Telefónicaren egoitza | Argazkia: iStock

EKONOMIA

Saudia Arabia eta Telefónica: funts subiranoen geopolitika

STC eta Telefónica artean gertatutakoak agerian utzi du funts subiranoen garrantzia. Haien jarduna oso zabalduta dago, enpresa estrategikoetan parte hartze handiak lortuz

Urte erdia behar izan du STC Saudi Arabiako telekomunikazio konpainiak Telefónica enpresa espainiarraren akziodun nagusia izateko estrategia garatzeko. Morgan Stanley finantza konpainiaz baliatu ziren arabiarrak kapitalaren % 9,9 eskuratzeko. Egungo akziodun nagusiek, Caixabankek eta BBVAk, ez zuten eragiketaren berri izan eta Telefónicako buruek ere erosketaren atarian jakin zuten gertatutakoa.

Hautsak harrotu ditu Espainiar estatuan, arlo politikoan batez ere, Saudi TeleCom konpainiaren apustuak. Akzioen % 4,9 erosi du eta beste % 5aren jabe izateko aukera du produktu deribatuen bitartez. Aste honetan mugimendu horren berri eman dute eta oihartzun handia izan du. Alderdi politikoen artean harrera ezberdinak ditu eragiketak. Badira merkatuen funtzionamenduaren normaltasunaren baitan kontatzen dutenak. Badira, baina, burujabetzaren aldarria hartuta, kontra azaldu direnak.

Espainiako gobernuak horrelako eskuraketetan beto eskubidea du. Horrela jasotzen du sektore estrategikoen burujabetza babestea helburu duen legeak. Berebiziko garrantzia du Telefónicak, gobernuaren aburuz, segurtasunaren alorrean gakoa delako. Horrelako enpresa baten akzioen % 4,9tik gorako erosketetan gobernuak eragiketa berretsi behar du. Hiru hilabeteko epea du horretarako, baina denbora tarte hori luza liteke eragiketari buruzko informazio gehigarria eskatuta. Espainiar estatuko egoera politikoa ikusita luze jo lezake gobernu berria adosteko prozesuak. Alderdiek adostasun nahikorik lortu ezean abenduan hauteskunde berriak deitzeko arriskua dago, hiru hilabeteko epea gaindituz. Gobernuak informazio gehigarria eskatuta, ordea, prozesua eten egiten da.

Baketsua eta adeitsua behar zuen eragiketak, baina mesfidantza da nagusi. Atzo bertan Telefónicako presidenteak eta kontseilari delegatuak Saudi Arabiara bidaiatu zuten eragiketaz berba egiteko

STC Group eta Telefónicaren arteko harremana ez da berria. Duela hilabete batzuk Big Data eta zibersegurtasunarekin lotutako arloetan aritzeko akordioa sinatu zuten. Bi konpainien presidenteak, José María Álvarez-Pallete eta Mohammed K.A. Al Fasal, GSMA nazioarteko telekomunikazioen enpresen erakundeko zuzendaritza batzordeko kideak dira eta harreman ona izan dute, orain arte. STCk kaleratutako komunikatuan Álvarez-Palleteren taldearen jardun ona goraipatu dute. Administrazio kontseiluan posturik ez dutela eskatuko adierazi dute, momentuz, arabiarrek. Baketsua eta adeitsua behar zuen eragiketak, baina mesfidantza da nagusi. Atzo bertan Telefónicako presidenteak eta kontseilari delegatuak Saudi Arabiara bidaiatu zuten eragiketaz berba egiteko.

Akzioak une honetan erostea, pagotxa

Espainiar estatuan du Telefónicak bere negozioaren muina eta gaur egun operadore nagusia da, Orange eta Más Móvilen arteko fusioa argitu arte, behintzat. Nazioartean hedapen sendoa ere badu. Alemaniako hirugarren operadorea da, Brasilen liderra da, Erresuma Batuan aliantza du Virgin Mediarekin eta Hego Amerikako beste zenbait herrialdetan ere negozio bolumen handia du. STC hedapen fasean dago egun. Afrikan eta Ekialde Hurbilean dagoeneko baditu inbertsioak eta berriki Europako ekialdean telekomunikazio dorreak erosteko akordioa sinatu du. Italia Telecomen zati bat erosteko negoziazioetan ere badabil. Enpresa espainiarraren aldeko apustua, hortaz, hedatzeko estrategiarekin bat dator. Erosteko unea ere aproposa da. Telefónicaren akzioen prezioa ia erdira murriztu da azken lau urteotan eta horrek are gehiago egin du STC Groupen mugimendua.

Espainiar estatuan du Telefónicak bere negozioaren muina eta gaur egun operadore nagusia da, Orange eta Más Móvilen arteko fusioa argitu arte, behintzat

STC Groupen akziodun nagusia bertako estatua da funts subirano baten bidez. Funtsa, STCren kapitalaren % 64 kontrolatzeaz gain, inbertsio zorro oso garrantzitsuaren jabe ere bada. Hala 550.000 milioi euroko aktiboak kudeatzen ditu nazioartean. Kopurua ez da makala, Espainiar estatuaren BPGren ia erdia, gutxi gora behera.

Saudi Arabia honelako mugimenduarekin Arabiar Emirerri Batuen estrategia jarraitzen ari dela pentsa liteke. Egun Emirates Telecommunications Group Company PJSC (e&), estatuak kontrolatutako enpresa, Vodafone konpainiaren kapitalaren % 14aren jabe da.

Funts subiranoak IBEXen nagusi

STCren urratsa Ekialde Hurbileko estatuen erosketa gosearen adibidea baino ez da. Egun 12.000 milioi euroko inbertsioa dute Espainiar estatuko enpresa kotizatuetan, IBEXaren kapitalizazio osoaren % 2,5. Cepsa petrolio etxearen kasuan, esaterako, Arabiar Emirerriek akzioen % 63 kontrolatzen dute. Qatar da funts arabiarren hedapen politikaren beste eragile nabaria. Iberia eta British Airwaysen jabe den IAGren % 25aren jabe da, PRISA taldearen % 4,98 eta El Corte Inglésen % 5,5.

Horrelako funts subiranoek erregaien ustiapenetik eskuratzen dituzte baliabide gehienak. Ezagunenak funts arabiarrak dira, baina Europan bada adibiderik: Norges Bank, Norvegiako funts subiranoa. Euskal Herrian egoitza duten konpainien kasuan Iberdrola da agerikoena. Qatar Investment Authority, estatuak kontrolatutako funtsa, bere kapitalaren % 10aren jabe da eta Norges Bankek % 3tik gorako partaidetza du.