Patxi Juaristi: "Balio soziokomunitarioak oso errotuak egon direlako egin dugu aurrera hemen"
Garapen jasangarria, enplegu duina, berdintasun politikak edota lurraldeen arteko kohesioa barne hartzen dituen euskal gizartea irudikatu du soziologoak. Herri txikia izanik, globalizazioaren aurrean erronka handiak ditugula uste du
Urriaren 2tik 4ra egin zen Eusko Ikaskuntzaren XIX. kongresua Gasteizko Europa Jauregian. Elkartzen gaituena. Herri ituna(k) jendartearen eta lurraldearen kohesiorako lelopean, eredu sozioekonomikoa, euskal jendartea eta lurraldetasunaren inguruko hainbat solasaldi jorratu ziren bertan. Patxi Juaristi Larrinaga (Markina-Xemein, 1967) soziologoa, EHUko irakaslea eta kongresuko lehendakaria pozik agertu da hiru egun haietan jazotakoarekin. Kongresuan proposatutakoak gizarteratzea izango da Eusko Ikaskuntzaren datozen hilabeteetako erronka, betiere lurraldeko eragile nahiz erakundeekin lankidetzan. Desberdintasun txiki asko dituen gizartea izanik euskararena, garapen ekonomiko, sozial zein kulturalerako baldintza egokiak dituela iritzi dio soziologoak.
Zer nolako balorazio orokorra egingo zenuke kongresuaren inguruan?
Egia esan oso pozik gaude. Jende asko etorri zen, 1.000 pertsona inguru. Elkarte, erakunde, nahiz gobernuz kanpoko erakundeetatik ere ordezkari pila bat izan ziren. Gai desberdinak eraman genituen kongresura, hizlariak oso onak ziren eta eztabaida interesgarriak atera ziren. Oro har, kongresu on bat izan dela esango nuke.
Kongresua amaituta eta aste pare bat pasa direlarik, eduki al duzue denbora ateratako ondorioetan sakontzen hasteko?
Hizlariak hitz egiten zuten bitartean, guk apunteak hartzen aritu ginen eta kongresuaren bukaeran ondorio batzuk aurkeztu genituen. Ondorio horiekin lotuta, Eusko ikaskuntzak datozen urteetan, hurrengo kongresura arte, jorratu beharko dituen gaien inguruko proposamenak ere landu ditugu. Badakizu kongresua sei urtetik sei urtera egiten dela. Etorkizunera begirako proposamen batzuk agertu ziren, baina orain landu egin behar dira, eta hobeto zehaztu.
Elkartzen gaituena. Herri ituna(k) jendartearen eta lurraldearen kohesiorako lelopean egin da kongresua. Zer funtzio bete nahi izan du?
Eztabaidagune bat sortu nahi izan dugu, foro bat. Guretzako kongresuaren gaia garrantzitsua da, eta, hain zuzen ere, hiru ardatz jorratu ditu: arlo sozioekonomikoa eta ongizate estatuaren gaia; jendartea, hor landu dugu hezkuntzaren, euskal nortasunaren edo hezkuntzaren gaia edo trantsizioak nola egin behar diren; eta azkenik, lurraldetasuna, Europan dauden lurralde gatazkak edota herri txiki eta handien arteko desberdintasunak. Iparraldearen eta hegoaldearen artean kohesioa hobetzearen inguruan ere hitz egin genuen. Kohesioaren gaia jorratzea nahi izan dugu. Hizlari eta ikuspuntu desberdinak ekarri, eta hiru ardatz horien inguruan eztabaida sortu.
"Eztabaidagune bat sortu nahi izan dugu, foro bat"
Zure hitzetan, desberdintasun txikiak dituzten gizarteek errazago sortzen dituzte garapen ekonomiko, sozial zein kulturalerako baldintzak, gobernantza ekosistema hobeak, eta hobeto egiten diote aurre etorkizuneko erronkei. Nola ikusten duzu hein horretan euskal gizartea?
Diagnostiko bat egin genuen eta desberdintasunak dauzkagula ikusi dugu. Ipar eta hegoaren artean desberdintasun asko daude. Kongresuan asko aipatu zen ipar eta hegoaldekoak ez garela elkar ezagutzen. Hiri eta landa arteko eremuen arteko diferentziez ere mintzatu ginen. Herri txikiak husten ari dira, eta, aldiz, hiri eta kostalde inguruetan geroz eta jende gehiago bizi da. Geroz eta gizarte anitzagoa daukagu, etorkinak dauzkagu eta pobrezian bizi den jendea. Desberdintasunak izanik, horiei aurre egitea ezinbestekoa da.
Hizkuntzaren aldetik ere euskal eremu bati buruz aritu ginen, baina ikusi dugu desberdintasun oso handiak daudela iparraldearen eta hegoaldearen artean. Are gehiago kontuan hartuta gizarte globalizatu batean bizi garela, eta gizarte globalizatu honetan, kohesioa ematen digun euskal nortasun hori mantentzea asko kostatuko zaigu. Kezka ere badator geroz eta gizarte indibidualistagoa daukagulako. Kohesioa lortzeko balio eta ekimen soziokomunitarioak oso garrantzitsuak dira.
Kohesioa izan da kongresuaren hitz gakoa. Kohesioa lortzearen erronka zailtzen doa geroz eta gizarte indibidualistago batean?
