Sabadell erosteko kapital handitzea onartu dute BBVAko akziodunek
Bilboko Euskalduna jauregian bildu dira gaur bankuko akziodunak. Carlos Torres presidentearen arabera, "Europako banku proiektu erakargarriena" izango dira
BBVAko akziodunek, ostiral honetan Bilbon egindako ezohiko batzar orokorrean, Sabadell bankua erosteko beharrezkoa den kapitala handitzea onartu dute, aldeko botoen %96,04rekin. Ehuneko hau bertaratutako eta ordezkatutako akziodunen artean emandako aldeko boto guztiei dagokie, eta batzarreko quoruma kapital sozialaren %70,75 izan da.
Carlos Torres BBVAko presidenteak azaldu duenez, "aurrerapauso handia" eman dute "Europako bankuen proiekturik erakargarrienean aurrera egiteko. "Konfiantza osoa dugu eragiketaren arrakastan", gehitu du.
Bilboko Euskalduna jauregian bildu dira akziodunak. Sabadelli egindako eskaintza "erakargarria" dela nabarmendu du Torresek, eta helburua banku "indartsuagoa, lehiakorragoa eta errentagarriagoa" sortzea dela. Era berean, CNMV Balore Merkatuaren Batzorde Nazioanalaren oniritzia jaso ostean, Sabadell erosteko eskaintza publikoa abiaraziko dela jakinarazi du.
Batzarrak bi puntu baino ez zituen gai-zerrendan. Lehenik eta behin, bankuak 1.126,34 milioi akzio jaulki eta zirkulazioan jartzea proposatu die akziodunei, bakoitza 0,49 euroko balio nominalekoa, hau da, 551,9 milioi euroko kapital soziala.
Kapital handitze hau osorik, zati batean, aldi batean edo behin baino gehiagotan gauzatu daiteke, erosteko eskaintza publikoaren emaitzaren arabera edo, hala badagokio, nahitaezko erosketa- eta salmenta-eskubideak gauzatzearen arabera. Nolanahi ere, kapita handitzea ez da egingo Erosketa Eskaintza Publikoa gauzatzen ez bada.