Jardunaldian lau mahai-inguru egingo dira | Argazkia: iStock

EKONOMIA

ETEen erronka nagusiak jorratuko dituzte 'Re-think Industry' ekitaldian

Lau desafio izango dituzte ardatz: eraldaketa digitala, jasangarritasuna, belaunaldi-erreleboa eta enpresa proiektuen hazkundea

Re-think Industry jardunaldiaren hirugarren edizioa egingo da urriaren 30ean Kursaalen. Bertan, Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainei aukera eskainiko zaie beren erronka nagusien inguruan hausnartzeko. Lau desafio nagusiren gainean arituko dira: eraldaketa digitala, jasangarritasuna, belaunaldi-erreleboa eta enpresa proiektuen hazkundea. Ekitaldia Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu du.

Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua den Ane Insaustik azaldu duenez, jardunaldian lau mahai-inguru egingo dira, non Gipuzkoako enpresa erreferenteek beren esperientziak partekatuko dituzten. Helburua da ETEek enpresen arrakasta kasuak ezagutzea, eta, hala, beren proiektuetan aplikatu ahal izatea. Lau mahai-inguruen gai nagusiak honakoak izango dira, ordenan: ETEetan teknologia digitalak ezartzeko estrategiak; negozioen eskalatzearen erronka; proiektuen jarraitutasuna eta belaunaldi-erreleboaren plangintza; eta, azkena, negozio-eredu jasangarriago bateranzko trantsizioak dituen aukerak eta erronkak.

Jada 600 pertsonek baieztatu dute asistentzia, baina izena emateko epeak zabalik jarraitzen du. Eider Mendoza diputatu nagusiak egingo du ekitaldiaren irekiera instituzionala. Gainera, nazioarteko bi hitzaldi ere izango dira, Andrés Rodríguez-Posek (Geografia Ekonomikoaren alorreko akademikoak) eta Javier García Cogorrok (Columbus Venture Partners fundazioaren bazkide sortzailea eta idazkariak) eskainiko dituztenak.