Heganeko bazkideak, atzo, batzarrean | Argazkia: Hegan

EKONOMIA

Pandemia aurreko jardueratik gertu daude EAEko aeronautika sektoreko datuak

Heganen batzar orokorrean aurkeztu dituzte emaitzak. Urteroko bilkuran Aeronautika eta Espazio klusterrak 25. urteurrena ospatu du

2019an inoiz baino emaitza hobeagoak lortu zituen EAEko aeronautika sektoreak. Pandemiak gogor kolpatu zuen bidaiarien garraiorako sektorea, baina apurka-apurka jarduera datuak berreskuratzetik geroz eta hurbilago dago. Hala jakinarazi du Hegan Aeronautika eta Espazioko klusterrak atzo eginiko bere urteroko batzar nagusian. Klusterraren hitzetan "saria izan du aurreko bi urteetan enpleguari eusteko eta dibertsifikazioaren alde lanean jarraitzeko egin duten ahaleginak". 

Guztira 2.377 milioi euroko fakturazio agregatua sortu zuten elkarteko kideek 2022an, munduko instalazio guztien artean; 2021ean, berriz, 1.867 milioi eurokoa izan zen fakturazio hori. Bestela esanda %27 hazi zen. Soilik EAEn 839 milioi euro fakturatu zituen sektoreak, aurreko urteko 766 milioi euroren aldean —%6,8ko hazkundea—. Azpisektoreka erreparatuta, motorren ataletik etorri zen fakturazioaren ia erdia —%48,7—, eta aire-egituretatik beste %43,8. Espazioak, berriz, %3,9 suposatu zuen, eta ekipamenduek %3,6.

Enpleguak ere gora egin zuen: 1.066 enplegu berri sortu ziren. Guztira, klusterraren parte diren enpresen mundu mailako lantegi guztiak kontuan hartuta 15.252 lanpostu ditu sektoreak.

Inbertsioari erreparatuta, I+G+b arloan, 132 milioi euro inbertitu ziren 2022an —%78 autofinantzaketari esker—, eta esportazioak 1.754 milioi eurokoak izan ziren, hau da, salmenta guztien % 69,8.

Emaitzak aurkezteaz harago, ospakizun eguna izan da Aeronautika eta Espazio klusterrarentzat. Izan ere, 25 urte bete ditu aurten, abenduaren 5ean. Horretan, gogoan izan dute sektorearen sorrera, 1966an Sener konpainiak sektoreko lehen kontratuak sinatu zituenean, eta horren ondorengo bilakaera ere, hala nola Aernnovaren lehen kontratuak, ITP Aeroren sorrera edo klusterraren beraren jaiotza. Era berean, etorkizuneko sektore estrategiko eta traktore gisa duen papera azpimarratu zuten, bai garapen teknologikorako, bai ezagutza beste sektoreetara helarazteko ere. Era berean, deskarbonizazio edo hibridazio prozesuetan eman ditzakeen pausoak ere azpimarratu zituzten. Egun 73 bazkidek osatzen dute Hegan.