzio gisa; esaterako, elizatan kontzertuak egitea. Amsterdameko De Duif eliza jarri du adibide bezala, azpiegitura guztia alokatzeko aukera ematen baitute bertan. Ezkontzetarako, ospakizunetarako zein ikuskizunetarako erabiltzen da, finantzazio propioa lortuz horrela elizako kostuei aurre egiteko. “Bertako organoa aurrez aurre ikusi dut, eta oso ondo zainduta dute”.
Benantzi Bilbao: “Benetan tristea da organoak kontzertu egunetan soilik erabiltzea”
Erabilera berria emanda, ondare kultural honen ongizatea “babestu” ahal dela dio musikariak, egindako inbertsio guztia “pikutara” ez joateko. Organoei erabilera gehiago eman behar zaiola aldarrikatu du, ondare kulturala erabiltzen den gutxirako inbertsio handia egiten baita . “Benetan tristea da organoak kontzertu egunetan soilik erabiltzea”.
Udako lehen kontzertua uztailak 15ean egin zuten Mundakan, eta azken kontzertua hilaren 15ean herri berean. Tartean, 12 kontzertu eman dituzte, Bermeo, Busturia, Gautegiz-Arteaga, Arratzu, Kortezubi, Ibarrangelu eta Gernikatik igarota. Etorkizunari begira, zonaldeko gainontzeko organoak konpontzeko helburua dute. Horiek dira Ereño, Elantxobe, Nabarniz eta Muxika herrietako organo mutuak konpontzea.