Qatar: futbola eta gasaren geopolitika
Bere irudia saldu eta zuritzeko estrategia geopolitiko nabaria garatu du Qatarrek azken hamarkadetan. Europako Parlamentuko presidenteordearen atzoko atxiloketak, eroskeria egotzita, estrategia horren adibide bat baino ez da. Hidrokarburoen alorrean duen nagusitasunaz baliatuta enpresa, komunikabide eta kirol munduan eragin handia lortu du Qatarrek.
Gaur zortzi jokatuko da Munduko Koparen finala Dohan. Lau astez munduko bazter guztietako futbol zaleak Qatar begira bizi izan dira. Hala izaten da lau urterik behin. Qatarkoak, ordea, badu berezitasun bat: neguan jokatuko dute, lehen aldiz. Persiar golkoko klimatologiak ez du uda partean kirol jarduerarik egiteko aukerarik ematen eta, ezinbestean, neguan egin behar izan dute, horrek Europako futbol lehiaketa guztiak etetea eskatzen badu ere. Urte batzuk lehenago pentsaezina zen erabakia hartu zuen FIFA Nazioarteko Futbol Federazioak 2010ean, Qatar Munduko Koparako egoitza aukeratzean. Erabaki polemiko horren atzean egon zitezkeen arrazoiak argitzeko ikerketa abiatu zuen Frantziako justiziak eta Nicolas Sarkozy garai horretan Frantziako presidentearentzat kartzela zigorra ebatzi zuen. Qatarren eragina agerian utzi zuen ikerketak.
Mundurako erakusleiho aparta izaten da Munduko Kopa, antolatzen duen herrialdearen "marka" saltzeko. Zenbait kasutan, aldiz, giza eskubideen alorrean irudia zuritzeko aukera ere izaten da. Hori egin nahi izan zuen Jorge Rafael Videla militarrak Argentinako 1978ko Munduko Kopan. Bi urte lehenago estatu kolpea eman eta agintea eskuratu zuen Videlak, argentinarrek nekez ahaztuko zuten diktatura gogorra ezarriz. Futbol Kopa baliatu nahi izan zuen Argentinako gobernua mundu mailan bere burua zuritzeko.
Qatar izan da Munduko Kopa antolatu duen Ekialde Hurbileko lehen estatua eta inoizko ikuskizunik handiena egin nahi izan dute, emirerriaren irudia zabaldu eta zuritzeko. Izan ere, asko dira giza eskubideen inguruan Qatarri leporatzen dizkioten urraketak. Duela 150 eskuratu zuen Al-Thani dinastiak emirerriaren agintea eta gaur egun diktatura zorrotz eta atzerakoi baten bidez gobernatzen dute herrialdea. Hedaduraz Euskal Herriaren erdia baino zertxobait handiagoa da Qatar (11.490 kilometro koadro) eta 2,9 milioi lagun bizi dira bertan. Giza eskubideen urraketa handiak egiten dituen herrialdea da Qatar, batez ere emakumeen eta LGTBI kolektiboaren kasuan. Bertakoak ez direnen lan baldintzen inguruan ere salaketa larriak jaso ditu emirerriak.
Egun Qatarrek munduko biztanleko BPG altuenetakoa badu ere, populazioaren %90 kanpotik lan egitera joandakoak dira lan baldintza oso gogorretan
Biztanleen % 90 kanpotik lan egitera joandako langileak dira lan baldintza oso gogorrak pairatzen dituztenak. Egoera horren adibide mundu koparako azpiegituren eraikuntza lanetan hildako milaka langileak dira. Bertako naziotasuna duten herritarrek, ordea, munduko biztanleko BPG altuenetakoa dute, Euskal Herrikoa baino % 70 altuagoa. Bertakoen ongizatea, beraz, kanpotik lan egitera joandako langileen eskubideen kontura eraiki dela esan liteke. Herrialdearen aberastasuna hidrokarburoen negozioan oinarritzen da. Bertan baitago munduko hirugarren gas natural poltsa handiena. Baliabide natural honek ahalbidetu zuen emirerriaren azken mendeko hazkunde ekonomikoa. Duela 100 urte perlak, abeltzaintza eta merkataritza ziren bertan bizi ziren 10.000 lagunen bizimodua. Hidrokarburo baliabideen ustiapenak emirerriaren ekonomia irauli egin zuen, aberastasun iturri berria emanez eta, batez ere, nazioarte mailan lehen mailako eragile ekonomiko izateko aukera emanez. Qatar LPEE, Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundean 1961ean sartu bazen ere 2019an erakundetik atera zen persiar golkoko gainerako herrialdeekin zituen desadostasunak zirela medio. Gas naturalen salmentak bere esportazioen % 47,1 suposatu zuten 2020an eta petrolioarenak % 23. Petrolio finduaren esportazioek ere pisu nabaria dute esportazioetan, %13. Hidrokarburoen negozioak, beraz, bere esportazioen % 81,1 suposatzen dute. Portzentaia hori % 90era heltzen da hidrokarburoen bestelako eratorriak aintzat hartuta. Esportazioek Qatarko Barne Produktu Gordinaren ea erdia suposatu zuten 2021ean, % 48,27.