Era askotako desberdintasuk ditugu, kulturan, nortasunean, hezkuntzan, herri txikien ikuspuntutik, ikuspuntu sozioekonomikotik... eta hitz egin behar dugu. Itun bat behar dugu aurrera egiteko, egiteko beste modu batzuk behar ditugu. Horretarako, kongresuak egin duena da gaiari buruz eztabaidatu eta proposamen batzuk egin hiru ardatzen inguruan.
Eredu sozioekonomikoa landu zenuten lehen egunean. Zer nolako eredua irudikatu zenuten?
Kohesio sozioekonomikoari buruz hitz egiten dugunean, faktore pila bat daude eta horietako batzuk landu ditugu. Alde batetik, justizia sozialaz hitz egin zen, baina baita garapen jasangarriaz. Garapen ekonomikoa behar dugu, baina jasangarria izan behar du. Enplegu duinari buruz hitz egin zen, kohesio horrek eskatzen baitu enplegu duina, eta genero desberdintasunak murriztea. Belaunaldien arteko elkartasunari edota ingurumena zaindu behar dugu, datozen belaunaldiekiko erantzukizun bat daukagu.
"Gizarte globalizatu honetan, kohesioa ematen digun euskal nortasun hori mantentzea asko kostatuko zaigu"
Justizia soziala, trantsizioa, enplegu duina, jasangarritasuna… erronka guzti hauek aurre egiteko prest ikusten duzu euskal jendartea?
Nik uste dut argi ilunak daudela. Jende prestatua badugula ikusten dut, oraindik ere balioak dituztenak. Zentzu horretan, badaude oinarri batzuk onak direnak aurrera egiteko, baina gero kezka agertzen da. Globalizazioaren itzala. Ez ote gara herri txikiegia dauzkagun erronka hauei guztiei erantzuteko? Herri txikia izanik gai ote gara globalizazioak ekartzen dituen erronka guztiei erantzuteko? Hemen aurrera egin dugu balio soziokomunitarioak oso errotuak egon direlako, komunitatearen zentzua oso errotuta egon delako, auzolana dela edo elkarteak sortzeko gaitasuna…hori dena indibidualismoarekin ere zalantzan jarrai daiteke. Trantsizio momentu batean gaudela pentsatzen dut, eta orain arte izan ditugun eredu eta balioak aldatzen ari direla. Mundu berri batean sartzen ari gara, eta erronka da gai izatea tradizioz jaso ditugun balio horiek eraldatzea, eredu sozioekonomiko on bat izateko, datozen belaunaldiak kontuan hartuko dituena, garapen jasangarria egingo duena, ingurumena zainduko duena, enplegu duina sortuko duena…
Nola mantendu dezakegu komunitate kontzientzia hori?
Hiri handietan asko aldatu da, baina Euskal Herriko herri txikietan oraindik ere auzolana eta balio soziokomunitario horiek oso indartsu daude. Komunitatea eraiki behar da, egitasmo soziokomunitarioak eta berdintasun politikak behar ditugu. Eusko Ikaskuntzaren ustez, euskara kohesionatu ahal gaituen hizkuntza da. Azken urteetan etorkin pila bat etorri dira eta datozen urteetan are gehiago etorriko dira. Komunitatea nola eraikiko dugu? Hizkuntza izan daiteke modu bat, kultura beste bat. Hizkuntza ere kohesiorako bide garrantzitsua da, baita inklusioa ere. Etorkinak eta euskal nortasunetik urrundu diren pertsonak erakartzen saiatu behar gara.
"Herri txikia izanik gai ote gara globalizazioak ekartzen dituen erronka guztiei erantzuteko?"
Mugaz gaindiko lankidetza eta lurraldeen arteko aliantzak indartzearen garrantzia azpimarratu zen hirugarren egunean. Zer nabarmenduko zenuke bertatik?
Ikusten da ipar eta hegoaldearen artean desberdintasunak daudela eta muga askotan oztopo gisa ikusi dugula, baina muga aukera bat ere izan daiteke. Gogoeta garrantzitsu bat egin behar dugu herri txiki eta handien artean. Asko hitz egin zen herri txikien kasuan komertzio arazoei buruz. Herri txikiak bizirik mantentzeko zerbitzuak behar dituzte, eta zerbitzuen artean sartzen zen merkataritza. Europako lurralde gatazkei buruz ere hitz egin zen. Nola gainditu dira? Ereduak badaude. Parte hartzearen garrantziari buruz eztabaidatu genuen. Parte hartze eredu bat aurkeztu zigun Cristina Lafontek, esaterako.
Proposamenak egitea izan da zuen lana kongresuan. Nola gizarteratu orain hiru egunetan eztabaidatutako guztia?
Kohesioaren inguruko eztabaida foro bat sortu dugu, kanpoko begirada ekarri dugu, baita Eusko Ikaskuntzarena eta Euskal Herriko ikerlariena ere, baina, kongresua ez da hor bukatzen. Gure helburua zen ateratako ideia eta proposamenak gizarteratzea, bai erakunde publikoetan, bai komunikabideetan, bai gobernuz kanpoko erakundeetan, bai bestelako eragile desberdinetan. Hurrengo hilabeteetan horretan arituko gara. Eta, gainera, ondorio eta proposamen horiek nolabait markatuko dute Eusko Ikaskuntzaren hurrengo sei urtetako ibilbidea.