Hego Euskal Herrirako gutxieneko soldata propioa aldarrikatu dute sindikatuek
ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuen ustetan, Espainiako estatuak ezarritako gutxieneko soldata “oso urrun dago” EAEko eta Nafarroako egoera sozioekonomikoa islatzetik
Hainbat sindikatuk bat egin dute gutxieneko soldata propioa finkatu dadin Hego Euskal Herrian. Hala, herri ekinaldi legegile bana erregistratu dute gaur, bai Eusko Legebiltzarrean, bai Nafarroako Parlamentuan. Izan ere, ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuen ustetan, gutxieneko soldatak Hego Euskal Herriko egoera sozioekonomikoa islatu behar du, eta gaur egun Espainiako estatuak ezarritako gutxieneko soldata hori bermatzetik “oso urrun” dagoela deritze sindikatuek. Gaineratu dute gutxieneko soldata “instrumentu politiko sozial eta ekonomikoa” dela, “zeinak murrizten duen pobrezian bizi den biztanle kopurua”.
Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak irailean adierazi zuen EAErentzako gutxieneko soldata propioaren alde zegoela, lurraldeko “errealitate sozioekonomikora egokitutakoa”, eta patronal zein sindikatuei negoziatzen hasteko eskatu zien.
Irailean bertan ELAk aldarrikatu zuen beharrezkoa zela gutxieneko soldata hamalau ordainsaritako 1.795 eurotara igotzea Hego Euskal Herri osoan. Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak esan zuen Espainiatik ezarritako gutxieneko soldatak “ez zuela bizitzeko ere ematen”, azken urteetan igo den arren.
LABek Confebaski dei egin zion, sindikatuaren ustetan hari zegokiolako gutxieneko soldata adostea, “milaka langileren lan- eta bizi-kalitatea hobetzeko”. “1.600 euro gordin hamalau ordainsaritan” aldarrikatu zuen LABek.
Tamara Yague Confebaskeko presidenteak, ordea, uste du gutxieneko soldata “errealitatera egokitzen” dela, duela bi aste eginiko agerraldian adierazi zuenez. Gaineratu zuen Espainiako estatuko soldatak baino handiagoak direla jada Hego Euskal Herrikoak. Hala eta guztiz ere, ez zuen akordiorako aukera guztiz ezeztatu.