Qatar Investment Authority inbertsioetarako gakoa
Qatarrek hidrokarburoen bidez lortutako irabaziak funts subirano baten bitartez bideratzen ditu, Qatar Investment Authority. Ohikoa da horrelako tresnak erabiltzea nazioarte mailan inbertsioak egiteko, eta, bide batez, eragin ekonomikoa lortzeko. Duela 70 urte inguru sortu ziren Sovereign Wealth Funds bezala ezagutzen diren funts hauek, Kuwait eta Saudi Arabiaren eskutik. Egun Norvegia, Kuwait, Saudi Arabia eta Txina dira halako tresnak erabiltzen dituzten herrialde nagusiak. Honelako funtsek oso portaera ona izan dute 2022an. Pandemia osteko erregaien kontsumoaren hazkundeak eta, batez ere, Ukrainako gerrak eragindako prezioen gorakada esponentzialak zuzenean eragin dute funts hauen diru-bilketan.
QIA inbertsio funts suberanoaz baliatzen da Qatar nazioarteko inbertsioak burutzeko. Egun IBEX-35 indizeko enpresen akzioen % 1,5 bere esku daudela kalkulatzen da
Qatar Investmen Authority (QIA) funtsa 2005ean eratu zuen emirerriko gobernuak petrolioa eta gasaren industriak lortutako mozkinak kudeatzeko. Herrialdeak energiaren prezioarekiko zuen erabateko menpekotasuna dibertsifikatzea du helburu funtsak eta horretarako nazioarteko merkatuetan inbertsioak burutzen ditu. Gaur egun munduko hamargarren funtsik handiena da eta 455.000 milioi euro kudeatzen ditu. Europako inbertsioei dagokienez, nabarmentzekoa da Frantzia eta Espainiako merkatuen garrantzia. Louis Vuitton eta Total Energies dira, besteak beste, Frantzian dituen inbertsiorik esanguratsuenak. Espainiari dagokionez, IBEX35 indizea osatzen duten enpresen kapitalizazioaren % 1,5 izatera heldu dela kalkulatzen da. Egun IAG hegazkin konpainiaren (Iberiaren jabea, besteak beste) % 25 duela estimatzen da eta Iberdrolaren % 8. QIA funtsa ez da enpresetan inbertitzeko Qatarrek erabiltzen duen tresna bakarra. Qatarko errege-familiako kideek ere badute hainbat inbertsio tresna. Khalid Thani Abdullah Al-Thani xekeak, esaterako, El Corte Inglés merkataritza enpresaren %5aren jabe da eta PRISA komunikazio taldearen %5 ere badu.
Kirola, estrategiaren oinarria
200.000 milioi euro inbertitu ditu Qatarrek Mundu Kopan, inoizko inbertsiorik handiena, 2018ko Errusiako edizioan baino 17 aldiz gehiago. Nekez lortuko du Qatarrek munduko mailako futbol ikuskizunik handienean egindako inbertsioa berreskuratzea. Azalpen ekonomikorik ez du, hortaz, inbertsio erraldoiak. Gakoa, baina, irudia da. Eraikuntza lanetan hildako langileen itzala eta giza eskubideen urraketen salaketak estali nahi ditu persiar golkoko emirerriak futbol koparekin. Kirola herrialdearen marka saltzeko erabiltzeaz asko daki, beraz, Qatarrek. Kirol industriaren munduan 2004ean sartu zen lehen aldiz MotoGP, motoziklismoko sari handia antolatuz. Kirol alorrean egin beharreko inbertsioak burutzeko, 2005ean Qatar Sports Investments QSI funtsa sortu zuen emirerriak.
Kirolaren balioetan oinarritu nahi du Qatarrek bere marka saltzeko estrategia. Horretarako Futbol Kopa bezalako ikuskizunak antolatzen ditu. Paris Saint-Germain eta Sporting de Braga taldeen jabea ere bada.
Hurrengo urratsa emateko, futbolera egin zuen jauzi. 2010ean aurtengo mundu kopa antolatzeko aukeratu zuen FIFAk Qatar. Urtebete beranduago QSI funtsak Frantziako Paris Saint Germain futbol taldea erosi zuen 50 milioi euro ordainduta. Hamarkada honetan Qatarrek Paris Saint Germainen 550 milioi euroko inbertsioa egin du. Dirutza horren zatirik handiena fitxaketetara bideratu da, hala nola, Neymar eta Kylian Mbappé.
2011an QSIk Nasser bin Ghanim Al-Khelaifi Qatarko tenislari ohia funtsaren zuzendari izendatu zuen. Qatarko errege familiaren lagun hurbila da Al-Khelaifi. Egun PSGko presidentea izateaz gain, (ECA) European Club Associationeko idazkaria ere bada, Europako futbol talde nagusien elkartea. Frantzian ez ezik, Portugalen ere kirol inbertsioak burutu ditu Qatarrek. Duela bi hilabete, urriaren 10ean Portugalgo futbol ligako Sporting de Braga taldearen % 21,67 erosita. Kirolaren alorrean inbertsioak egiteaz gain, babesletza ekintzak ere burutu ditu Qatarrek. Asko izan dira, esaterako, Qatar Airwaysen babesletza eraman duten futbol taldeak: F.C Barcelona, Bayern, Roma, Boca Juniors...
Komunikabideak, irudia zabaltzeko ezinbestekoak
Kirol alorrean, taldeak erosi eta babesteaz gain, kirol ikuskizunen ikus entzunezko eskubideen negozioan ere aritu izan da Qatar, BeIN Sports telebista katearen bidez. Al-Khelaifi da katearen zuzendaria eta, besteak beste, Frantziako ligaren eskubideak erosi ditu. Espainiako Ligako eskubideen jabe ere izan zen Mediapro enpresarekin batera 2016 eta 2019 bitartean. Kirolaz haratago, informazio orokorreko komunikabideetan ere inbertsioak burutu ditu Qatarrak. 1996an Al Jazeera telebista katea sortu zuen gobernuak eta egun arabieraz aritzen den telebistarik ezagunena da. Espainian Qatarko errege familiako kide den Khalid Thani Abdulla Al-Thanik PRISA komunikazio enpresaren kapitalaren zati bat erosi zuen. Egun akzioen % 5en jabe da.
Harreman politikoetan oinarritutako eragina
Errusia izan zen Munduko Futbol Kopa antolatu zuen azken herria, 2018an. Txapelketaren bukaerak sinbolismo handiko argazkia utzi zuen: Vladimir Putin Errusiako presidenteak eta Gianni Infantinok, FIFAkoak, Tamin bin Hamad al Thani Qatarko emirrari lekukoa eman zioten. Lau urte baino ez dira igaro baina Errusiak Ukraina inbaditu izanak munduaren egoera geopolitikoa hankaz gora utzi du. Hidrokarburoen hornitzaile nagusia zen Errusiari boikota ezarri dio Europak eta gasa eskuratzeko hornitzaile berrien bila jo behar izan du. Qatar egoera berri honen onuradunetako bat izan da. Alde batetik gasaren prezioaren garestitzeak bere diru sarrerak handitu ditu eta bestaldetik, geopolitikoki garrantzi handia hartu du. Espainiaren kasuan, esaterako, Aljeriarekiko harremanak okertzeak Qatarrera begira jarri du Pedro Sanchezen gobernua, gas hornikuntza bermatze aldera. Amerikako Estatu Batuek ere Qatar lehenetsi dute kanpo harremanetan. Persiar golkoko emirerriak kokaleku estrategikoa du eta NATOtik kanpoko aliatu nagusitzat du Joe Bidenen gobernuak.
Belgikako fiskaltzak Qatargate auzia ikertzen ari da: Europako Parlamentuko kideak erosi nahi izan ditu Qatarrek bere aldeko erabakiak hartzeko
Qatar aspaldi ohartu zen nazioartean duen garrantziaz eta horretaz baliatu izan da bere eragina hedatzeko. 2020ko Munduko Futbol Koparako hautagaitza aurkeztu zuenean bere hariak ondo mugitu zituen. Duela bi hilabete Frantziako hainbat hedabidek argitaratutako ikerketak agerian utzi ditu Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea zenak abiatutako mugimenduak Qatarrek Mundu Kopa antolatu zezan. Mesede horren truke Frantziak hainbat mesede jaso omen zituen, Paris Saint-Germain taldearen erosketa eta BeIN Sports telebista kateak Frantziako futbolaren emisio eskubideak zabaltzea. Baina bada susmoa truke horretan bestelako ordainketak ere egon zirela: Frantziak Qatarri hegazkin militarrak saltzea. FIFAk Qatarren hautagaitza aukeratu baino bederatzi egun lehenago Eliseoan, Frantziako presidentearen egoitzan Platini, garai horretako FIFAko presidentea, Sarkozy eta Al Thani Qatarko emirrak elkarrekin bazkaldu zuten eta baliteke bazkari horrek hautagaitzaren erabakia baldintzatzea. Frantziako justiziak auzia ikertu zuen eta Nicolas Sarkozy kartzelara zigortu zuen.
Litekeena da, baina, Frantziakoa ez izatea Qatarrekin lotutako ustelkeria eta eroskeria kasu bakarra. Aste honetan bertan Belgikako fiskaltzak Europako Parlamentuko hainbat kide ikertu dituela zabaldu egin da, Qatarrekin lotutako ustelkeria eta eroskeria kasuengatik. Qatarren irudia zuritu eta emirerriaren aldeko erabakiak erraztea omen du helburu Qatargate bezala ezagutzen den auziak. Atzo bertan Europako Parlamentuko lehendakariak, Roberta Metsolak, orain arte Parlamentuaren lehendakariordea zen Eva Kaili kargutik kendu du, Belgikako poliziak atxilo hartu eta gero. Emirerriaren aldeko erabakiak hartzeko dirua jasotzea leporatzen die Belgikako poliziak hainbat kideri. Ikerketa oraindik irekita dago eta baliteke hurrengo egunetan atxiloketa gehiago egotea.